MAR. 02 2019 ZAINTZA ERDIGUNERA Bizitzaren eta ekonomiaren oinarrizko osagaia, gizarte azterketatik baztertua Zaintza lanak ikusezinak izan dira denbora luzean. Gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari dira gure gizartean eta horrek egiteke dauden eztabaida asko azaleratu ditu. Gauza batzuen inguruan adostasuna dago: Estatuak izan behar du zaintza sistemaren ardatza, baina komunitateak ere bere lekua izan behar du. Isidro Esnaola Herrero Otsailaren 14rako, “Feminismoa 4.0: Feminismoaren olatu berriaren irakurketa sozial eta politikoak” izenburupean nazioarteko kongresua deituta zegoen Tolosan, Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatuta. Azken unean, ertzik gabeko beste izenburua batekin bataiatu zuten ekimena: “Berdintasuna, gizartea eta etorkizuna. Egungo mobilizazio feministen irakurketa politiko eta sozialak”. Izenak izen, hori bai, aldaketak ez zuen parte hartzaileen gogo-aldartean eraginik izan, are gutxiago hizlarien kasuan. Kongresuko bigarren zatia ekonomiaren alde ezkutuari, zaintzari, alegia, eskaini zioten. Tarte horretako hizlariek, beraien mintzaldietan, alde teorikoak, gogoetak eta adibide praktikoak jorratu zituzten. Horri esker, ekonomia bezalako gai garratza ulergarri egitea lortu zuten. Azken finean, ekonomiaz ari garenean, giza erabakiez ari gara. Zentzu horretan, zaintza lanak nola egiten diren, zeinek egiten dituen, nola ordaintzen diren eta beste, ekonomiaren oinarrizko kontuak dira. Inplizitua eta ikusezina Valentziako Unibertsitateko irakasle Carmen Castrok, ekonomiaren alde ezkutuaren abiapuntua definitu zuen Tolosan. Bere esanetan, «zaintza behar sozialen artean kokatu beharreko oinarrizko osagaia izan arren», ez da modu esplizituan zaintzari buruz hitz egiten. Ematen du esku ikusezin bat arduratuko dela zaintzaz, ezezagun batek egingo dituela lanok. Zaintza lanak gizarte eta ekonomiaren eztabaidatik kanpo kokatu dira denbora luzean zehar. Teresa Torns Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko irakasle erretiratuak, ideia horretan sakondu zuen. Ongizate Estatuan, langileak zaintzeaz familia arduratu da, hau da, emakumeak. «Beharginak nonbait hiltzekotan, lantegietan hil daitezen», gaineratu zuen modu kaustikoan. Tornsen arabera, lan indarraren birprodukzioan osasun sistemak eta irakaskuntza sistemak zeregin batzuk bete dituzte eta emakumeen lanak beste funtzio batzuk, «baino emakumeen lanek ez dute onarpenik jaso. Izan ere, inork ez zuen parte horretaz mintzatu nahi». Dena den, oro har hori horrela izanik ere, Tornsek argitu nahi izan zuen emakumeek etxetik kanpo ere lan egin dutela beti. Adibidez, Katalunian ehungintzako gremioak indar handia zuen eta frankismo garaian lortu zuen ezkondutako emakumeek etxetik kanpo lan egiteko dispentsa. Hala ere, emakumezkoak inoiz ez dira lanaldi osoko langileak izan. Egun ez dela beharrezkoa baimena eskatzea baina «mentalitate berbera» mantentzen dela gaineratu zuen Tornsek. Hori ahalbidetzeko, lanaldi partziala «asmakizun handia» izan zen. Asmakizun horren arrakasta emakume-ama eredua mantentzean datza. Tornsen arabera, lanaldi partzialaren «balio garrantzitsu» bat da, hain zuzen ere, «etxeko lanak ezkutatu» egiten dituela. Era berean, oraindik ere etxeko lanetan «gizonen absentismoarekiko gizarte tolerantzia» oso zabalduta dagoela azpimarratu zuen. Zaintza lanak ikusezinak dira ez delako beraiez hitz egiten, baina baita ere neurtzen ez direlako. EHUko irakasle Isabel Otxoak adibide oso esanguratsua jarri zuen. Saiatu zen zaintza lanen nondik norakoak argitzen, hau da, zenbat pertsona dauden lanean, zenbat kobratzen duten, zer egiten duten. Azkenean, konturatu zen oso lan nekeza zela: estatistikek ez dute apenas daturik eskaintzen. Esaterako, Lanbiden, «oinarrizko okupazio» gisa sailkatuta daude zaintza lanak. Multzo horretan ez dago bestelako azpitalderik; zaintza lan guztiak berdinak dira estatistika organoentzat. Beste edozein lanbidetan, aldiz, espezializazioen sailkapena askoz garatuago dago. Adibidez, erizainen kasuan, dozena erdi bat azpitalde daude aurreikusita. Zaintzaren antolaketa Tornsek zaintzaren berrantolaketari buruz hitz egitea eskatu ziotela azaldu zuen. Hitzaldia prestatzen hastean, baina, konturatu zen zerbait berrantolatzeko aldez aurretik antolatuta egon behar dela. Hori ez da zaintzaren kasua. Hasteko, hortaz, antolaketaz hitz egin beharra azpimarratu zuen. Testuinguru horretan guztiz ezinbestekoa da eztabaidatzea eta zehaztea non kokatzen dugun zaintzaren ardura. Castroren ustez, zaintzaren ardura «publikoa eta kolektiboa» izan behar da. Horrek bi antolaketa norabide irekitzen ditu: Estatuarena eta komunitatearena. Zaintza «oinarrizko eskubide» gisa jaso behar duela Estatuak, «herritartasun kontzeptuaren parte» izan behar duela nabarmendu zuen Castrok. Horrelako definizio batek zerbitzuok merkaturatzeko aukera asko murriztuko luke. Zaintza eskubide gisa aitortzea «gaur egungo pribatizazio joerei aurre egiteko oso lagungarria» litzatekeela nabarmendu zuen Castrok. Adibide moduan Eskandinavia aipatu zuen. Bertan eskubidea da zaintza, eta, horregatik, austeritate politiken eragina Europako hegoaldeko estatuetan baino askoz mugatuagoa izan da. Bestalde, Castrok azpimarratu nahi izan zuen «bizitzaren sostengurako sistema integrala» izan behar dela, eta «esparru publikoetatik artikulatu» behar dela. Esku hartze motak Sistema oso bat izateaz gain, zer motako eskua hartzeak erabiltzen diren zehazteak «berebiziko garrantzia» duela iradoki zuen Castrok. Hiru esku hartze mota ezberdindu zituen. Lehena, Administrazioaren diru transferentziak, hau da, dirulaguntzak ematea. Bere iritziz, laguntzok «eragin negatiboak» dituzte zaintza sistema antolatzeko: diru laguntza ematearekin batera, eremu publikoa nolabait albo batera geratzen da eta zaintzaren inguruko ardura soziala, publikoa eta politikoa urtu egiten da. Bigarren esku hartze tresna zaintza lanetarako baimen tenporalak ematea dela esan zuen Castrok. Baimen horiek ezinbestean «orekatuak« izan behar dira lanaren berrantolaketa laguntzeko. Hau da, modu parekidean eman behar dira zaintza lanak behar bezala banatu ahal izateko; bestela, haurrak izatean ematen diren baimenek, adibidez, sexuaren araberako lan banaketa sakonduko dutela azpimarratu zuen. Hirugarren ardatza, Castroren ustez, «zerbitzu publikoek prestazioak bermatzea» izan behar da, hau da, Administrazioak zerbitzu publikoak eskaini behar ditu. Horrek esan nahi du ahalik eta esparru zabalenera iritsi ahal izatek, zaintza lanek finantzaketa publikoa izan behar dutela, baita gestio publiko zuzena ere. Castrok hiru ardatz estrategikoak definitu zituen esku hartze tresnokin: lehenik eta behin, zaintza desnaturalizatu egin behar dute, hau da, berez emakume lanak diren irudia puskatu behar dute; bigarrena, zaintza lanak merkatuko logikatik ateratzeko balio behar dute; eta hirugarrenik, patriarkatua gizartetik desagertzea bultzatu behar duten neurriak izan behar dira. Bere hausnarketa adibide batekin irudikatu zuen. Umeen zaintzan bi neurri hartu behar dira. Batetik, lehen urteko baimenetan, amatasun eta aitatasun baimenak baldintza beretan eman behar dira, ezinezkoak izan behar dira elkarren arteko denbora transferentziak, eta osoki ordaindu behar dira. Bigarren neurria urte batetik hiru urtera bitarteko haur hezkuntza antolatzea litzateke. Horrelako sistema batek ardatz hauetan eragingo luke: zaintzaren desnaturalizazioa, bizitzaren merkaturatzea mugatzea eta patriarkatua ahultzea. Horrelako sistemarik duen estaturik ez dela esan zuen Castrok. Islandia da gehien hurbiltzen dena. Gainera, zenbait lekutan atzera bidea egiten hasi dira. Esate baterako, Norvegiako gobernu kontserbadoreak 14 asteko aitatasun baimena murriztu nahi du. Kostuaz ez zuen asko hitz egin, baina Estatu espainolerako kalkulatu zuen 2.600 milioikoa izango litzatekeela. Hausnarketarako galderak Saioak, gai teorikoez gain, zaintzaren inguruko hausnarketa asko ere utzi zituen. Esate baterako, Isabel Otxoak planteatu zuen zaintza lanak beste pertsonei zuzendutako jarduera moduan ikusten direla, baina geure buruari beste galdera bat egin beharko geniokeela: nola nahi dugun gu geu zainduak izatea. Ildo horretan, Teresa Tornsek gaineratu zuen uneotan zerbitzu publiko pertsonalizatuetan jartzen dela indarra, baina hor ere tolerantzia mugak egon badaudela eta horien inguruko hausnarketak egitea beharrezkoa dela. Denak ados bazeuden ere Administrazio Publikoak izan behar duela ardatz zaintzaren arloan, Tornsek planteatu zuen esparru horretan komunitatearen esku hartzea ere bideratu behar dela. Esku hartze horrek nolakoa izan behar duen eztabaidagarria dela gaineratu zuen. Hau da, sistema orokor horretan boluntariotzari, benefizentziari edo lan komunitarioari zer motako lekua eman behar zaion egun galdera irekia dela esan zuen. Hizlariek azpimarratu zuten zaintza esplizituki landu behar dela. Zaintza hor dela eta norbaitek egiten duela onartu behar duela gizarteak, baita lanok ordaindu eta banatu egin behar direla ere. Zaintzaren banaketan gizonek eta emakumeek parte hartu behar dutela esatean, belaunaldi ezberdinak ere islatuta izan behar direla nabarmendu zuten. Mendekotasun Legearen injustiziak EHUko irakasle Isabel Otxoak azaldu zituen Tolosan Mendekotasun Legearen gorabeherak. PSOErekin onartu zen, PPk bertan behera utzi zuen eta orain berriz da indarrean. Legeak zaintza familia ingurunean jasotzeagatiko laguntza ezarri zuen. Estatuarentzat arazoa zen zaintzok lan harreman kontsideratzea. Horregatik erabaki zuen dirulaguntza hori zaintza jasotzen zuenari ematea: osagarri bat etxeko langilea ordaintzeko. Nahi denean dena posible dela azpimarratu zuen Otxoak. Ez zegoen lan harremanik baina bai Gizarte Segurantzan alta emateko beharra. Hitzarmen berezi baten bidez egiten zen eta esperientziak argi erakutsi zuen hamarretik bederatzik zaintza lanak aurretik egiten zituztela; alegia, ez zuten lana utzi norbait zaintzeko. Gero, bat-batean, hitzarmenok kendu egin zituzten, milaka emakume kaltetuz. «Emakumeak zirelako» ausartu ziren Otxoaren ustez. Carmen Castrok nabarmendu zuen zaintza lanetarako baimenak «orekatuak» izan behar direla lanaren berrantolaketa laguntzeko, hau da, zaintza «modu parekidean» banatzeko Lanaldi partziala «asmakizun handia» izan zen Teresa Tornsen ustez. Bere arrakastaren parte garrantzitsu bat da, hain zuzen ere, «etxeko lanak ezkutatzeko» balio duela