Rojavako euskal brigada
IRAULTZAZ IKASTEN

Rojavako kurduen esperientzia ezagutzera joandako euskaldunen lekukotasuna

Kurduak eraikitzen ari diren eredu berriaz ikasteko helburuarekin euskaldun talde batek Rojava bisitatu zuen joan den irailean. Bertan, «pertsonak eraldatzeko gai den ideologia» ezagutu dutela kontatu dute. Etika iraultzailea, interes kolektiboa, eta gazteengan eta emakumeengan oinarritutako eredua, alegia.

Abuztu honetan, Euskal Herriko jai giroa atzean utzita, hamahiru gazte militantek Kurdistanerako bidaia egin genuen. Irail amaieran etxeratu ginen, euskaldun gehienak soldatapeko lanean ondo ekinda ziren ordurako. Gogo-barruak astindu dizkigun Rojavan bizitako esperientziaren zertzelada batzuk elkarbanatu nahi genituzke zuekin orriotan. Esperientzia laburra izan zen, hangoaren kontakizun partzial eta subjektiboa izanen da gurea; guk bizitakotik idatzi dugu, hemengo herri mugimendua elikatzea helburu harturik.

Brigada bat antolatu ziguten kurduek, bertan eraikitzen ari direnaz ikas genezan. Komuna internazionalistan nazioarteko askotariko talde bat osatu eta euren ideologiaz, historiaz, antolaketaz eta borroka moldeez klaseak eman zizkiguten, beraientzat pertsona garrantzitsuak zirenen eskutik askotan. Leku interesgarrienetara eraman gintuzten, gurekin egon ziren, gugandik ikasi nahi izan zuten, elkarbanatu eta eztabaidatu. Trukean ezer jaso gabe, eman egiten dute. A zer irakaspena eman ziguten internazionalismoaz; ez da harritzekoa nazioarteko hainbeste militante egotea bertan, ikasten zein borrokan. Ez dute zalantzarik, iraultzak ezinbestean nazioartekoa izan behar du.

Kurdu borrokalarien ideologia sakon eta indartsuak hunkitu egin gintuen. Pertsonak eraldatzeko gai den ideologia daukate, bizia bere alde ematea merezi duen bizimodura bultzatzen dituen ideologia. Gizarte kapitalistak indibidualista, lehiakor, alfer eta pasibo hezi gaituela ulertzen dute. Horregatik da funtsezkoa beraientzat pertsona hobeak izan eta kolektiboan bizitzen berrikastea. Akademietan (eurek sortutako herri eskolak) sekulako indarra jartzen dute, herritar zein militanteek, teoria eta datuak jaso baino, ideologia iraultzailea barneratu eta kolektiboki garaturiko tresnen bidez beren buruak hobetzen ikas dezaten. Etika iraultzailea da beraien izateko moduaren eta eraikitzen ari direnaren oinarrian dagoena.

Militante eredua

Bertako militante figuraren ezaugarriak azpimarragarriak dira. Militante umilak dira, besteen zerbitzuko bizi direnak, lan zail eta gutxietsienak egiteko gertu beti, interes indibidualetatik askatze etengabean, kolektiboarengatik dena emateko prest. Urteetan borrokan egondako militante garrantzitsua entzuteko irrikatan egon eta ez zitzaigun ba, denon platerak garbitzen hasi! Kobaneko gudutik bizirik ateratako militante gutxietako batzuekin pasa genituen egun pare bat, Kobanen bertan. Umil-umil kontatu ziguten gertakari heroiko hura. Kontatzearen eta kontatzeko moduaren garrantziaz ohartu ginen, bizitakoa ondorengoei transmititzeak duen beharrezkotasunaz, ez harrotasun pertsonaletik, ardura eta harrotasun kolektibotik baizik.

Egarri bazara, inguruko denei eskaini behar diezu urez beteriko zure basoa. Denek basotik edan ondoren, bigarren aldiz inor egarri ez dela frogatu ondotik baizik ez du edanen norberak. Otorduetan, ahal bezain azkar jaten dute, gero altxa eta besteei lekua uzteko. Ezin zara edonola jantzi edo egon, beren itxura eta posturak bereziki zaintzen dituzte, ez haien irudi pertsonalagatik, besteekiko errespetuz baizik. Garatu dituzten kode kulturalok badute zentzua, diziplina froga dira, eta, beren buruetara baino lehen, besteen zaintzara daude bideratuta.

Familien etxeetan egin genuen lo. Izan ere, bizitza borrokari emateko, jabetza eta familiari uko egiten dioten kurdu koadroak horrela bizi dira, welat pares (herri babes) familien etxeetan. Koadroak dira iraultzaren motorra, besteentzat dena ematearen, borrokarako sinesmen osoaren, balore etikoen eta horiekiko praktika koherenteenaren eredu. Lehenak jaiki eta azkenak oheratzen direnak dira koadroak, kontzientzia kapitalista deseraiki eta kontzientzia iraultzailearen eramaileak; iraultza hezurmamitzen da eurengan. Hevalti harremana dute euren artean, ez dira lagunak, ez dira familia; kideak dira. Emakume borrokalari batek ez du sekula sentituko interes sexualagatik ari zaiola kidea hizketan. Ez, horretarako aukerarik ez dago, kide baitira. Amets beragatik emanen dute bizia, orpoz orpo borrokatuko dira, dena emanen dute elkarren alde, eta ezer baino indartsuago egiten ditu hori jakiteak. Eurei begira jabetu gara kidetasunean oinarrituriko harremanen sakontasunaz.

Konpromiso maila ezberdinek badute, ordea, lekua estrategia orokorraren baitan. Welat pares familiak dira iraultzaren oinarri sozial militantea, koadroen aterpe eta komunen sustatzaile dira sarri. Saltsa askotan sarturiko familiak, askotarikoak dena den. Baina bada salbuespenik gabeko zerbait; etxean nola hartzen duten jendea. Izugarrizko harrera kultura nabaritu genuen Kurdistanen. Pozarren hartu gintuzten etxeetan, hizkuntzagatik inongo hitzik elkarbanatzerik ez ezin arren, duten onena emanez. Koadroak ikusi genituen etxekoandreekin sukaldean, eta miretsi egin genituen. Hori da benetan jendeari konfiantza eta adibidea emateko modua. Kurduek badakite egiten bezainbat, egoten. Orduak eta orduak pasa genituen tearen inguruan solas ederrean, eztabaidatzen, entzuten, kontatzen, hausnartzen; egoten. Denboraren bestelako kontzepzio horrez blaiturik ohartu gara, egonez egiten dela.

Benetan dakite entzuten kurdu militanteek, ez dute epaitzen, edozein ideia ulertzen saiatzen dira eta bestearen ideietatik abiatuz saiatzen dira beraienak ulertarazten.

Egunetako batean, herritar batek auto istriputxo bat izan zuela eta, halakoetan egin ohi duten antzera, bisitan joan zitzaizkion koadro kurduak. Honetaz eta hartaz aritu ziren kurmanji hizkuntzan, baina, halako batean, itzuli egin zigun batek: «Kritika egin digute, koadro gazteek asko dutela ikasteko eta ez direla lehengoak bezain onak». Halaxe azaldu zigun jarraian: «Izugarri garrantzitsua da guretzat kritika gaitzaten; kritiketatik ikasten dugu eta horri esker egiten dugu hobera. Beharrezkoak ditugu kritikak eta izugarri eskertzen diegu kritikak egitea».

Euskal Herrian kritika ulertzeko eran okertuta gaudela ikusi genuen. Kurduek egunero hartzen dute tarte bat autokritikarako, kritikak elkarbanatzeko; militantziarako ezinbesteko tresnatzat daukate tek mil deituriko tartea, etika iraultzailean egunero sakontzea eta iraultzarako eraginkorragoak izatea ahalbidetzen die. Beraien jarduna hobetzeko oparitzat hartzen dituzte kritikak.

Jaiak eta auzo-harremana

Basurreko mendialdean iragan genuen Pirosbe jai musulmanaren eguna. Bizipen indartsuko eguna izan zen guretzat. Egunero legez bostetan jaiki eta kanpamenduan kirola egin ondotik (duten diziplinaren adierazgarri), bazkarirako ahuntzetako bat zer-nolako maitasunarekin hil zuten ikusi ahal izan genuen, azken asteetan gure artean izandako ahuntzetako bat hain zuzen ere.

Ondoren, kurdu militanteen tradizioa jarraituz, inguruko herrixketara etxerik etxe zorionak ematera joan ginen. Etxe guztietako ateak jo genituen, bat bera ere bazterrean utzi gabe, izan islamista erradikalen zein herritar behartsuen familia, denekiko zuten kontsiderazio betearen lekuko izan ginen. Esku zabal egiten zieten harrera herritarrek, goxokiak eta edaria eskainiz. Inguru horretan, denak ez zeudela horien alde erran ziguten, baina begirunea nabari zitzaien herritarrei begiradan, militanteek tentu handiz landuriko harremanaren lekuko.

Rojavako komuna batera eraman gintuzten goizean sentitu genuen zenbaterainoko iraultza den egiten ari direna. Rojavan auzo batekoa bazara, komuna baten partaide bihurtzen zara. Auzoko asanbladak egiten dituzte, hilabetean behin. Bi ordezkari dituzte, emakume eta gizon (kolehendakaritza dago egitura guztietako maila guztietan). Ordezkariak auzoko etxe guztietatik pasatzen dira, banan-banan, herritar bakoitzaren egoera ikusiz, bakoitzaren behar eta nahiak jasotzeko. Hasi egoera ekonomikotik haurren heziketaraino, dena erabakitzen da asanbladan. Lana eta bizitza antolatzen dute kolektiboan, denek eta denen onerako hartzen dituzte erabakiak. Gatazken kudeaketarako, markoak sortzen dira; bi aldeak entzuten dira, ulertzen saiatzen da, ondotik, inguruko guztiak entzun eta herritar marko zabal batek erabakitzen du nola eman konponbidea arazoari.

Komunetako bi ordezkariak, eskualde mailako asanbladetara joaten dira, beste auzoetako ordezkariekin eta horrela maila ezberdinetan, behetik gorako antolaketa erreala gorpuztuz. Emakumeek, komuna ez mistoak dauzkate paraleloki, hots, emakume bakoitza komuna ez misto eta mistoko partaide da aldi berean. Antolaketa hain ona izateaz gain, formakuntza maila altua ere nabaritu genien ezagutu genituen komunetako ordezkariei.

Iraultza

Kurduek, gaur egun, ez dute helburutzat estatu independente bat sortzea. Kapitalaren berme eta antolaketa formatzat dauzkate estatuak. Bestelako gizarte antolaketa bat dute, beraz, kapitalismoa suntsitzeko bidetzat. Kurdistango Langileen Alderdiak komunen gizarte antolaketa hau, lur azpian prestatu zuen. Une egokia iritsi zenerako, egiturak eratzeko prest zeuden, eta horrela izan da Rojavako gizarte iraultza posible, isilpeko lanketa sakon eta estrategikoari esker.

Armen ulerkera ezberdina darie kurduei: ez dute iraultza armei esker lortzea planteatzen, iraultza defenditzeko dituzte armak. Argi dute eraiki dutena defenditzeko prest izan behar dutela une oro. Horregatik eratu dituzte, komuna egiturarekin batera, HPC Gizartearen Defentsa Unitateak, noren aurka eta nola borrokatu erabaki ahal izateko.

Denak dauka zentzu bat, zentzu berean doaz eta indartsu dira, antolaketa hain onari esker. Hierarkiaren beharrezkotasunaz kontziente, konfiantzaz eta umiltasunez bizi dute. Ardura handiagoko pertsonak egon behar direla argi dute, eta miresmen eta errespetua zor zaiela. Hain argi dituzten helburuak betetzeko, onena dute nahi; interes indibidualak alde batera utzi eta kolektiboarentzat onena bada, pertsona hark edo norberak bete dezan postua, hala egiten dute, kolektiboagatik. Kargu pisudun batek berdin-berdin eginen ditu etxeko zaintza lanak, herritar batek berdin-berdin egiten ahalko dio kritika.

Gazteak eta emakumeak, ardatz

Gazte eta emakumeen iraultza da Kurdistangoa, hala erran eta hala dihardute. Gazte zein emakume egiturak estrategiaren baitan ari dira lanean, autonomoak dira eta mugimenduaren abangoardia osatzen dute. Kurduek, sistema kapitalista gizon helduaren boterean eratuta dagoela ulertzen dutenez, argi dute zapalduenek, hots, gazte eta emakumeek dutela sistema hau iraultzeko potentzial gehien. Ezin da Ekialde Hurbileko emakumeen egoera, erdigune inperialistako emakumeenarekin konparatu. Kurdu borrokalarien ideologia eta bizi eredu berria izugarrizko aldaketa ari da izaten kulturalki hain zapalduak izan diren emakume kurduentzat. Gizonekin lanketa izugarria egiten da, gizarte patriarkalean hazi izanaren eraginez dituzten kontzientzia eta jarrera zapaltzaileak aldatzeko.

Mala jin edo “emakume etxeak” eratu dituzte auzoetan. Edozein arazo izanez gero, horra jo dezakete emakumeek, bertan lanean diharduten emakumezkoekin elkartu eta denen artean arazoari konponbidea emateko.

Horrez gain, jin war edo “emakumeen herriak” harritu gintuen izugarri. Tratu txarrak jasaten dituzten emakumeei, gerrak kalteturikoei, ezkontzara behartuta dauden neska gazteei, edozein egoera larri bizi duten emakumeei, alternatiba erreal bat ematen zaie, babestuta izan eta euren bizitzak berregiteko leku bat, eta ez edozein leku.

Emakumeak kolektiboki bizi diren herrixka da, emakumeen jakintzak berreskuratzeko lekua ere izanen dena: amek haurrentzat antolaturiko hezkuntza, emakumeen aspalditiko jakintza izan den medikuntza (sendabelarrak...), nahi dutena ikas dezaten akademia, sekula bainatu ahal izan ez diren emakumeentzat igerilekua... eta nola ez, baratze komunala, bertatik jan dezaten. Bizitza kolektiboa dute askabide. Kurdistango emakumeek, ez dute emakumeen borroka askapen pertsonal bezala ulertzen, borroka komunitate osoaren baitan baizik.

Zientziarekiko oso ikuspegi ezberdina dute gugandik. Zer eta zertarako jakin nahi duten egiten dute hausnar. Bizitza hobetzeko balio dienak gorpuztuko du euren zientzia. Euren sinesmenek eta sinesmenok kontatzeko erak balore etiko jakinak transmititzen dituzte, eta baloreok daude eraikitzen duten guztiaren oinarrian. Esaterako, jineoloji edo “emakumeen zientzia” da garatzen ari diren adar garrantzitsu bat. Emakumeek emakumeen ikuspegitik eginiko zientziak balio die, mundua beste era batera ulertu eta bizitzeko.

Raqa eta Tabqatik pasatzean, lur jota utzi gintuen emakumeak goitik behera beltzez tapatuta ikusteak, begitartea baizik ikusten ez zitzaiela: «Orain hiru urte ez zen horrela, baina Estatu Islamikoaren menpe egon da hiria, eta, jada askatu badugu ere, kostako zaigu egoerari buelta ematea».

Milaka hildako

Hilerrietan milaka hildako. Hain gazte, hainbeste, borrokan hildako gudariak, gerrak hildako herritarrak, guztiak sêhîd-ak (martiriak izendatzeko beraien hitza, saminez baino miresmenez zipriztindua). Familiarrak astero joaten dira hilerrietara. Doluminak transmititu nahian hurbiltzean, «sêhîd ne mirin» erranaz luzatu ziguten eskua, hau da, “martiriak ez dira hiltzen”.

Beraien hildakoek ez daukate biktima kutsurik. Horrez gain, dolua ez dago senideen min indibidualari loturik, borroka indar kolektiboari lotuta baizik ezin da ulertu. Egon garen leku guztietako paretak zeuden sêhîd edo gudarien argazkiz estalirik. Denen ahotan daude gudariak, miresmen eta maitasunez goraipatuak. Ondorengoen harrotasun eta borrokarako indarra dira, bizi arrazoi eta eredu. Martiriak ez dira hiltzen ez, bizi-bizirik daude bizi direnengan.

Emakume bat negarrez garrasika ikusi genuen behin kanpamentuan. Hiru seme-alaba hil zitzaizkiola borrokan erran ziguten, eta etsipenez gerra madarikatzen ari zela pentsatu genuen, zalantza izpirik egin gabe. Ondoren, baina, egin zigun itzulpena ondoan geneukan kurdu lagunak: «Adinagatik gerrillan sartzen uzten ez diotelako ari da negarrez, borrokatu nahi duelako aritu da garrasika». Berriz ere miretsi ditugu. Dena ematen duten pertsonak direlako da hau posible.

Hilko dira, besteengatik hilko, borrokan hilko, ez dakite etorkizunak zer opa dien. Baina oraina borrokan bizitzeak merezi du, beraiek, behintzat, ez dute dudarik. Rojavako herri antolaketari begira, emakumeei begira, mendietako kurduen zorion sakonari begira, merezi du.

Ez dakigu, Ameriketako Estatu Batuek laguntza kendu dieten honetan, Turkia eraso bizian duten eta inguruko estatuak aurka dauzkaten honetan, zer gertatuko den. Baina badakigu kurduek borrokatzea merezi duenagatik borrokatzen jarraituko dutela. Horrela esaten ziguten behin eta berriz, konbentzimendu osoz, herritar xumeek zein kargu goreneko militanteek: «Gure herria askatuta, zuena askatuko dugu». Baina gu, zer egiteko prest gaude gure zein euren herriagatik?