Adimen artifiziala baita hezkuntzan ere
Dudarik ez dago Adimen Artifiziala (aurrerantzean AA) modan dagoen hitza denik. Hamaika arlotan aipatzen den hitza dela, behintzat, ezin ukatu. AA etxean, lantokian, autoan, osasunean, aisialdian… Gure bizitzaren horrenbeste esparrutan agertu behar badu, jakin beharko dugu, hasteko, zer dagoen bi hitz horien atzean.
AA izaki bizidunen prozesu arrazional eta deduktiboak egiteko makina batek duen gaitasuna da. AAren helburu nagusia makinek gaurdaino gizakiek soilik burutu ahal izan dituzten betebeharrak betetzean datza. AAren aztertze-eremuen artean daude, besteak beste, hizkuntzaren tratamendua, robotika, ikusmen artifiziala, ezagutzaren adierazpena edota sistema adituak.
Eta AAk zuzeneko eragina izango badu gure bizitzaren horrenbeste arlotan, hezkuntza-munduan hasiera-hasieratik integratzea eta erabiltzea behar-beharrezkotzat jotzen dugu. Errealitateari erreparatuz, baina, hezkuntza-munduan ez da, oraindaino behintzat, aldaketa nabarmenik sumatu; egungo eskola gehienek duela 50 urtekoen antz handiegia dute. Hezkuntzaren arloaz ari garela, AAk ikastea norberaren beharretara egokitzea ahalbidetuko luke. Erronka nagusia ikasle eta irakasleentzat onurak lortzea litzateke.
AA hezkuntzan duela 30 bat urte erabili zen lehenengoz, aritmetikako hainbat trebetasun irakasteko diseinatutako sistemetan, akats komunak identifikatu eta bideratzea posible eginez. Duela gutxi, konputazioaren potentzia merkatzeak, algoritmoen garapenak eta eskuragarri dauden datuen hazkundeak tresna berriak eta sofistikatuagoak garatzea ahalbidetu dute. Egin ezin ez ziren gauzak egiteko gaitasuna dago orain. Posible da, adibidez, ikasleak bere ikaste-prozesuan aurrera egiteko jarraitu behar dituen pausoek zein izan behar duten iragartzea. Irakasleei ere ondo etortzen zaizkie datu horiek, ikasleei laguntza gehiago eskaintzeko.
Badaude AAk erraz interpretatzen dituen gaiak, matematika, esaterako, erraz ulertzeko arau multzoak jarraitzen baititu. Thinkster Math eta Carnegie Learning konpainiak dagoeneko garatzen ari dira matematika ikasteko aplikazioak. Beste gai batzuetan, aldiz, sorkuntza idatzian, kasu, zailagoa da arrakasta lortzea, irizpide subjektiboagoak eskatzen baitituzte.
Hizkuntzaren irakaskuntzak ere jaso ditu dagoeneko AAren onurak. Duolingo doako aplikazioak, ikaste automatikoko tekniketan oinarritutakoak, 33 hizkuntza ikasteko aukera eskaintzen du. Duolingok nahiko datu bildu du dagoeneko eta gai da jakiteko noiz aurkeztu behar dion kontzeptu berri bat ikasleari, hark ezagutzen duena kontuan hartuta. Aplikazioak integratu berri du elkarrizketa bat jarraitzen duen programa informatikoa, zeinak erabiltzaileari hizkuntza berri bat praktikatzeko aukera eskaintzen dion.
Teknologia desberdinetan lanean diharduten ikertzaile gehienek diote AA oraindik ez dela nahikoa hurbildu giza irakasleek dituzten gaitasun guztietara. Ezin dugu soilik AAz fidatu. Ordenagailuak oso onak dira gauza batzuetan, hala nola datuak biltzen; beste gauza batzuetan, aldiz, irakasleak dira hobeak, ikasleak motibatzeko orduan kasu. Datuak aztertuz, laguntza eskaini ahal izango zaio irakasleari jakiteko nola ari den lanean ikaslea zeregin batean.
Baina datu horiek guztiak biltzeak ez ote du urratzen ikaslearen pribatutasuna? Badaude eskolak Txinan non, adibidez, 30 segundoero aurpegiaren ezagutza-teknikak erabiltzen diren, ikasleak arreta mantentzen ari diren ala ez egiaztatzeko. Badira AA eskoletan integratzeko ekimen gehiago ere; Cozmo izeneko maskota adimenduna edota musika sortzeko Amper aplikazioa, kasu.
Baina AAren azpian dauden teknikak ez badira ikastetxeetan integratzen eta erabiltzen, egungo ikasleak ez dira etorkizunean gai izango haren onurak bizitzaren beste esparruetan ere aprobetxatzeko. Has gaitezen, bada, eskolatik bertatik AAko sistemak baliatzen. •