MAR. 30 2019 infraganti MATEO LAFRAGUA Mateo Lafraguak abiadura jaisteko errepideetako oztopoen inpaktua aztertu du, batez ere anbulantzien trasladoetan eragiten dituzten minei eta arriskuei erreparatuta. Neurri zehatzen zain, kontzientzia eta eztabaida piztu ditu jada. Bereziki eskertzen du Stop Accidentes elkarteak emandako erantzuna: «Bide segurtasuna guztientzat da edo ez da». Nerea GOTI Paraje ederrez inguratutako ia 2.000 biztanleko udalerria da Artziniega, eta bereziki ederrak ditu alde zaharra eta frontoia. Arabako ipar-ekialdean, Euskal Herriko mugan bertan dago, herrixkez inguratuta. Ohikoak dira bertan errepide estuak eta bihurgune askokoak, eta ibilgailuei abiadura motelarazteko jarritako goraguneak aurkitzeko ere ez da urruti joan behar. Artziniegan bizi da Mateo Lafragua. Duela lau urte errepideetan hain ohikoak diren oztopoen kontrako borroka hasi zuen. Larrutik ordaindu zituen gaixotasun larri batekin anbulantzian joan eta muin txiki horien gainetik pasatzearen ondorioak. Giltzurruneko transplante bi izan ditu, eta lehen pertsonan jasan behar izan zituen oztopook ospitaleko joan-etorrietan. Bidaietako batean, anbulantzia oztopo baten gainetik pasatzean Lafraguaren egoera desegonkortu egin zen. «Nahiko txarto nindoan eta goragune batean txarrago jarri nintzen. Anbulantzia gelditu eta egonkortu egin behar izan ninduten; ez nuen arnasa ondo hartzen. Erabaki nuen zerbait egin behar nuela», gogoratu du. Profesionalekin eta gaixoekin hizketan baieztatu zuen berea ez zela kasu isolatua. «Tibia apurtuta izanik jasanezina da elementuon gainetik pasatzeak eman dezakeen mina, politraumatismo batekin berdin.... Lasaigarrien eraginpean egonda ere ez zara minaz libratzen», azaldu du Artziniegakoak. Ia ikerketarik ez Egoera ikusita, azterlan bat egitea erabaki zuen Lafraguak. Horretarako, besteak beste, instituzioekin, bide segurtasuneko adituekin, larrialdietako teknikariekin zein RAC, DYA, Gurutze Gorria eta Osakidetzako ordezkariekin jarri zen kontaktuan. Dialisia hartzeko joan-etorrietan esperientzia txar gehiago ere izan zituen Lafraguak, batzuk odola eragiterainokoak. Kontuan izan behar da arriskua handia dela inpaktu bakoitzean, dialisi saioetan ohikoa baita arterian sastada izatea eta mugimendu gogor bat nahikoa izan baitaiteke odoletan hasteko, GAUR8ri azaldu dionez. DYAren laguntzarekin bideo bat grabatzeko aukera izan zuen. Bertan ikus daiteke nola oztopoen gainetik pasatzean profesional, gaixo eta osasun ekipoak alde batetik bestera mugitzen diren. Larrialdietara heltzen ziren lagunak ere elkarrizketatu zituen. «Erabat desorientatuta heltzen ziren adinekoak aurkitu nituen, saihetsa apurtu ostean sedatuta joan arren sekulako sufrimendua jasaten zutenak adibidez. Abortu bat izan zuen emakume bat ere ezagutu nuen, frogatu gabe badago ere oztopoak eragin zuen… Datu eta egoera ezberdinak pilatu nituen», gogoratu du. Artziniegarrak oztopoetatik igarotzeko anbulantziek behar duten denbora ere kalkulatu zuen. «Hamar segundo inguru behar dituzte oztopoko. Pentsa infartu kasu batean minutu bat galtzeak hiltzeko arriskua %10 areagotzen duela. Bada, infartu baten eta bideko oztopoen konbinazioak erabaki dezake gaixoa ospitalera bizirik helduko den edo anbulantzia garaiz helduko den edo ez», azaldu du. Errepideetako oztopoak oinezkoen segurtasunaren izenean defendatzen dituzte askok. Honakoa planteatzen du Lafraguak: «Zebra-bide normal batean auto batek oinezko bat 40 kilometro orduko abiaduran harrapatzen badu, inpaktua normalean belaunen altueran jasotzen da eta oinezkoa autoaren kapotaren gainean erortzen da. Aldiz, zebra-bidea altxatuta badago oztopo bat jartzeko, inpaktua sabelaldean jasotzen du oinezkoak, oso zauri larriak jasanez. Gainera, oinezkoa ibilgailuaren azpian erortzen da. Beraz, nor ari gara babesten?». Araudi eta txosten berriak Azterketaren ondorioak Gasteizko Legebiltzarrean aurkeztu zituen Lafraguak. Aho batez onartu zuten, eta konpromiso bat lortu: EAEko goragune guztiak aztertuko zituen ikerketa bat martxan jartzea. Lafraguak gogoratu duenez, hain adostasun maila handia lortu ostean, Osakidetzak txosten bat egin zuen larrialdietako sarbideetan zentimetro bateko goragunerik ere ez jartzeko gomendatuz. «Bada, herri honetan ospitale bat berak ere ez du hori betetzen. Gurutzetan, larrialdietako sarreraren ondoan bertan dago oztopo bat, eta, Urdulizen, ospitale berrienetakoa izanagatik, hamazazpi koska daude!». Goraguneen gaineko araudi berri bat ere badago EAEn, ospitaleetako bide nagusietan goragunerik ez jartzea eskatzen duena. «Urrats bat da. Diputazioek sinatu dute jada, baina Eudelek ez», zehaztu du Lafraguak. Gasteizko Legebiltzarrean orain aste batzuk egin du azken agerraldia Lafraguak. Sari bat ere jaso du Estatu espainolean, “Ponle Freno” izenekoa. Komentatu duenez, baina, arazo handia da «abiadura moteltzeko goraguneak paisaiaren parte» bilakatu direla jada, eta, ondorioz, «atzean dagoen arazoaz» jabetzea kostatzen dela. «Lehen ez zen kuestionatu ere egiten, orain debatea dago gutxienez», gaineratu du artziniegarrak. EAEko arartekoak ere aztertu du gaia. Lafraguari berari esan zion pentsatu baino askoz gehiago lortu duela. Herritarrek, gorabideak eskatzean, dituzten alde on eta txarrak ezagutzen dituzte orain, eta askok ez dute eskaerarekin aurrera jarraitzen. Bide Segurtasuneko fiskal nagusiarekin ere hitz egin du. «Ezagutzen zuen azterketa, eta esan zidan araudia betetzen ez duen goragune bat oztopo bat dela bidean, eta, beraz, salagarria eta zigorgarria dela». Horrez gain, Estatu espainoleko autonomietako fiskalei ofizioz jarduteko aginduko ziela esan zion, baina «oraingoz ez da emaitzarik ikusten». Euskal Herritik kanpoko egoeraz galdetuta, Lafraguak dio elementuon kopurua ia %70 gutxiagokoa dela Europan. Europar Batasunak larrialdi egoeretan arazoak sortzen dituztela onartzen du, eta estatuen esku uzten du nola jokatu. Hori bai, oro har Europan ohikoagoak dira errepideak estutzeko lanak, asfaltatze bereziak... Ikastetxeen inguruetan, gainera, oztopo inteligenteak jarri ohi dira, hau da, abiada handiagoarekin altxatu edo gogortzen direnak. «Kasu horretan anbulantziek inhibitzaile bat erabil dezakete. Hala ere, ni neu radarren aldekoagoa naiz», aipatu du. Eredu gisa, hori bai, Eskandinaviako herrialdeak jarri ditu: «Izugarrizko inbertsioa egiten dute. Ikastetxeetan, gainera, bide segurtasunaz, errespetuaz, arriskuez... hitz egiten dute». Lafraguaren borroka ez da amaitu. Organo donazioari esker dago bizirik egun eta hori eskertzea du borrokan jarraitzeko beste arrazoietako bat. Lafraguak bideoz grabatu zuen DYAko anbulantzia baten bidaia. «Oztopo bat igarotzean, osasun langileak alde batetik bestera doaz eta pazienteak salto egiten du» Gasteizko Parlamentuak aho batez onartu zuen azterketa bat egitea. Osakidetzak txosten bat egin zuen, baina ez du ospitale bakar batek ere betetzen. Urdulizkoan, hamazazpi koska daude