APR. 06 2019 BAIONAKO ATXILOTZE ESPARRUKO MEMORIA HISTORIKOA BERRESKURATUZ Baionako Polo Beyris auzoa bertan 1939etik 1947ra egon zen atxilotze esparrua eraistean sortu zen. Egun etxeak eta parkeak dauden tokian espainiar Estatuko errefuxiatuak, soldadu afrikar eta alemaniarrak, eta kolaboratzaileak izan zituzten preso. Elkarrek esparruko historia ezagutzera emateko liburua argitaratu du. Idoia ERASO Garai gatazkatsua zen Polo Beyris auzoko esparrua ireki zenekoa; gerrak, diktadurak, armistizioak, epaiketak, okupazioak... ziren nagusi, eta horren erakusle da Baionako gunea. Lehenik 1936ko Gerra bukatuta Estatu espainiarretik ihes egindako errefuxiatuak hartu zituen guneak; gero, II. Mundu Gerrako nazien okupazio garaian, kolonietako frantses soldaduak; ondoren, alemaniarrekin kolaboratu zuten inguruko biztanleak; eta, azkenik, gerra preso gisa hartutako soldadu alemaniarrak. Datu zehatzak lortzea ezinezkoa bada ere, guztira 9.000 pertsona inguru izan zirela kalkulatzen da. Historia gogorra eta gure memorian atxiki beharrekoa. Polo Beyris Esparruko Memoriaren Aldeko Kolektiboko Michele Degorce, Philippe Durut, Claire Frossard eta John Gusek idatzi dute, “Polo Beyris, un camp oublié à Bayonne, 1939-1947” (Polo Beyris, esparru ahantzia Baionan, 1939-1947). 2012an kolektiboa sortu eta urte eta erdira argitara emandako liburuxka abiapuntu hartuta, urteetako lanaren ondoren argitaratu da orain liburua. Gunean izan ziren lau esparru ezberdinen historia jaso dute hitz eta irudi bitartez, bibliografia osatu batekin eta 25 eranskinekin. Zifrak, datak, presoen izenak eta jatorriak, irudi ikonografikoak... ere bildu dituzte. Garaian aberatsen etxeek inguratzen zuten esparruak lau garai administratibo izan zituen. Esparru bilakatu baino lehen polo zelaia zena, Estatu espainiarretik ihesi heldutako pertsonak biltzeko gune bilakatu zen 1939an, gerraren azkenetan. Bi trenetan Baionara heldutako 600 errefuxiatuak biltzeko tokia izan zen otsail eta irail artean. Herriko Etxeak ez zekien hainbeste jenderi aterpea nola eman, eta lizeo bat egiteko erosia zuen eremura eraman zituen. «Bertan eraikin bat eta zalditegiak zeuden. Gunea itxi eta eta haurrak, emakumeak eta adinekoak bertan sartu zituzten, ez zen gizonik. Izan ere, gizonak, lan esparruetan edo Languedoceko hondartzetan zituzten. Bi haur jaio ziren eta hogei bat heriotza ere izan ziren, ia denak haurrak», azaldu du Degarce baionarrak. Irailean berriz ere trenetan sartu eta Estatu espainiarrera igorri zituzten. «Hortik aurrera gertatu zenaz ez dakigu ezer, joan zirela dioten artxiboak dauzkagu, baina hortik goiti fitsik ez, mugara heldu zirela dioten dokumenturik ere ez dugu. Beharbada beste aldeko artxiboetan zerbait bada», esplikatu du idazleak. Bigarren garaian polo zelaia konfiskatu eta esparru bilakatu zuten. Alemaniarrek, kolonietako soldadu presoak lanean jarri eta 60 barrakoi inguru eraiki zituzten, inguru guztian heziak jarriz eta puntetan behatokiak; esparruari “Frontstalag 222” izena eman zioten. 1940an hartu zituen lehen presoak, 1944ko agorrilean ateak ireki eta denak kanpora atera ziren. 4.000 eta 5.000 pertsona inguru izan ziren tarte horretan esparruan, gehien-gehienak magrebtarrak ziren, baina Saharaz hegoaldeko kolonietako eta Frantziaren mendeko beste herrialde batzuetako soldaduak ere baziren tartean. Presoak lan egitera behartzen zituzten, eta, hala, gehienak Landetara eramaten zituzten arbeitskommandos izeneko taldeetan, egurra moztera. Beste batzuk Hendaiako geltokira eramaten zituzten, Espainia frankistak Alemania naziari ematen zion burdina, ikatza... tren batetik bestera lekualdatzeko. Baldintzak oso txarrak ziren, janaria urria eta eritasunak nagusi ziren presoen artean, bereziki tuberkulosia. 1944an soldaduei ateak ireki eta biharamunean bertan, alemaniarrekin kolaboratu izanagatik salatutakoak sartu zituzten preso, 800 bat pertsona, 1945eko buruilera arte. «Kolaboratzaileek epaitegi eta komisioen aitzinetik pasa arte itxaroten zuten esparruan. Kondena txikiak zirenean, Baionan gelditzen ziren, eta, luzeagoak zirenean, aldiz, Gurseko esparrura bidaltzen zituzten», azaldu du baionarrak. Azkenik, 1945eko apiriletik 1947ra preso alemaniarrak izan ziren esparruan. Ondoren, gerra presoen arazoa konponbidean jarri eta Alemaniara itzuli ziren gehienak. «Baionan gehien sufritu zutenak gerra preso alemaniarrak izan ziren. Genevako Gurutze Gorriko artxibategietako argazkietan baldintza ikaragarrietan ikus daitezke: kontzentrazio edo sarraski esparruetako presoak dirudite», laburbildu du liburuaren sorkuntzan parte hartu duen Guse historialari estatubatuarrak. Handik gutxira esparrua eraitsi zuten, eta ez zen inolako oroitzapenik gelditu. Herriko Etxeak lur eremuak hartu eta etxez, parkez, kirolgunez... osatutako auzo berri bat eraiki zuen. Ezezagutzaren arrazoiak Milaka pertsonen bizigune izan zen atxilotze esparruaren memoria historikoa berreskuratzeko lanak ia zerotik abiatu behar izan zituen kolektiboak. «Baionako esparruaren historia oso ezezaguna da. Frantzian dauden beste esparruei buruzko liburuak idatzi izan dira, baina hau guztiz alde batera utzia izan da. Liburuan jasotako datuak guztiz berriak dira, baita historialarientzat ere», nabarmendu du amerikarrak. II. Mundu Gerran aditua den Gusen ustez, ezezagutza horren arrazoiak hiru ataletan banatzen dira. Lehenik, norbanakoekin lotutakoak daude: «Preso izan zirenek edo ez zuten gogorik pasatutako sufrikarioa kontatzeko, edo, salbuespen gutxi batzuk kenduta, ez zitzaien aukerarik eman». Bigarrenik, arrazoi politikoak daude, 1960an Estatu frantsesaren eta Alemaniaren arteko hurbilketa eman ostean, «ez baitzuten gerra presoez hitz egiteko gogorik». Euskal politikarien nahiak ere izan du eragina: «Gaia ezkutatu egin da, nire ustez, naziekin kolaboratu izanagatik bertan atxilotuta egonkako maila guztietako jendea zegoelako». Azalpen historiografikoa ere eskaintzen du Gusek: «Esparruez ikerketak egin ziren 1990 inguruan, baina bereziki holokaustoarekin eta juduen deportazioekin izan zuten lotura ikertu zen. Baionako esparruan, aldiz, ez zen horrelakorik izan». Izan ere, 1942an atxilotutako juduak zuzenean Bordelera igorri zituzten, eta handik Auschwitzera edo beste sarraski esparruetara. Baionako atxilotze esparruak ezaugarri bereizgarri bat izan zuen ikertuak izan diren edo inguruan diren beste esparruekin alderatuta: lau garai administratibo izan zituen. Hiriaren barnean bertan, aberatsen etxeez inguratuta, polo zelai bat zen tokian kokatuta izatea ere izan zuen bereizgarri. «Normalean bakartutako lekuetan izaten ziren atxilotze esparruak. Horregatik ere bada berezia hain ahantzia izatea», nabarmendu du Gusek. Arrazakeria eta xenofobiarekin loturiko beste arrazoi batzuk ere bihurtzen dute berezi Baionako esparrua. 1938an eta 1939an Gobernu frantsesak “gizatxar” gisa definitu zituen errefuxiatu austriarrak, espainiarrak... Jean Ybarnegaray baxenabartarra 1930ko hamarkadan politikari garrantzitsua izan zen, eta, Vichyko Gobernuaren garaian, ministro. Bere influentziaren ondorioz, “gizatxarrak” Biarnoko Gurseko esparrura igorri zituzten. «Bera izan zen Baionan 1939an ziren errefuxiatuak Espainiaratuak izatearen erantzuleetako bat. Eskuin eta eskuin muturreko joera bazen gurean, eta ez zuten ‘horrelako’ jenderik nahi Euskal Herrian», azaldu du historialariak. Nahiz eta herritarren beste parte handi batek kontrako ikuspegia izan. «Errefuxiatuak laguntzen zituzten, umezurtzak etxean hartu... Bien arteko nahasketa ematen zen, baziren ere abegi ona zutenak errefuxiatuekin, bereziki euskaldun eta espainolekin». Alemaniar okupazioaren garaian ere izan ziren Baionako esparrua berezitu zuten ezaugarriak. “Frontstalag” izeneko beste esparruetan ez bezala, kolonietako soldadu presoak ziren bertan. Hastapenean soldadu preso denak Alemaniara eraman zituzten, baina kolonietakoak (afrikarrak, martinikarrak...) ez zituzten nahi, bereziki arrazoi ideologikoengatik, hau da, arrazakeriagatik. Informazio iturriak eta laguntza «Hasieran testigantza anitz izan genituen. Adibidez gizon zahar bat etorri zen, taxi gidaria, oroitzen zena, tarteka, Baionako geltokira alemaniarrak heltzen zirela, preso izan ziren eremua ikustera etorritakoak», azaldu du baionarrak. Mercedes de Orriols aurkitzea zorte handia izan zela ere gaineratu du, haurra zela bertan izan baitzen eta garaiko zuzeneko testigantza eskaini baitzien liburuaren egileei. Lekukotzak ugariak dira lanean, esparruak izandako lau garaietakoak gainera. Besteak beste, kolaboratzaile izateagatik atxilotu eta gero libre utzi zuten gizon batena, edo preso izandako soldadu alemaniar batena, gerra bukatzean bertan gelditu eta barnealdean bizi dena oraindik, bertako emakume batekin ezkonduta. Euskal Herritik kanpoko lekukotzak ere jaso dituzte, anitz Landetan, arbeitskommandos lan taldeekin lotuta. Martinikako Jean Theodore Barnebougleri buruzko informazioa ere eskaini zuen Saint Martin de Seignanx herriko bikote batek. Urrunagoko zenbait jende ere izan da liburuaren egileekin harremanetan Internet bidez. Miloud Ben Hadj marokoarraren semea den Thar Elmahoubik, adibidez, Baionan 1941eko urtarriletik irailera preso egon zen aitaren ibilbidearen berri eman zien. Hamidou Bounatiro aljeriarraren bizitzaren berri, aldiz, Mohamed Bounatiro semeak eman zien. Baiona eta Paueko artxibategietan ikertzen bi urte egon ziren liburuaren egileak. Guse Parisera joaten zenean, bertako artxibategietan ere biltzen zuen informazioa. Testigantzez gain, zenbait jendek dokumentuak ere eman zizkien, informazio iturri garrantzitsu bilakatuko zirenak. Prentsan argitaratutako artikuluetara ere jo zuten informazio bila, “La Gazette de Biarritz”, “Le Sud-Ouest Republicain” eta “Eskualduna” agerkarietan besteak beste. Kolektiboaren sorrera Baiona eta Angelu artean kokatutako Polo Beyris auzoaren historia agerraraztea zuen xede 2011n sortu kolektiboak. Paueko Erresistentzia Museoko Jean-Claude Male izan zen bultzatzailea, eta horrela sortu zen Polo Beyris Esparruaren Memoriaren Aldeko Kolektiboa. Hainbat elkarte eta norbanako bildu ziren egitasmora eta, lehen momentutik, talde lana izan zen, iturri ezberdinetatik dokumentuak, argazkiak, irudiak eta testigantzak biltzeko, eta historialari, unibertsitario eta historiazaleekin harremanetan jartzeko. Baionako Herriko Etxearen finantzazioarekin lehen liburuxka bat argitaratu zuten 2012an. Inolaz ere ez da orain kaleratu berri den liburua bezain lan mardula, baina lehen urrats gisa garrantzitsua izan zen. Hasieratik dinamikaren parte den Degarcek orduko egoera azaldu zuen: «Kontuan izan behar da dokumentu hori argitaratu aitzin urte eta erdiz soilik aritu ginela lanean. Geroztik lanean jarraitu dugu eta gauza askoz gehiago aurkitu ditugu». Liburuxka argitara eman zenean, ordura arte eskuratutako informazioaren bilduma aurkezteaz gain, iturri gehiago lortzeko deia egiteko baliatu zuten aukera. Bada, horri esker, testigantzak eta mota guztietako dokumentuak eskuratu ahal izan dituzte. 2012an lehen liburuxka aurkeztu zuten egunean, bezperan bertan informazio berriak lortu zituztela aitortu zuten, euren ekarpena memoria historikoa ezagutzera emateko lehen urratsa besterik ez zela nabarmenduz. «Lehen liburuxkan ia ez zegoen ezer jasota kolaboratzaileak preso egon ziren denboraz, geroztik egin dugun ikerketa lan handiari esker baina, lau garaiak ongi dokumentatuak dira», nabarmendu du baionarrak. Askoz lan mardulagoa da, eremu gehiago hartu dituztelako informazio iturri gisa. Liburuaren ezaugarrietako bat, bibliografia ugaria da; horrela, ikerketa sakonago eraman nahi dutenei horretarako tresnak eskuragarri eman nahi izan dizkiete egileek. «Liburuak bertako historia kontatzen du, beraz, bertako jendearentzat interesgarria da, lekukotasun eta argazki anitz dituelako. Baina detaile anitz ere badira, erreferentziak, artxibategietako datuak... Adituentzat interesgarriak izan daitezke horiek», nabarmendu du Gusek. Degarcek, bigarren lana «historikoagotzat» jo du, «doitasun zientifiko gehiagorekin egina izan baita». 2012an lehen liburuxka aurkeztu ostean, zenbait pertsona elkartu ziren argitaratu berri den liburua egiteko. Horietatik lau buru belarri aritu dira lanean, bi, gainera, sortzetik beretik dira kolektiboko kideak: Giza Eskubideen Ligako kidea eta historia irakaslea den Degarce, eta Euskal Herriko Giza Eskubideen Defentsako Claire Frossard. Gerora batu zitzaien Philippe Durut “Retours vers les Basses-Pyrenees” blogeko idazlea. Azkenik, liburuari lan historiko-zientifikoen zorroztasuna emateko jakituria eskaini du Gusek, historialaria eta American School of Paris ikastetxeko zuzendari ohia. Hainbat unibertsitatetan aritua, Hirugarren Reichari buruzko doktoretza egin zuen Gusek, eta artikulu ugari argitaratu ditu II. Mundu Gerraren inguruan. Parisen erretreta hartuta, Ipar Euskal Herrira etorri zen bizitzera. Bere ekarpena horrela azaldu du: «Bi gauzetan lagundu dut, artxibategietan egin bilaketetan eta bibliografia edo oin-hitzak formateatzeko unean». Degarcek, berriz, honela azaldu du egindako bidea: «Parte hartzea txikiagoa izan da azkenerako, baina gu laurok denbora anitz eman dugu. Bi urtez Baiona eta Paueko artxibategietan dena begiratzen egon gara. Beste batzuk ere lagundu gaituzte, baina bakoitzak bere bizitza du eta gu erretretan gaude. Liburua urte askoko lanaren fruitua da». Esparrutik preso alemaniarrak atera eta gutxira, dena eraitsi eta ez zen inolako oroitzapenik gelditu. Herriko Etxeak lur eremua hartu eta auzo berri bat eraiki zuen: etxez, parkez, kirolgunez, dendaz... betetako Polo-Beyris Elkarrek atxilotze esparruaz argitaratutako liburuak datu berriak azaleratu ditu. Esparruaren historia bereziki da ezezaguna: Estatu frantseseko beste guneei buruz liburuak idatzi izan dira, baina Baionakoa alde batera utzia izan da Lekukotasun ugari jaso dituzte, baita Euskal Herritik kanpokoak ere, bereziki presoak lanera eramaten zituzten Landetakoak. Maroko eta Aljeriako bi lagunek ere parte hartu dute: beraien aiten bizipenak kontatu dituzte Esparruaren gaineko egungo ezezagutza azaltzeko, arrazoi politikoak, historiografikoak eta pertsonalak ere aipatu ditu John Guse egileak. Presoetako askok, adibidez, ez dute interesik izan bertan bizitako sufrikarioa gogora ekartzeko