GAUR8 - mila leiho zabalik

Katedral bat


Batzuek sua gogoratuko dute, baina nik euria entzuten dut. Euria kristalen kontra. Eta trumoiak urrunean. Iluntzea zen Donostian, etxe barruko argiak piztu edo ez zalantza egiten den trantsiziozko aldi hori. Ez egun eta ez gau. Edo eguna eta gaua, biak aldi berean. Telebistako esatariak bere onetik aterata ziharduen, zuzenekoaren bertigoan hitzak ahotik amiltzen zitzaizkiola, beste hedabideek esandakoa errepikatuz, lekukoei galderak antsiaz eginez, une historiko bat kontatzen ari zenaren aurpegiz, unearen historikotasuna azpimarratu nahian, histeria historikoak jota akaso, une hori historiko zerk egiten zuen ulertu gabe beharbada. Nik ere ez nekien zer zen begiak pantailan euliak autoko kristalean bezala itsatsi zizkidana; zerk eman zidan buelta barruan. Su hura Notre Dameko sabaia irensten, beirateen atzeko garren goria, suhiltzaileen ur xirripa ahulegi eta meheegi hura sutara isuria. Ni jaio aurretik mendeak mugitu gabe zeramatzan katedral hura nire begien aurrean kiskaltzen, garrek mastekatua, eta euria gupidagabe munduan, ezer gertatuko ez balitz bezain axolagabe.

2001eko irailaren 11 ezagun harekin oroitu nintzen; ikastolara itzuli aurretik bazkalondoan etxeko sofan egiten nuen kuluxka errutinazkoa apurtu zuten hegazkin horiek New Yorken. Eta nola gertakari hark, irudi haiek benetan zuten esanahia ulertu gabe bueltatu ginen ikasturteko bigarren astearte hartara. Sentsazio berak estutu zuen nire eskua besaulkiko heldulekuan; helduleku bila nabil, akaso beti ibiliko ginen heldulekuren baten bila; sinesmen bat, erlijio bat, ideia bat, balio sistema bat, zerbait, sute batek suntsituko ez duena; gu iristerako hemen egongo den zerbait eta gu joandakoan ere zentzua emango diona hemen egon izanari. Agian horregatik ez dut Notre Dameko sutea oroitzen, euria entzuten dut kristalen kontra lehertzen. Eta ez da katedralaren sabai errea barruak jiratzen dizkidana, munduaren axolagabekeria baizik.

Bizitza ziurtasunen bilaketa dela pentsatu izan dut batzuetan. Iritsiko dela egun bat ingurura begiratu eta denari zentzua hartuko dioguna, beti egon behar genuen leku horretara iritsi garelako. Baina gero oroitzen naiz altxatu eta erori diren inperioekin, esan eta isildu diren hizkuntzekin, gurtu eta urtu diren jainkoekin. Hau, esaterako gure haurtzaroko paisaiaren parte zen: tailerrak eta fabrikak; bide-gurutzeak eta olio eta pneumatiko usaina. Zapateri. Orain ez da izan zenaren arrastorik apenas geratzen.

Beti ziurtasunen bila, baina inguruan gehiago dira zero-guneak betiereko katedralak baino. Garai zailak dira seguru bizi nahi duenarentzat. Monumentuak hautsak hartu, erre eta erori egiten zaizkigu begien aurrean. Eta momenturo gabiltza pausua nola eman asmatu nahian, pausu bakoitza zalantzan jarriz, pausu bakoitzak gu ere zalantzan jarriko gaituelako. •