GAUR8 - mila leiho zabalik
Interview
Irene Sarrionandia
Mendi korrikalaria

«Nire adinean mendian korrika ibiltzeak bizipoza ematen dit»

Badira 40 urte mendian zehar korrika hasi zela. Mende erdiarekin Zegama-Aizkorri lasterketan parte hartu zuen lehenengoz, eta 70 urterekin mendi lasterketa gogorrenak egiten jarraitzen du.


Duela 40 urte mendira korrika igotzea otu zitzaion. Eta gustatu. Orduan ez zuen inor korrika ikusten mendian gora eta behera. Ez zegoen horrelako lasterketarik inguruan. Handik denbora batera, 50 urterekin, izena eman zuen Zegama-Aizkorri lasterketaren bigarren edizioan. Eta beste hamar egin zituen jarraian. Aurten hamabosgarrenez korrituko du Izaban ospatzen den Camille Extreme mendi lasterketa. Irene Sarrionandia da Izabako lasterketako edizio guztietan parte hartu duen korrikalari bakarra.

Anbototik gertu sortu zen Irene Sarrionandia, Zornotzako Oromiño auzoan. Gaztea zela, Irakasle ikasketak egiten zituen garaian igo zuen lehenengoz Durangaldeko mendi tontorra. Gaur egun sarritan joaten da, eta korrika igotzen gozatzen du. Anboto eta Andutz, Pirinioak eta beste hainbat mendi hartu ditu hitzetik hortzera Deban bizi den korrikalariak.

70 urte ditu, eta gogotsu hartu gaitu Deban, Itziarrera bidean etxekoek daukaten baratzean. Mendiaz, kirolaz, osasunaz, lasterketez eta aurrera egiteko gogoaz aritu gara berarekin, eta inguruko mendiei so eginez gozatu dugu arratsalde ezin atseginagoa. Berak egunero kirola egiten du, eta osasuntsu bezain gogotsu sumatu dugu. Bere ilobak egindako “Aurrera” dokumentalean bezain gertuko, jator eta itxaropentsu sumatu dugu.

Badira 40 urte mendian korrika zabiltzala, zelan hasi zinen ba?

Izango dira, bai, 40 urte. Oso gauza naturala izan zen. Beti errepidean ibiltzen nintzen, asko. Debatik abiatuta leku guztietara joaten nintzen. Hemendik Ondarroara ere bai. Eta halako baten Itziarrera igotzen ari nintzela Andutz mendia ikusi nuen, eta nire buruari galdetu nion: zergatik ez naiz sekula Andutz mendiraino joan? Egun horretan buelta hartu beharra neukan, denbora kalkulatuta izango nuen ziurrenik, baina hurrengorako utzi nuen. Eta horrela atera nintzen etxetik, errepidetik joan beharrean beste bide batetik Andutz gailurrera joan nintzen. Sekulako deskubrimendua egin nuela iruditu zitzaidan. Harrezkero errepidea utzi eta mendiari ekin nion. Bideak ikasten hasi nintzen, nondik dagoen garbien ikasten duzu, udaberria bada eta sasiz beteta badago bide hori negurako utzi, euria ari badu beste bide batzuk topatu...

Orduan ez zen jende askorik ibiliko mendian korrika, ezta?

Ez. Nik ez daukat gogoan beste inor ikusterik hemen bertan. Denbora batera hasi nintzen entzuten bazirela lasterketak, mendian egiten zirenak. Gezurra dirudi egun hainbeste lasterketa izatea, herri guztietan egiten dira, eta modalitate ezberdinetakoak: umeekin, familia artean, bikoteka, bakarka… Egun horren gauza arrunta izanda, ezin daiteke sinetsi duela 40 urte horrelakorik ez egotea.

Are gutxiago, emakumeak.

Emakumezkoak, mendian, bakarrik. Hori zer zen! Niri ere eragiten zidan zeozer. Ez beldurra neukalako, baina jendearen komentarioek ere eragiten zidaten.

Bideoan ikusi dugu 50 urterekin egin zenuela lehenengoz Zegama-Aizkorri lasterketa.

Data ez daukat gogoan, baina horrela izango da, bai. Gogoan dudana da zelan lagun batek kontatu zidan mendiko lasterketa bat egin zuela, maratoia eta Aneton. «Anetora? Eta arineketan gainera? Gustura egingo nuke horrelako bat nik ere, beste sasoi bat edukiko banu». 50 urte izango nituen, eta pentsatzen nuen: «50 urterekin emakume bat zelan hasiko da Anetorekin ametsetan». Inbidia ematen zidan, eta hori gustura egingo nukeela pentsatzen nuen. Hurrengo urtean, ez zuten lasterketarik egin, arazo batzuk tarteko. Eta ordukoa da Zegama-Aizkorri lasterketaren hasiera.

Lehendabiziko edizioan ez nuen parte hartu, pentsatzen nuelako nire adina ez zela egokia horretarako. Nire nebak egin zuen ordukoa, ni baino 15 urte gazteagoa denak. Eta berak argi esan zidan: «Hik hori egingon!». Senarrak ere animatu ninduen, eta proba batzuk egiten hasi ginen. Aldez aurretik lantzea erabaki genuen eta nire nebarekin Zegamara joan nintzen. Dena berdin-berdin egin gabe, ia lasterketa osoa egin genuen proba gisa. Zegamatik atera eta Oltzaurteraino, gero handik Aizkorrira ere bai, Urbiara jaitsi gero eta han kilometro batzuk egin gabe utzi, baina beste tontorrak eginaz egin genuen proba. Zeozer egin gabe ere, ondo moldatu ginen Joseba eta biok. Gustura geratu nintzen egindakoarekin, eta bigarren edizioan izena eman nuen. Orduan ez zen arazorik izaten izena emateko. Heldu zen lasterketa eguna, eta sei ordu eta hogei minutuan amaitu nuen proba.

Gerora hainbat urtetan egin zenuen Zegama-Aizkorri lasterketa.

Bai, hainbatetan, eta denbora beti antzekoa. Sei ordu eta hogei minutu inguru gehienetan, onena sei ordu eta hemezortzi minutu. Urte baten, oso eguraldi txarra egin zuen, elurra ere bai, elur oso txarra, eta zazpi ordu eta erdi egin nituen. Azkena sei ordu eta berrogei minutuan egin nuen.

Guztira 11 ediziotan parte hartu nuen, denak jarraian. Eta azkenean nik erabaki nuen gehiago ez joatea. Proba baino hilabete batzuk lehenago urduri jartzen hasten nintzen, ea ondo prestatuta ote nengoen, desnibela nahiko landu ote nuen, hau eta beste. Buruan buelta asko ematen nion, eta ikusten nuen oso urduri jartzen nintzela. Ez neukan horrela sufritzen egoteko beharrizanik. Eta egun baten gehiago ez joatea erabaki nuen. 11 edizio egin osten utzi nuen Zegama-Aizkorri.

Izabako Camille Extreme lasterketarekin jarraitzen duzu oraindik. Aurten hamabosgarren aldiz egingo duzu.

Izabakoa ezberdina da. Lekua asko gustatzen zait. Pinudiak ere ez dira hemengoak bezalakoak, garbiagoak dira. Larreetan ardiak ikusten dituzu. Eta asko gustatzen zait Ezkaurre mendia zelan igotzen den ere. Pagadiak ere badaude, eta niri asko gustatzen zait bertan korrika egitea. Aldapa handiak daude, sekulakoak. Bideoan ere ikusten da han nola batek animatzen nauen, “fenomena!” oihukatuta. Jende asko egoten da animatzen. Itzela da. 31 kilometroko proba da, eta 2.000 metroko desnibela du. Hamalau eginda dauzkat dagoeneko, eta uste dut, ezer txarrik ez bada, aurtengoa ere amaituko dudala. Egin diren edizio guztietan parte hartu dut.

Zer ematen dizu zuri kirolak?

Kirolak osasuna ematen dit. Fisikoa eta mentala. Nire adinean mendian korrika ibiltzeak bizipoza ematen dit. Bukatzen duzunean zeinen gustura ibili naizen baloratzen dut. Lau ordu edo zortzi ordu egin ostean, nekatuta baino oso-oso gustura beti. Oso pozgarria da.

Osasun aldetik ere laguntzen didala uste dut. Eliteko kirola ez dakit oso osasuntsua den, gorputzari asko eskatzen zaio. Baina nik egiten dudana oso ederra eta ona dela iruditzen zait.

Nolako prestakuntza egiten duzu zuk?

Egunero aritzen naiz, baina ez beti korrika. Gaur ere adibidez, bizikletaz aritu naiz. Debatik Mutrikuko Kalbariora joan naiz, eta han bizikleta utzi eta mendira pare bat aldiz igo naiz, oinez. Gero, berriz bizikleta hartu eta Lastur aldera joan naiz, eta basoko bideetatik itzuli naiz herrira. Ia bi ordu egin ditut horrela.

Eta bihar hobeto banago, korrika arituko naiz, ordu bat edo bi. Astean egun pare batez bizi-bizi ibiltzen naiz. Azkar. Gorputza apur bat behartzen, egurra ematen. Asteburuan, berriz, irteeretako bat luzea egiten dut. Mantsoago ibiliz baina kilometro gehiago eginez. Bizikletan egun pare bat egiten ditut astero, eta beste egun pare baten kiroldegira joaten naiz; multifitness egiten dut han.

Osasuna beti izan duzu lagun?

Bai, orain arte ez dut izan arazo handirik. Behin, orkatilan min handia hartu nuen, eta beldur nintzen ea apurtu edo okertu nuen… baina arineketan segi eta lasterketa amaitu nuen. Minduta izan nuen bi-hiru hilabetez, baina ez nintzen gelditu. Ez dut gauza larririk izan. Izan nuen minbizia ere, baina ez zen larria izan. Ebakuntza bat egin zidaten, baina ezer ere ez. Handik lau egunera oinez ari nintzen, eta laster hasi nintzen korrika. Minbiziarekin ari nintzela, sesioak hartzen, behin esan zidaten makina hondatu egin zela eta bi egunetan ez joateko. Hori baliatu eta eskiatzera joan ginen, Gavarnie aldera.

Alabarekin ere aritzen zara entrenatzen, eta lasterketa batzuetan.

Bai. Hasieran ni nintzen aurretik joaten zena, eta bera niri segika. Orain bera da ni baino hobeto dabilena, eta esaten diot aurretik joan eta bere kasa joateko. Baina gustuko du nire martxan jarraitzea. Bi ume ditu eta urte batzuetan ezin izan du nirekin ibili, baina orain berriz martxa hartu dio eta gustura aritzen gara biok.

Hemen baratzean ere sartuko dituzu ordu batzuk.

Ortuko lanak egiten ditut hemen, egonean egon ere bai, irakurtzen eta. Goizean ordu pare bat korrika eginez gero, leku atsegina da arratsaldea pasatzeko, luzaketa batzuk egin, tai txi ariketak… Denetarik egiten dut hemen.

 

Irene Sarrionaindiari buruzko “Aurrera” dokumentala, mundu osoko jaialdietan ikusgai

Bilboko Mendi Film jaialdian eskaini ostean, sarean da ikusgai Irene Sarrionandiaren ibilbidea laburbiltzen duen “Aurrera” dokumentala. Bere iloba Mikel Peña Sarrionandiak filmatua, gertutik jarraitzen du izebaren kirol ibilbide oparoa. Gertuko zein urrutiko irudi ederrez hornitua, izebak aurrez aurre kontatu zizkion Mikeli mendian korrika aritzeko grina eta pasioa. «Anboton gora korrika drone batekin grabatutako irudiak Kanadako jaialdi batean ere erabili dituzte, eta pozgarria da hori», kontatu digu Irenek berak.

Eta GAUR8rako egindako elkarrizketan jasotako pasarte batzuk ere ikusiko dituzu dokumentalean. «Fenomena!» esaten dioten pasartea gogoratzen du berak, eta benetan ikustekoak dira Izabako Camille Extreme mendi lasterketako irudiak ere.

Behin baino gehiagotan deitu izan diote telebistatik elkarrizketak egiteko, edo toki ezberdinetan hitzaldiak emateko, baina berak nahiago du, apal, bere txokoan lasai-lasai jarraitu. Inguruan korrika. Pirinioetan gozatzen. Edo familiarekin oporretan. Horregatik pozgarria da GAUR8ko irakurleei hitzok eskaini izana, bere bizitza laburbiltzen duen elkarrizketa honetan aletu dituen gogoetak partekatzea, bere ilusioak eta ametsak arratsalde eguzkitsu batean kontatzea.

Nazioarteko hainbat zinema jaialditan ikusi da “Aurrera” dokumentala, eta Izaban antolatzen duten Ukerdi film festibalean lehen saria jaso zuen iazko abenduan. Baina munduan ere hainbat jaialditan parte hartzeko aukera izan du. Italiako Palermo eta Milanoko festibal entzutetsuetan –Sport Film Festival eta Milano Montagna Festival–, Peruko Inkafest ezagunean edota udazkenean Ingalaterran egingo den Kendal mendiko filmen jaialdian.

Mikel Peña Sarrionandia errealizadorearen lanak, bere izebaren bizipenak kontatzeaz gain, Euskal Herriko mendietako irudi ederrak eta Zegama-Aizkorri edota Camille Extreme mendi lasterketetako giroaren berri ematen digu. Orain Naiz.eus atarian (GAUR8) ere ikusgai dago zazpi minutuko iraupena duen dokumentala, Irene Sarrionandia korrikalariaren berri mundu guztiak izateko.

 

Aurrera (Keep Going) from Mikel Peña Sarrionandia on Vimeo.