Koldo Sagasti

Desobedientzia garaile

Guztion ahotan dabil kontua. Hautetsontziekiko lau urtean behineko hitzordurako hogeita lau ordu eskas falta direla, hauteskunde mahiak osatzeko larri dabiltza Araban. Izan ere, Espainiako Kongresu eta Senaturako bozketak Prudentzio Deunaren egunean bertan izango dira, eta deialdiak talka egiten du, ez saindu txizatiarekiko balizko debozioarekin, baizik eta herrialdean aspalditik errotutako tradizio sakratu batekin: apirilaren 28ko jaieguna maiatzaren 1ekoarekin kateatu eta oporralditxoa egitekoa. Gauzak horrela, probintziako biztanleriaren zati handi batek desobedientzia zibileko ariketa masibo eta espontaneo bati heldu dio, zaindariaren zubiarekiko zitari ez huts egitearren.

Milaka hiritar ezkutuan ibili dira, hauteskunde mahia osatzeko jakinarazpenak banatzen dituen funtzionarioak txirrina jotakoan, atea ez irekitzeko. Beste askok hamaika trikimailu asmatu dituzte, dela gaixotasun agiri bat dela lehengusu baten bataioa, betekizun demokratikotik salbuetsita geratzeko.

Hainbesterainokoa izan da boto emate prozesuarekiko jarrera intsumiso orokortua, udaltzainak ezorduetan eta pizza banatzailez mozorrotuta ere ibili omen direla azken egunera arte atez ate zitazioak banatzen. Halaxe kontatzen zen, behintzat, hiriburuko solastokietan; prentsa lokaletik hasita eskolako gurasoen Whatsapp taldeetara.

Behingoagatik gehiengo zabala bat etorri da hauteskunde deialdi batean... demokraziaren festarako gonbidapena errefusatuz. Bozen emaitza edozein delarik ere, azken deialdi honek agerian utzi duena zera da: inork gutxik ematen dio zilegitasuna partitokraziako sufragio sistemari, eta, norbaitek irabaztekotan, desobedientzia atera da garaile. •