Itzea Urkizu Arsuaga

Paperfiliaz

Liburuaren Eguna pasatu berri den honetan, aitor dezadan paperfilia puntu bat badudala. Liburuen barrunbeak usaintzen ditudala, eta gozagarriagoa zaidala orrien ukimena eta haiek tolesteko eta haietan idazteko aukera, gailu elektronikoen praktikotasuna baino. Beharbada horregatik, denborari partida irabazten dioten liburuz josita ditut apalategiak.

Esango nuke, ez dela norbere bakardadean plazera sentitzeko itxaron-zerrenda bat baino. Autoreen teoriekin haserretu edo maitemintzekoa, edo fikzio zenbaitekin eta gure bizitzarekin hibrido bat egin nahi izatekoa. Izan ere, nor ez da maitemindu literatur pertsonaia batekin?

Gero konturatzen zara, paperaz harago, fikzioak bere-berea duela limurtze gaitasun hori, eta zeure burua ikusten duzu, “Game of Thrones” telesailaren asteroko dosiaren zain, atezuan; kontraesanen lapiko erraldoitik zanga-zanga edanez. Zeren bai, akaso gaindosi mediatikoa jasaten ari gara ditxosozko tronu demaren dantzarekin. Baina, tira, “Game of Thrones”-en korrontera batzea bezain mainstream izan daiteke telesaila ikusten ez duzula publikoki azaltzea. Iritzia eman beharrak bizi gaitu aspaldian.

Ni ere haserretu nintzen lehendabiziko denboraldian, hasierako haria gizonezko pertsonaiek bakarrik mugitzen zutela jabetu nintzenean, eta gorputz biluziak emakumeenak bakarrik zirela ikusi nuenean. Gerora, ordea, pertsonaien rol banaketa garatu dela ikusi dut: garaipen gose, buru hotz eta autoritate handiena dutenak Cercei, Sansa eta Daenerys izango dira beharbada, eta Jon Snowk xalotasunetik bizi du bere lehia, ingurukoak zaintzeko irabazi nahi du. Bai, Jon Snowrekin ere maitemindu nintzen.

Iritzia eman beharrak bizi gaitu eta, hain justu, horretarako prestatutako txokoa da honakoa. Gaurko hausnartze eta biharko erabakitzeek, baina, ez naramate fikzioa aipatzera beste inora. Hori dute tronuek, demek, paperek eta filiek. •