MAY. 04 2019 IKUSMIRA HAUTESKUNDEAK ETA MOJAK Juan Carlos Ruiz | FOKU Amagoia Mujika Telleria Gure bizitzak hauteskundetan kontatu ahal dira; nolako kanpaina, nola bozkatu genuen, norekin, nori, ospatzeko motiborik izan zen edo ez... horren arabera ere idatz daiteke norbere biografia. Aurreko mendeko eta honetako hauteskundeek partekatzen dituzte zenbait osagai. Izan ere, zenbat hauteskundero garbituko ote dituzte gortina horiek? Zenbat hauteskundero aldatu beharko lirateke telebistako analistak? Eta, zalantzarik gabe, mojak dira beste osagai mugiezina. Beti, beti, beti agertzen dira hauteskunde egunetan. Pentsatzekoa da garai batean tropelean joango zirela eta taldea gero eta eskasagoa dela kopuruz. Baina beti agertzen dira eta nondik gatozen gogorarazten digute, nora goazen erabakitzeko gogoa areagotuz. Jainkoaren nahia eta legea beteko dituzte agian, baina badirudi bestelako nahiak eta legeak ez dituztela hain otzan betetzen. Salatu dutenez, moja batek bere zaintzapean dauden bi adinekoren boto papera nahi erara aldatu zuen hauteskunde egunean, haien borondatearen kontra. Bai, PP alderdiaren alde. Amen.