JUL. 20 2019 GAUA, GAUEZKOENTZAT Gero eta jendetsuagoa da Ataungo Gau Ibilaldi Mitologikoa, gaua gauezkoentzat izan arren, jakin-mina pizten duelako egunezkoen artean ere. Joxe Miel Barandiaranek bildutako istorioek bizia hartzen dute basoan barna; ahozko transmisioaren hariari magiaz tira eginez. Jon URBE | FOKU Amagoia Mujika Telleria Ataungo Gau Ibilaldi Mitologikoak zortzigarren edizioa osatu du aurten –iazkoa bertan behera geratu zen eguraldiagatik–. Mila eta berrehun pertsonatik gora, bi taldetan banatuta, Ataungo basoan barna ibili ziren gauez, hiru kilometroko bidean. San Gregorio auzotik herriko plazara, hiru bat orduko esperientzia magikoa. Ataun Gipuzkoako herririk luzeena da, 14 kilometroko luzerarekin. Gau Ibilaldi Mitologikoa osatzen duten hiru kilometroak ezin dira ohiko neurriz neurtu. Bereziak dira, beteak, aspaldiko kontuak eta betirako geratuko direnak erakusten dituzte. Lastargiz eta kriseiluz argitzen den bideak espero ez duen tokira darama bisitaria. Errekan eserita lamiek harrituta begiratzen dute normalean bakartiak diren bazter horietan pilatutako jendea. Eta Tartalo ere aztoratuta dabil, hainbeste begi bere gainean iltzatuta egoteak haserrarazi egiten du. Sorginek ere egonezinez begiratzen diote jendearen joanari eta akerra sekulakoa begitantzen da iluntasun magiko horretan. Izan ere, gaua gauezkoentzat da, baina egunezkoak ere jakin-mina izan eta eguzkia begira ez dagoenean zer pasatzen den ikusi nahi du. Horregatik edo, urtez urte arrakastatsuagoa gertatzen ari da Jentilbaratza Kultur Elkarteak Barandiaran Museoaren laguntzarekin antolatzen duen Gau Ibilaldi Mitologikoa. Hasieran ez bezala orain sarrerak behar dira parte hartzeko –doakoak dira– eta datua esanguratsua da: sarrerak sarean eskuragarri jarri eta berrogei minutuan agortu ziren. Baina, tartean, sarea erorita egon zen hogei minutuz, bigarren minutuan seiehun pertsona aldi berean saiatu baitziren sarrerak lortzen. Hortik kontuak atera zer-nolako oihartzuna lortzen ari den ekimena. Lehen urtean txanda bakarrean laurehun bat lagun bildu ziren. Bigarren urterako, berriz, bi txanda antolatu zituzten, seiehun bat lagun guztira. 2015. urtean, artean sarrerarik gabe, 1.400 lagun gerturatu ziren bi txandatan banatuta. Horregatik erabaki zuten antolatzaileek sarrerekin hastea eta bisitarien kopurua mugatzea. Esanda bezala, aurten zortzigarrena izan da eta hirugarren Mitoaldiaren barruan kokatu da. Euskal mitologiaren inguruko hamar eguneko aldia izaten da Mitoaldia eta hori ere Barandiaran Museoak eta Jentilbaratza elkarteak elkarrekin antolatzen dute. Herritarren borondatezko lana Gau Ibilaldi Mitologikoan berrehun ataundarretik gorak parte hartzen du. Horietatik 110 inguru aritzen dira aktore lanean, eta, gainontzekoak, atzeko lanean. Sei hilabete luzeko prestaketa lana dago ibilaldiaren atzean, guztia borondatezko lana. Gidoia prestatzen hasten dira. Urtero, gidoi desberdina izaten da, betiere Joxe Miel Barandiaranek bildutako materiala oinarri hartuta. Atrezzoa prestatzen ere sekulako lana dago eta benetan mozorro ikusgarriak ikus daitezke. «Dena herritarren artean egiten dugu. Ez dago profesionalik. Handik eta hemendik hartzen ditugu ideiak, Interneten begiratuta, eta ahal bezala moldatzen gara. Makillajean ere lan handia dago. Aktoreak ere ez dira profesionalak, herritarrak dira, eta entsegu asko egiten dituzte. Egia esan sekulako lana dago atzean, herritarrak asko inplikatzen dira eta emaitza bikaina izaten da», azaldu du Eneko Amundarainek, Jentilbaratza Kultur Elkarteko kideak. Ibilaldia bera ez da erraza azpiegiturari begira, basoan barna prestatu behar baitira eszenatokiak eta argiak. Eta horretarako ere badaude herritar mainosoak Ataunen, lana fin egiten dutenak gau hori hain magikoa izan dadin. Magiatik eta xarmatik harago, helburu jakina dauka Gau Ibilaldi Mitologikoak. «Joxe Miel Barandiaranek sekulako lana egin zuen Ataunen bertako ipuinak eta istorioak jasotzen. Bera buru izanik, herriko beste batzuk ere aritu ziren harekin bilketa lanean. Beraiek jasotako hori zabaldu nahi dugu, ez dadin ahaztu. Eta helburu horrekin antolatzen dugu ibilaldia», azaldu du. Ataun ahozko tradizioaren, ipuinen, kondairen eta mitoen aparteko sehaska da, benetan aberatsa. «Hasiera batean pentsatzen nuen hori horrela zela Joxe Miel hemen jaioa zelako eta berak biltzeko lan hori egin zuelako. Baina gero eta gehiago jakin, konturatu naiz Ataun oso berezia izan dela alderdi horretatik. Joxe Miel jaio zenean, Ataunen ia Erdi Aroan bezala bizi ziren, Bilbon zubi zintzilikaria zuten eta Parisen Eiffel dorrea eraikitzen ari ziren garai berean. Ataun denboran harrapatuta bezala zegoen eta sukaldeko giroa, ipuinen giroa, oso bizirik egon da denbora askoan. Uste dut bi aldagaiak elkartu direla hemen, Barandiaran bera eta giro hori. Horri eskerrak, sekulako aberastasuna daukagu Ataunen», gaineratu du. Amundarainen ustez, «gure arbasoek sekulako garrantzia ematen zioten mitologiari, inguruan zituzten gauzak esplikatzeko zuten era hori zelako. Gure ustez sinismen horiek oso garrantzitsuak dira orain gu zein garen azaltzeko eta ulertzeko». Hurrengo hitzordu handia azaroan izango Ataunen, bi urtez behin egiten den Jentilen Etorrerarekin. Sarrerak hilabete lehenago egongo dira eskura. Azken urteotan bisitarien kopurua mugatu behar izan dute. Aurten, 1.200 lagun izan dira bi txandatan banatuta. Atzetik berrehun ataundar baino gehiagoren borondatezko lana dago Gau Ibilaldi Mitologikoak basoan barna hiru bat kilometroko ibilbidea marrazten du. Bidean, Joxe Miel Barandiaranek bildutako istorioek bizia hartzen dute. Guztia, iluntasun ederrak jantzia