AUG. 03 2019 IKUSMIRA UDA GAZAN: UMEAK, MORTEROEN BONBAK JASOTZEN Said KHATIB | AFP Jose Angel Oria Palestinako herritarren eskubideak ez dira munduko agintarien gailurretan inoiz aztertzen, asko egiten badituzte ere. Eta egoera gero eta ustelagoa da. Sei urteko ume bat ere etsaitzat hartzen dute soldadu okupatzaileek eta aurki Qais Firas Obaiden aitak esplikazioak eman beharko dizkie «ikerlariei»: zergatik bota zien semeak tetrabrik huts bat Israelgo soldaduei? Muhammad Rabi Elayyanek egun bat lehenago egindako «delitua» larriagoa da: harriak bota zizkien israeldarren ibilgailuei, tetrabrik hutsa bota beharrean. Azken kasu horretan, «gaizkileak» lau urte baino ez ditu. Bere aitak ere esplikazioak eman beharko dizkie lurralde haietan beren ordena ezarri nahian dabiltzanei. Ia ordu berean, Armada okupatzaileak Gazako puntu bati eraso egin zion tankeak eta morteroak erabilita. Ondoren haurrak hurbiltzen dira, Said Khatiben argazkian ikus daitekeenez, lehertu gabeko «jostailuak» jasotzera. Nor aberasten da «jostailu» horiek egiten?