AUG. 10 2019 IKUSMIRA NOLA SALBATUKO ZAITUZTE LOKATZ HAUETATIK? Amagoia Mujika Nola salbatuko zaituztegu lokatz hauetatik? Gauak arriskutsua izaten segitzen du emakumeentzat eta eguna bera ere berdin bihur daiteke izugarri. Berdin da non, zein ordutan eta nola. Berdin argitan edo ilunetan; berdin ausarta edo koldarra izan. Baina, errealitate latz horretaz konturatu baino lehen, nahiago dugu detaileetan korapilatu eta arreta galdu: halako ordutan izan zen, ez dakit nongoak ziren, emakumeak ez dakit zein arrisku hartu zituen, oso bortitza izan zen, ez dakit zenbat aldiz... Akaso detaileei begira-begira jartzen gara egoerari salbuespen zantzuak topatu nahian. Erotuta daude, delitugileak dira, edanda zeuden, drogak kontsumitu zituzten, oso-oso pertsona zitalak dira... Eta berdin beste aldera; bakarrik zihoan kale ilun batean, hitzordu bat egin zuen sare sozialetan, haiekin hizketan hasi zen... Akaso errealitatea latzegia da bere gordinean irentsi ahal izateko: edonork jasan dezake eraso bat eta edonor izan daiteke erasotzailea. Behin hori onartuta akaso lanean hasteko moduan izango gara; emakumeen eta gizonen arteko harreman orekatuak, parekideak eta sanoak bultzatzen dituen jendarte bat eraikitzen. Baina adreilu berriak modu berrituan jartzen hasteko, lehenbizi lokatzetatik atera behar ditugu hankak. Eta horren aurretik, noski, lurrera begiratu eta denok hankak lokatzetan ditugula konturatu eta onartu. Amagoia Mujika Telleria