AUG. 31 2019 IKUSMIRA TXALO JOTZEKO MODUKO ESFORTZUAK Izaga, Xabier Asteazkena, entrenamendu eguna. Biharamunean Kontxako Banderako sailkatze estropada jokatu zuten. 43 traineru ziren, emakumezkoen 20, inoizko kopururik handiena, eta gizonezkoen 23. Denak busti ziren, sailkapena lortzen ahalegintzeko, uretara sartu beharra daukate-eta. Denak busti baina 14 bakarrik sailkatu ziren Kontxako Banderarako. 14 bakarrik sailkatu baina denek ere esfortzu ikaragarria egin zuten. Esfortzu ikaragarria egingo dute sailkatutakoek bihar ere. Esfortzu ikaragarria egiten dute urtean zehar, sailkatu zirenek eta kanpoan gelditu zirenek. Bihar sailkatuak ikusi eta txalo egingo dugu, eskuak goritzeraino. Hori eta gehiago ere merezi dute sailkatutako traineruetako arraunlariek, hori eta gehiago sailkatu ez zirenek ere. Ikusi ohi ez ditugun esfortzu handi asko, txalo jotzeko moduko esfortzu asko egiten baitituzte urtean zehar ere, itsasoan bezala lehorrean ere. Xabier Izaga