SEP. 21 2019 infraganti IñAKI PALACIOS Mulixka Dantza Taldearekin batera «Harria» ikuskizuna sortu du Iñaki Palacios musikari gasteiztarrak. «Harria» estreinatu eta izen bereko diskoa argitaratu berritan hitz egin dugu berarekin bere diskoaz, bere ofizio eta afizioaz, txistuaz, alegia. Txistuak merezi duen lekua hartzeko egiten duen ahaleginaz ere aritu gara. Xabier Izaga Gonzalez Txistularia. Musikaria. Baxua eta gitarra elektrikoa ere jotzen ditu, baina txistularia da oroz gain Iñaki Palacios. Edo abeslaria. Dioenez, ordea, abeslari txarra, horregatik abesten du txistuaren bidez, hau da, letrarik gabeko abestiak. Txistuak dena eman diola dio eta, bospasei urterekin gurasoek Gasteizko Musika Etxean bere izena eman zutenetik, horixe du tresna kutuna. Bete-betean asmatu zuten Iñakiren gurasoek. Ondoren, dantza ere egiten hasi zen, baina musika, txistua zen Iñakiren benetako bokazioa, eta gainera nabari zen horretarako erraztasuna zuela. Ikasi eta trebatzen joan zen eta 2004an, 15 urte zituela, Hernanin izan zen Euskal Herriko Txistu Txapelketara aurkeztu zen. Zehatzago, «aurkeztu ninduten», diosku GARAko erredakzioan. Eta behin aurkeztuta, irabazi egin zuen. Harria Pozik dago Iñaki Mulixka Dantza Taldearekin eta Iñaki Perurenarekin batera aurrera atera duen azken proiektuaren emaitza ikusita. Joan den larunbatean aurkeztu zuten “Harria” ikuskizuna Gasteizko Foru Plaza mukuru betean. Bi egun lehenago argitara atera zen izen bereko diskoa, Perurenaren hitzak eta ikuskizuneko abestiak biltzen dituena. «Ez dira pop abestiak, ez rock abestiak, baina horietatik gauzak hartu eta diskoan sartu ditugu publiko orokorrari hurbiltzeko». Izan ere, Ritxi Aizpuru Baga-Biga diskoetxeko koordinatzaileak diskoaren eta ikuskizunaren aurkezpenean esandako hitzak gogorazita, alegia txistua noizbait baztertuta geratu zela, baietz dio Iñakik, eta horregatik nahi du tresna hori jendeari hurbiltzea, batez ere gazteak animatzeko. Ez dela kalerako tresna soilik ikus dezaten, ez dela tresna karrankari bat, eztia baizik, trikitiarekin eta gitarrarekin batera jo daitekeena. Gaur egungo tresna ere badela ikus dezaten, gaurko doinuak eta gaurko musika taldeetan jotzeko modukoa. Beraz, hurbilketa horretarako, Euskal Herrian sustraitutako doinuei pop eta rock musikaren ukituak ematen saiatu da. «Abestiak aztertuta, badituzte musika horiekin, oso oraingo musikarekin, lotura duten akorde nabarmenak, patroi oso erritmikoak. Euskal Herriko kulturan oso sustraitutako doinuak dira, fandangoa, arin-arina, kalejira… baina oraingo garaietara ekarriak, gitarra elektrikoak, samplerrak, harrizko txalapartak erabiliz». Izan ere, horrekin guztiarekin sonoritate hobea lortu eta entzulearentzat erakargarriagoa egiten du musika. Ez da gauzatu duen gisa bereko lehenengo proiektua, duela bi urte, halaber Mulixka Dantza Taldearekin, “Lurra, ardoa, dantza” ikuskizuna eta diskoa egin baitzituen. Ikuskizunean Juanjo Monago aktore gasteiztarrak ere parte hartu zuen, ardogile baten papera egin eta ardoaren inguruko istorioak kontatuz. Ikuskizun hura zenbait urte lehenago egin zuten “Ardoaren dantza” ikuskizun laburretik abiatu zuten, haren arrakasta ikusita. Gogoan du Iñakik bideo «kaskar» bat egin zutela, «plano finkokoa, kamera bakar batekin». Hala ere, sare sozialetan 60.000 bisita inguru jaso zituen hamabost egunean. Harrezkero, urtero jokatzen dute antzezpen hori Mahats Bilketaren Festan. Lan guztion koreografiak Josu Sanchez Mulixka Dantza Taldeko dantzariak eginak dira. Beraz, aspaldikoa da Josuren eta Iñakiren arteko lankidetza. «Lagunak gara», dio Iñakik, harro. “Harria” lanak, aurrekoaren aldean, elementu gehiago ditu. Abesti guztietan trikitia sartu du, soinu borobilagoa lortzeko, eta, gehienetan, funtsezko zutoin gisa, harrizko txalaparta. Zail samar izan dela dio Iñakik harrizko txalaparta eta txistua batzea; izan ere, «oso tresna tradizionalak dira, biek ere harmoniko asko dituzte. Gu denon eta Mecca estudioaren lana izan da. Denbora asko eman dugu Oiartzunen soinua eta tresnak zaintzen, gitarra bakoitzean zein efektu eman, zein txistuan...». Oro har, jendeari begira, aurreko diskoa baino soinu erakargarriagoa duela uste du. «Txistua txirula ezti bat da, nahiz eta jendeak txistuaren beste kontzeptu bat duen; soinu gozoa da, eta, musikari handien laguntzarekin, diskoaren soinua askoz hobea da. Txistua berriro lehen planoan agertzen da». Irakasle Honaino iristeko, urteetako prestakuntza zorrotza behar izan du; izan ere, argi zuen musikari profesionala izan nahi zuela. Bere afizioak ofizio ere izan behar zuela Hartara, Gasteizko Jesus Guridi Kontserbatoriora sartzeko probak egin eta gainditu zituen. Denbora laburrean eguneroko ordu erdiko saioak bost ordukoak ziren. «Musika tresna bat serio ikasteko, hala behar da», dio. Lauzpabost ordu egunero, «etengabe, astebetez besterik ez bada ere utziz gero, nabaritu egiten baita». Lagun kuadrillarekin parrandatxoren bat egiten zuenean ere igartzen zuen, berak eta irakasleak. «Egiten nituen, bai, baina dezente kontrolatuta», dio irribarrez. Aldi berean baxua eta gitarra elektrikoa jotzen ikasi zuen, bere kabuz, Luis Aranburu Musika Eskolan edo irakasle partikularrekin, «ez hain modu zorrotzean, baina». Tarteka, astia duenean, gitarra jotzen du etxean. Kontserbatorioan bost urteko ikasketak amaitu zituenean, aspalditik buruan zuen bezala, «zerbait gehiago» egiteko aukera izan zuen. Bartzelonako SAE nazioarteko institutura jo zuen, txistua aldean, han ezagutu ere egiten ez zuten tresna. Teknologia berriak musika konposizioan nola erabili ikasi zuen Katalunian. Urte eta erdi eman zuen Bartzelonan eta 2012an, handik itzuli baino hilabete lehenago, Basauriko Musika Eskolan irakasle hasteko proposamena egin zioten. Han hasi eta hantxe jarraitzen du gaur egun. «Umeekin hasierako lana ez da oso teknikoa izaten», azaldu du, «musika tresnak erakustean, haurrek gitarrari nola begiratzen dioten ikusten duzu; berehala hartu eta jotzen hasten dira. Txistua tokatzean, berriz, ‘baina hau zer da?’ esaten dute». Onartu duenez, gero eta zailagoa da umeek txistua aukeratzea alboan gitarra elektrikoa edukita, «hori baita telebistan ikusten dutena». Eskolara iristean, zer abesti duten gustuko galdetzen die Iñakik, eta esandakoa txistuz jotzeko prestatu, harmonizazio bat egin, grabatu eta umeekin jotzen du. «Lehengoan batek [“Operación Triunfo” TVEko saioan parte hartu zuen] Aitanaren azkena eskatu zidan; beste batek, Izaroren ‘Errefuxiatuena’. Ni saiatzen naiz eurak gustura egon daitezen, kalejira, fandango eta arin-arinarekin hasten bagara, nekatu egiten baitira». Txistuari bigarren aukera Musikagileren batek esan zuenez, txistua ganbera musikaren eta kale musikaren arteko tresna da, eta bat dator Iñaki. «Ganbera musika ez dakit entzungo duten nire ikasleek, baina bai, hor txistua egon daiteke, eta baita gitarra batekin, bateria batekin, sampler batekin... ere», azaldu du. Ideia bat dabilkio aspalditik buruan: «txistuari bigarren aukera bat ematea». Bere benetako balioa erakustea. «Gure emanaldien ondoren jende askok esan digu ez zekiela txistuak horrelako soinua atera zezakeenik». Patxadaz hitz egin dugu, baina denborak ez digu jaramonik egin. Iñakik Basaurira joan behar du, egunero bezala, eskolak ematera, afizioa eta ofizioa duen txistuari behar duen tornua ematen tematuta. • Euskal Herrian sustraitutako doinuei pop eta rock musikaren ukituak ematen saiatu da. «Badituzte musika horiekin lotura duten akorde nabarmenak, patroi oso erritmikoak» «Txistua txirula ezti bat da, jendeak haren beste kontzeptu bat duen arren; eta, musikari handien laguntzarekin, diskoaren soinua askoz hobea da. Txistua berriro lehen planoan agertzen da»