Iker Barandiaran

Oroimena jantzi

Gogoan daukat aspalditxo Juankar Muga zenari (orain “Juankar Sarean” deitu beharko diogu?) egin nion elkarrizketa batean esaten zuela topera bizi izan zituela gaztaroko taberna, rock-and-roll eta ekintzaile garaiak; eta horregatik orain ez zela gai berak bizi izandakoa kontatzeko, hala bizi izanda gogoratzeko zailtasunak zituelako. Ezinbesteko funtzio hori, gertatutakoa kontatzekoa, Pablo Cabeza kazetariak betetzen zuela, zurrunbiloa erdi-erdian bizi gabe, bertan alboan egonda horren guztiaren lekuko fidela izan zelako.

Zurrunbiloen biratan zorabiatzeko aukera egon ohi bada ere –eta halakoak ere bizi izan ditudan arren– gai izan nintzen sasoi batean gertatutako hainbat gauza batu, dokumentatu eta bere testuinguruan gordetzeko. Hala, pilatuta ditut ehunka flyer, argazki, anotazio, aldizkari, fanzine, prentsa errekorte, kartel, binilo, CD, maketa eta kamiseta, besteak beste.

Leku desberdinetan sakabanatuta ditut horiek guztiak eta aitak aspalditik esaten zidan beraien etxean ditudanak eramateko edo botatzeko. Era berean, zurrunbilo horietan bizipen asko partekatu genituen lagun batek, batutakoaren jakitun, askotan esaten zidan hori guztia Pablo Cabezari emateko hark hobe gorde eta erabilera eman ziezaion.

Urteak pasatu dira oharkabean eta hara non bizitzak eraman nauen gurasoen etxea sarriago bisitatzera. Hala, modu horretan, izan dut asti apur bat gaur egungo belaunaldiek ezagutu ez dituzten hainbat konturekin topo egiteko, birdeskubritzeko, eta era berean oroimena freskatu dudan heinean ospatu dut bizi izan genuen guztia, eta gauden bezala, ondo esango nuke, aurretik bizitzeko dugun guztia ere.

Batutako guztiaren artean bitxia iruditu zait gure garaian musika taldeen eta garaiko aldarrikapenen kamisetak eskuratu eta janzteko genuen ohitura zabaldua; eta baita ere arropa horien tamaina handia!!! Horregatik, bilaketa horretan topo egin dut dozenaka oroimen batzen dituzten elastiko bakanekin.

Horietako bakoitzak testuinguru bat dauka, istorio bat edo gehiago, usain bat eta bizipen bat gutxienez. Hori gogora ekartzeaz gain, gure gaztaroaren oinarri izan ziren Arrasateko bi gaztetxeen historia paraleloak daude: musika, autogestioa, ekintzailetasuna eta azken finean probatuz eta arakatuz bizitzari zukua ateratzeko ahalegina luzaroan behintzat izan genuena. Musika taldeek ez bezala, ekimen autogestionatuek –garai batekoek behintzat– ez zuten nork jaso haien historia, haien gorabeherak, lorpenak eta akatsak. Badakizue, guztiona den heinean aldi berean ez da inorena; eta konturatu orduko, horren kontzientzia hartu bitartean, beranduegi izan daiteke gertatutakoa jasotzeko eta gerorako gordetzeko.

Hortaz, entretenimendu gisa, eta batu eta pilatutakoari etekin pixka bat ateratzeko besterik ez bada ere, kamiseta bakoitzeko testu labur bana idazten dihardut Twitterren #kontamisetak eta #kamitales hashtag edo traolak erabilita. Hainbat arrasatear eta bestelako zalek eskertu dute burutazioa, gure memoria historikoaren eta bizipenen parte ere badirelako; kontuok ezagutzen ez zituztenetako batzuek horri esker gure iraganari buruz gehiago ezagutzen ari direlako; eta hainbatek, oroimen ugari berpiztu dizkietelako.

Bizipenek bultzatutako burutazioetatik harago ez doaz; informazio eta bizipenen uztarketatik edaten dute. Baina hainbat helburu betetzen dituzte eta horietako bat, hemen ere, errelatoa guk jaso eta kontatzea da. •