OCT. 05 2019 Deserrealitaterantz Itziar Elizondo Harremanak Hezkuntza Elkarteko kidea Egungo bizimoduaren ezaugarrietako bat dirudi errealitateak –betikoak, garai batean harraskatzen, musukatzen, ukitzen genuen errealitate horrek– nonbaitera alde egin duela. Konforme, esaldi hori ez da egia borobila, baina badu egiatik zerbait, aurtengo Donostiako Zinemaldian zenbait pelikulak erakutsi diguten bezala... Garai batean baziren ametsa, paisaia, erakunde eta pertsona gorpuzdunek hornitzen zuten errealitatea. Aldiz, kapitalismo garaikideak baditu tresnak errealitatea deuseztatzeko. Hala, hiritarrek errealitatean beren diruarekin erositako aseguru-zerbitzuak, pentsio-funtsak, dena delakoak, irrealak bilaka daitezke finantza trikimailuen poderioz, zenbait diruren eta enpresaren atzean ez baitago paper errea baino. Steven Soderbergh horretaz aritzen da “The Laundremat” filmean. Amerikar alargun batek istripu baten ondoren arazoak izango ditu indemnizazioa kobratzeko aseguru-enpresaren atzean sozietate abstraktuen faltsukeriak daudelako. Hortik tiraka Panamako offshore konpainietara iritsiko gara, non egungo kapitalismo gorbatadunak sekulako diru parranda egiten duen egunero Mendebaldeko balizko gobernu demokratikoen baimenarekin. Filtrazio bati esker jakin genuenez, Mendebaldeko aberatsek (tartean, politikariek, enpresariek, futbolariek, zinemagileek…) Mossack Fonseca bulegoaren laguntzarekin paradisu fiskaletan milioiak ezkutatzen zituzten jatorrizko herrialdeetan zergak ez ordaintzeko. Enpresak eta beraien ardurak lurrundu dira, bai. Aldiz, pertsonen sufrimendua erreala eta solidoa da oso, negar malkoak atera ere ezin diren horietakoa. Langile prekarioak, autonomo faltsuen etiketapean, dira kapitalismo desmaterializatuaren asmakizun produktiboena. Ken Loachen “Sorry We Missed You” filmean buruzagia nagusiaren bozeramailea da, ohi bezala, baina nagusia ez da pertsona bat, gailu mugikor baten atzean ezkutatzen den izaki abstraktu bat baizik. Pantaila boss horrek pikutara bidaliko zaitu eguneroko helburuak betetzen ez badituzu. Pelikularen protagonista mezulari bezala lan egiteko mikroenpresari bilakatuko da derrigor, are, mezularitza enpresari furgoneta alokatu edo erostera behartuta dago, eta, eguneko xedeak bete ezean, enpresa indemnizatu beharko du! Gaixotuz gero ordezko bat aurkitu beharko du “lanpostua” ez galtzeko. Lanetik kaleratzerakoan, mezulari autonomoa da bere porrotaren arduraduna eta, horrenbestez, ez du kalte-ordainik jasoko. Ekuazio perfektua beraz: mezulari autonomoak hartzen ditu arrisku guztiak eta enpresak etekinak. Deserrealitate moduko zerbait eraikitzen ari dira buru-belarri; kapitalismoak horretan sekulako abiadura hartu du, besteak beste digitalizazioari esker, aurpegirik gabeko sinismenak eta izakiak taxutuz; injustiziak, lotsagabekeriak, desberdinkeriak naturalak bailiran, eta ez pertsona jakin batzuen eta erakunde jakin batzuen ardura. Baina errealitatea burugogorra da eta bizirik dirau oraingoz: eguneroko izerdiek, negarrek eta zinkurinek, algarek, ferekek eta musuek, oihuek gorpuzten dituzte gure bizitzak, are gehiago prekarioak direnean. •