GAUR8 - mila leiho zabalik

> Altsasuko auzia sareetan


Espainiar Auzitegi Gorenak atzo eman zuen jakitera Altsasuko zortzi gazteen aurkako auziaren epai irmoa: bederatzi urte eta erdi eta 18 hilabete bitarteko zigorrak ezarri dizkie. Eguerdian iragarri zuten epaia eta ordutik sareak bereganatu ditu gaiak.

Oihan Arnanzi bederatzi urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri dio Auzitegi Gorenak, Jokin Unamuno eta Adur Ramirez de Aldari zortzi urte eta erdi bakoitzari, Jon Ander Cob eta Julen Goikoetxeari zazpina urte eta erdi, Aratz Urrizolari lau urte eta bi hilabete, Iñaki Abadi hiru urte eta erdi, eta Ainara Urkijori urte eta erdi.

Auzitegi Nazionalak ezarritakoari zuzenketa txiki batzuk egin eta zigorretan murrizketa minimo batzuetan islatu dira. Sare sozialen erantzuna berehalakoa izan zen eta Altsasun ere salaketak eta mobilizazioetarako deiak iragarri zituzten.

Altsasuko alkate Javier Ollok «errespetua» agertu zion epaitegiaren erabakiari, baina bere desadostasuna azpimarratu zuen. Asko Europara begira jarri ziren segituan, noizbait bertatik «justizia» iritsiko den itxaropenez, baina «beranduegi» izanen dela onartuta.

Ez ziren gutxi izan iristear dagoen Kataluniako prozesuaren aurkako epaian gogoa jarri zutenak ere. Izan zen, halaber, zigorra ospatu zuenik edo zigorrak «eskasak» direla uste duenik. Azken horietako batek Francisco Franco diktadorea du «aberriaren azken heroi» moduan.

> 1.300 gaztetxo Triatloia Maite Dut ekimenean

Triatloia Maite Dut ekimenak hamabost partaide izan zituen bere lehen udalekuetan, eta urtetik urtera hazten doa. 2019an 1.300 neska-mutilengana iritsi da.

Aurtengo egitarauari Pazko Astean eman zioten hasiera, Getariako Askizu auzoan, kirol udalekuekin. Amaiera, berriz, irailaren 16an izan zen, Donostiako Kontxako hondartzan, Zanbulla probarekin. Tartean, beste bi udaleku eta zortzi topaketa egin zituzten.

Kirola eta euskara uztartzen dituen ekimen honen atzean Arazi, Nik Tri Triatloi Elkartea eta Fitgüne daude, heziketan eta kirol jardueren antolaketan eskarmentu handia dutenak.

> #EuskaraSatorraChallenge, bihur zaitez euskara irakasle!

Euskara ikasteko Euskara Satorra izeneko Youtubeko kanalak lehen erronka proposatu die 12.000 harpidedunei: #EuskaraSatorraChallenge. Kanalean hainbat abesti itzuli eta gero, ikus-entzuleei proposatu die euskara irakasle bihur daitezela eta gure hizkuntza mundura zabaltzeko.

Ahalegin horretan, erronkan parte hartzeko honako pausoak zehaztu ditu kanalak:

1.- Euskaraz abesturiko kantu baten esaldi bat aukeratzea.

2.- Hitzak edozein hizkuntzatara itzuli eta azalpenak ematea bideo baten bidez.

3.- Bideoa sare sozialetara igotzea #euskarasatorrachallenge traola erabiliz (Instagram, Twitter zein Youtube bertara).

4.- Lagunei erronka helaraztea, baten batek parte hartzeko asmoa izan dezake eta.

> Greta Thunbergen hitzak, Fatboy Slimen ikuskizunean

Joan den astean, Fatboy Slim disko jotzaile famatuak, Gatesheadeko lokal batean (Britainia Handia), Greta Thunberg ekintzaile ekologistak Nazio Batuen Erakundean egindako diskurtsoa musikarekin nahastu zuen abesti batean, “The Guardian” egunkariak azaldu zuenez. Kontzertura joan zen lagun batek momentu hartako bideoa partekatu zuen.

Abestia gazte ekologistaren ahotsarekin hasi zen, munduko buruzagiei zuzendu zien mezuarekin, hain zuzen, eta haren gainean melodia sintetizatua sartu zuen Fatboy Slimek. Etengabe erabiltzen ditu disko jartzaileak mezuan agertzen diren “hemen” eta “orain” hitzak. Sareetan arrakasta itzela izan duen bideoa Scot Jacksonek grabatu zuen. Jacksonek 40 urte ditu, eta, uste duenez, gazte ekintzailearen diskurtsoa «ikaragarri boteretsu eta hunkigarria da». Musikarekin nahastea ere oso ideia ona iruditu zaio.

> «Llum i llibertat», independentziaren aldeko faroak

Omnium Cultural elkarteak independentzia erreferendumaren bigarrren urteurrena gogorarazteko antolatu zuen “Llum i llibertat” ekimenaren baitan, irailaren 30aren eta urriaren 1aren arteko gauean Kataluniako 131 gailur argiztatu zituzten ekintzaileek.

Hautatu zituzten lekuetako bat Montserrateko mendigunea izan zen. Mendigune hartako orratzak helezinak dira, eskalatuz izan ezik, NAIZ+ atariak erakusten duen bideoan ikusten denez. Guardia Zibilak egindako atxiloketek ere markatu zuten bigarren urteurrenean, izan diren Kataluniako lehendakari adina gailur argiztatu zituzten “Llum y llibertat” ekimenari esker.