GAUR8 - mila leiho zabalik

10.000 urte 200 segundoan


Horratx Googlek eta NASAk konputazio kuantikoarekin lortu duten aurrerapena prozesatze denboran adierazita. Berria duela hilabete filtratu zuen “Financial Times”-ek konputazioaren alorra astinduz, eta pasa den astean argitaratu du “Nature” aldizkariak ikerketa. Zehazki, egungo superkonputagailu digitalentzat –hots, 0 eta 1 oinarri binariodunentzat– bideraezina litzatekeen ataza (10.000 urte bota dizkiote ikertzaileek, nahiz eta IBM konpetentziak bi egun eta erdian egiten ahal dela erantzun duen), 200 segundotan ebatzi du oinarri aberatsagoa duen Sycamore konputagailu kuantikoak. Ataza, zirkuitu kuantiko bat milioi bat aldiz lagintzea izan da, eta, beraz, aurkikuntza honek ez du esan nahi konputazio kuantikoak digitala esparru guztietan gainditzen ahal duenik, baizik eta ataza zehatzetarako eraginkorragoa dela, mundu mikroskopikoa interpretatzeko kasu.

Beharbada, konputatzen zaila den esparru hauetako bat zabalduko du garunaren ikerketak, askotan aipatu dudan ikergai estrategiko honetan ere urrats berriak iragarri baitira. Neuronen arteko sinapsiak denbora errealean eta aldi berean aztertzeko teknika berri baten albistea eman du argitara “Science Advances” aldizkariak, ohiko mikroelektrodoen matrizeen ordez, fotoiak erabiltzen dituena. Egungo 200-1.000 neurketak milioika neurketetara eramango ei dira teknika berri honekin eta informazio hori guztia nolabait prozesatu beharko da, giza garuneko 80.000 milioi neuronetan segundoero ematen diren 10.000 milioi operazioak irakurtzera heldu nahi badugu.

Berriro ere, teknikaren zorrozteak munduaren gaineko begirada berri bat dakarkigu eta berorrek adimenaren garapen bat ekartzea litzateke hurrena. Konputazioaren esparruan Turing-Church-en tesi zabaldua desafiatu da, esploratu beharreko konputazioaren esparru berri bat zabalduz, eta, berarekin, dirudiena da giza garunaren ezagutzan sakontzeak eta prozesadore kuantikoaren paradigma berriak, adimen artifizialari garapen esanguratsu bat ekartzen al diela.

Bitartean, gure adimenak konpontzerik ez duen mundu honetatik ihes egiteko beharrezkoa den exoplaneten ikerketak eraman du Fisikako Nobel saria eta nork daki bilaketa horrek adimen estralurtarra antzemateko bide ere emango ez ote duen. Apika planeta horietako batetik ariko dira Lurreko bizi adimentsua behatzen eta daukagun kaka nahaste sadikoarekin flipatzen. Gerra anizkoitzean murgildurik, lurretik gero eta deserrotuago, gero eta ziborgago, ez dakit planeta honetan zein adimen klase identifikatuko lituzketen.

Gure partetik, logikarako gaitasuna, ulermena, autokontzientzia, ikaspena, ezagutza emozionala, arrazoimena, planifikazioa, sormena, pentsamendu kritikoa eta problemen ebazpena ditugu adimenaren ulerkera ezberdinak, orokorrean horrela definitu dezakegularik: informazioa antzemateko gaitasuna, ezagutza bezala atxikitzeko eta testuinguru batean portaera egokitu bat aplikatzeko.

Espero dut estralurtar horiek erreparatuko dietela adimenaren dimentsio ezberdin horiei, eta hautemango dituztela horietan zibilizazio dezente baterako printza batzuk. Nik bederen aste historiko hauetan ikusi ditut argi printza ugari... txinparta berriak, betiko su zaharretik. Helduko al gara mendeetako gatazkak hilabete gutxitan ebazteko moduko prozesadore bat asmatzera? Googlek bederen ez digu erantzun hori emango. •