GAUR8 - mila leiho zabalik
SIMULAKROA LAUTADAN

Arabako Lautadan praktikan jarri dute 2020ko Euskaraldiaren metodologia

Hizkuntza ohituren aldaketa kolektiboan ematearen alde egingo du datorren urteko Euskaraldiak, nahiz eta agertuko diren, beste behin, ahobizi eta belarriprest txapak. Bada, Arabako Lautadako herritarrek soinean dituzte jada, Euskaraldiaren simulakroa egiten ari baitira asteon, eta proban jarri dituzte datorren urteko berrikuntzak: entitateetako kanpo eta barne ariguneak.


Datorren urteko Euskaraldiari neurria hartzeko balioko duen “simulakroa” egiten ari dira egunotan Arabako Lautadan. Lautadako Euskararen Komunitateak, tokiko zortzi udalek eta Lautadako Kuadrillak bultzatu dute ekimena.

Simulakroa, 2020ko ediziorako pentsatu diren figura berriak txertatzen ari direlako jada, proba pilotu bat balitz bezala. Astelehenean hasi zuten ekimena eta itzuli dira ahobizi eta belarriprest txapak Lautadako biztanleen jaketara. Bihar amaituko dute esperimentua eta datorren urtean azaroaren 20tik abenduaren 4ra burutuko den “Euskaraldia, 15 Egun Euskaraz” ariketari aurrea hartuz, ariguneak sortu dituzte, euskara entzun eta erabiltzeko plaza erosoak.

Iazko Euskaraldiak emaitza oso onak eman zituen Lautadan, eta badirudi euskarak aurkitu duela, berriro ere, arnasgune txiki bat Arabaren bihotzean, zazpi egunez bederen. Donostiako Intxaurrondo auzoarekin batera –azaroaren 22tik abenduaren 3ra bitarte egingo dute–, simulakroa martxan jarri duen eremu bakarra da Arabako Lautada.

Ariguneak martxan

Asier Lafuente Lautadako Euskaraldiko koordinatzailea da eta azaldu du ekainaz geroztik ari direla bisitak egiten kolektibo, establezimendu, lantegi eta erakunde publikoetara. Orotara, 113 ate jo zituzten, ariguneak izan zitzaketen entitateak zirelakoan. Lafuenteren esanetan, nahiz eta konfirmatu gabeko datua den, kalkulatzen dute 105 entitatek sortu dituztela barne ariguneak simulakroaren egunetarako, eta ariketaren hirugarren egunean jakinarazi zuten 500 lagun ari zirela barne ariguneetan.

«Barne arigunea funtzionamenduarekin dago lotuta eta entitate batean beti daude talde funtzionalak; enpresa bateko departamendu edo sail bat izan daitezkeenak. Talde horietan denek euskaraz ulertzen badute, aukera dago hizkuntza ohituran aldaketa bat egiteko», azaldu du. Hala, entitate bakoitza arduratu behar da ariguneak izan daitezkeen taldetxoak sortzeaz, kide denak euskaraz ulertzen dutela bermatuta; ostean, iaz bezala, ahobiziek euskaraz egin behar diete beti euskara ulertzen duten guztiei. Beraz, belarriprestek daukate soilik hizkuntza-hautua egiteko aukera.

Baina badaude kanpo ariguneak ere. Kasu horretan, bezero edo herritarrei begira lan egiten duten pertsonek dute hautatutako rola –ahobizi edo belarriprest– betetzeko ardura, izan tabernari, dendari edo administrariak, kasurako. «Entitateak konpromisoa hartu behar du Euskaraldiak iraungo duen bitartean beti egongo dela postu horietan euskaraz ulertzen duen pertsona bat», zehaztu du Lafuentek.

Aldaketa, kolektiboan

Hartara, 2020ko Euskaraldiak planteatzen duen eta asteon Araban aplikatzen ari diren sistemak, iaz bultzatutako hizkuntza hautu pertsonala bainoago, aldaketa kolektiboa erdietsi nahi du.

«Entitateen eta ariguneen kontzeptuekin, hasi gara hizkuntza ohiturak aldatzeko baldintza onak sortzen. Argi dago hizkuntza ohiturak inguratzen gaituen jendeak ere baldintzatzen dituela, hau da, denok erlazionatzen gara talde, egitura edo entitateetan, eta horietan inertzia, ohitura eta arau batzuk ditugu, hizkuntza aldetik ere bai. Orain, bigarren Euskaraldi honetan, hasten da benetako bidea aurrera begira hizkuntza ohiturak aldatzeko», nabarmendu du koordinatzaileak.

Aipatu inertziek erdararen alde egiten dute maiz, «hori Lautadan ere gertatzen da», nahiz eta taldeko guztiek euskara ulertu.

Hala ere, ariguneen metodoak funtzionatzen duela azpimarratu du Lafuentek: «Ni galdezka ibili naiz, eta jendea ariketa egiten ari da. Barne ariguneen kontzeptua oso proposamen ona da gure ustez, nahiz eta hemen mugatuta gauden, dugun egoera linguistikoagatik».

Maizago hobe

Datuak oso argigarriak dira: iaz Euskaraldia egin aurretik, «euskaraz ulertzen zuten guztiekin edo ia guztiekin eta gehienetan», %44k hitz egiten zuten euskaraz. Ariketaren azken egunean, berriz, zifra %69ra heldu zen, hau da, 25 puntu egin zituen gora –Euskal Herri mailan %20ko igoera izan zen batez beste–. Alta, Euskaralditik hiru hilabete igaro zirenean, %52ra jaitsi zen euskaraz ulertzen zutenei euskaraz hitz egiten zieten herritar kopurua, ohitura mantentzea, beraz, herritarren %8k lortu zuten.

«Horrek esan nahi du margen handia dugula, jende asko aktibatzen da Euskaraldian, baina gero desaktibatu egiten da. Orduan, nola bihurtu hori ohitura? Bada, ariketak maizago eginez, simulakroak eginez, errepikapenak sortzen baitu ohitura», iritzi du Lafuentek.

Horixe izan zen simulakroa abian jartzearen arrazoietako bat, euskararen aldeko hautua epe luzeko ohitura bihurtzea helburu. Izan ere, Euskaraldiak sortzen duen oasi horretatik kanpo, Lautadan euskarak ematen dituen datuak ez dira positiboenak. Soilik %55ek ulertzen dute.

«Hemen 650 entitatetik kalkulatu dugu bakarrik 170 entitatetan egon daitekeela arigune bat; orduan, arigunearen kontzeptua Lautadara ekarrita, hemengo egoera soziolinguistikoarekin, geratzen gara soilik entitateen %25arekin», dio Lafuentek. Argitu du, halaber, geroz eta talde handiagoak sortu orduan eta errazagoa dela euskaraz ulertzen ez duen norbait egotea, eta, kasu horretan, ezinezkoa litzateke barne arigune bat sortzea.

Ulermen unibertsala

Hori dela eta, «ulermen unibertsalaren» beharra aldarrikatu du koordinatzaileak. «Euskaraldiak proposatzen dituen gauzekin baditugu muga batzuk, eta horiek gainditu ditzakegu baldin eta neurri makroak etortzen badira instituzioetatik, ulermen unibertsala bizkortzeko eta ez uzteko hezkuntza sistemaren menpe. Ziur aski, 30 urte barru lortuko dugu ulermen unibertsal hori, baina, 30 urte itxaron behar ditugu? Euskara ulertzearekin ate pila bat irekitzen dira eta hori izan daiteke lehenengo helburua», agertu du.

Euskara ulertzea hizkuntza egoera aldatzeko giltza izan daitekeela iritzi du berak, eta, horregatik, 2020ko Euskaraldian garrantzi berezia emango zaio belarriprest rolari. Erronka hori dute Arabako Lautadan, giltza hori ez daukatenen %45 horrek giltza eskuratzea.

Hori baita Euskaraldiarekin helarazi nahi den mezua: «Ulertzearekin soilik ate bat irekitzen zaizu».