GAUR8 - mila leiho zabalik

Barça-Real Madrid atzeratua!


Atzeratu egin dute gaur jokatzekoa zen Barça-Real Madril futbol taldeen arteko partida. Katalunian bizi duten muturreko egoeragatik atzeratu omen dute abenduaren 18ra. Lehiaketa Batzordeak eman zuen agindua. Kontrara, Bartzelona futbol taldeak ez zuen atzerapenerako nahiko arrazoirik ikusten eta Ligan ezarri urriaren 26ko datan jokatzearen alde egin zuen.

Egia esan, niri bost futbolak! Baina, segurtasuna izan da partida atzeratzeko arrazoia eta benetan Lehiaketa Batzordeak hartu al du erabakia?

#TsunamiDemocratic Generalitateko agintariei Auzitegi Gorenak ezarri 100 urteko kartzela zigorrari herritarrek eman erantzuna da. Baina hori baino gehiago da, Generalitatearen eta alderdi independentisten huts egite larriek dezepzionatu arren kataluniar herria bizirik dagoen isla da, demokraziaren eta independentziaren borroka herritarren esku geratu diren isla.

Alabaina, Estatuaren begiak ez dira alferrak, eta irakurketa oso garbia du egina: independentismoa ez dago garaitua, oraino, eta ahaleginak eta bi egingo ditu azken hatsa eman duela ziurtatu arte. Horretarako, lehen eginbeharra hedabideen kontrola du, giza eskubideen aurkako nahi beste neurri hartu arren nazioartean estatu demokratikotzat hartua izaten jarraitzeko. Eta, noski, sobera daki Estatuak mundura independentziaren aldarria zabaltzeko erakusleiho ezin hobea dela Camp Nou esteladarekin jantzita eta sabela erretzerainoko bere 100.000 eztarrietan “L’Estaca” deiadarra. Gaur partida jokatu izan balitz katalanentzat emaitza gutxienekoa izango litzateke. Benetan bada inozorik Lehiaketa Batzordearen erabaki hutsa izan dela pentsatzen duenik? •