GAUR8 - mila leiho zabalik

Nakagin 1:1


Duela hilabeteko zutabean etxebizitza batek bete behar dituen bizigarritasun-baldintzei buruz hitz egin nuen, Eusko Jaurlaritzaren dekretu zirriborroaren harira. Aipatzen nuen infraetxeak ekiditea zela helburua, eta gaur, hego haize marxistak jota, Grouchoren esaldi batekin egingo diot zuzenketa nire buruari: «Nire printzipioak hauek dira, baina gustatzen ez bazaizkizu baditut beste batzuk».

Etxebizitza minimoa izango dut hizpide gaur, kasu oso berezi bat zehazki: Tokioko Nakagin kapsula-dorrea. Kisho Kurokawa japoniarraren lana da Nakagin, mugimendu metabolistaren ikur nagusia. Testuinguru apur bat: Japonia, Bigarren Mundu Gerra ondorengo berpizkunde kulturala, hirien eztanda demografikoa, etxebizitza eskari erraldoia. Metabolistek hiri dinamiko eta aldakor bat aldarrikatzen zuten, ez-estatikoa, beharren arabera modu organikoan hazi zitekeen mega-hiria. Bi elementuren baturak soilik sor zezakeen hiri-utopia hori. Alde batetik, azpiegitura edo mega-egitura zegoen, Archigramek Europan proposatzen zuen ildotik; bestetik, kapsularen ideia, alegia, modulua, unitatea, zelula.

Nakagin elkarri lotutako hormigoizko bi dorrek eta haiei helduta dauden 140 modulu aurrefabrikatuk osatzen dute. Txikitxoak dira kapsulak –2,5 x 4– langile ezkongabearentzat pentsatuak –Florencio Mokoroaren Donostiako “La casa de los solteros” moduko bat baina distopia dosi handiagoarekin–. Hasierako proiektuan, biztanleen behar espazial aldakorretara moldatu ahal izateko, moduluak elkarri lotu ahal izatea aurreikusten zen espazio handiagoak lortzeko. Ideia hori, baina, ez zen sekula garatu eta solteroentzako zelula estatikoekin konformatu behar: 10 metro karratu, armairuek eta etxetresnek osatzen duten horma, hegazkineko komunen tamainako bainugela eta ohea, leiho zirkular ikoniko bat gainean duela.

Garai bateko kultura-eredu baten aztarna bizia den heinean, interesgarria da Nakagin, baina bizilagunak dira aztarna hori sufritzen dutenak: eraikinaren egoera kaskarra eta amiantoari beldurra tarteko, bizilagunek eraikina botatzearen alde egin zuten, dorre berri batek ordezka zezan. Nahi gabe, nazioarteko eztabaida sutsu bat piztu zuten dorrea mantentzea defendatzen zutenen eta eraistea nahiago zutenen artean. Nola uztartu mugimendu metabolistaren lan eraiki nagusiak merezi duen errespetua eta bizi-baldintza duinak? Horra hor arkitekturaz eta ondareaz ari garela maiz errepikatzen den dilema.

“Mugak” arkitektura bienalaren testuinguruan, Atari Kultura Arkitektonikoak “Nakagin 1:1” ekimena aurkeztu du, eta kapsularen tamaina errealeko erreplika bat kokatu du Donostiako portuan, Nautiko ondoan, gaiaren inguruko tailer eta hitzaldiz lagunduta. Ikur metabolista hau ezagutu nahi baduzu, bisita gidatuak ostegunetik igandera 19:00etan (baita 12:00etan ere asteburuetan), eta, begiratu soil bat eman nahi badiozu voyeur japoniar baten moduan, leihotik zelatatu ahalko duzu abenduaren 12ra arte. •