Izaga, Xabier
IKUSMIRA

NORBANAKOAREN ESKUBIDEA, GEHIAGORENA

San Telmo Museoan aurkeztu berri dute Euskaraldiaren bigarren edizioa. Norbanakotik taldera jauzi egitera deitu dute, eta proposamenak badu zentzurik, ekimenaren bigarren edizioa euskal gizartea gai duen museo batean aurkezteak adinako zentzua. Hizkuntza eskubiderik ez dagoela entzunaren entzunez ahaztuta geunden desagertu ez diren hizkuntzek hiztunak dituztela. Bai, badakigu hizkuntzek ez dutela eskubiderik, baina hiztunek... edo hizkuntza batzuen hiztunek bai eta beste batzuenek –gehienenek– ez? Eskubide kolektiborik ez dagoela entzunaren entzunez, ahaztuta geunden, halaber, norbanakoek osatzen dituztela kolektibitateak, taldeak, gizartea, alegia. Eskubideak norbanakoarenak direla esan digute eta nik ez dut ezetzik esango, baina euskara norbanakoaren eskubidea izan da urte askoan, txakurrarekin baino ezin parteka zitekeen eskubidea. Badu zentzurik taldera jauzi egin eta nonahi «ariguneak» topatzea, euskaraz bizi nahi duen orok horretarako aukera izan dezan. Ez litzateke gehiegi, baina gutxi ere ez. Xabier Izaga Gonzalez