Amagoia Mujika Telleria
IKUSMIRA

GUK SINESTEN ZAITUGU. ZUK?

Abuztuan Placido Domingo tenorearen alde agertu zen publikoki Ainhoa Arteta opera kantari tolosarra. Kasik hamar emakumek salatu zuten Domingok sexu erasoa egin ziela eta Artetak ez zuen zalantzarik egin «kasik familiakoa» duen tenorearen defentsan ahotsa altxatzeko. «Ez dakit maitasun jolasetan edota ligatzen aritu ote den. Gauza horiek lehen egiten ziren eta orain ere egiten dira. Baina badakit ez dela erasotzaile bat, eskua sutan jarriko nuke». Irailean, telebistan eskainitako elkarrizketa batean, bere bizitzako unerik latzena publiko egin zuen: 25 urte zituela bortxatu egin zuten. Sinistu egin genion, zalantzarik gabe. Nahiz eta berak hilabete batzuk lehenago beste emakume batzuen kontaketa zalantzan jarri, guk sinistu egin genion. Tamalez, indarkeria matxistak denok zeharkatzen gaitu, mina emateraino. Pobreak eta aberatsak, hangoak eta hemengoak, lokatz berdinetan harrapatuta gaude. Eta nahiz eta askotan emakumeak oso inuzenteak dirudigun, ederki dakigu zer den maitasun jolasa eta zer ez. Bai, Ainhoa, guk ez dugu zure hitza zalantzan jartzen, baina gustura esango genizkizuke bi hitz. Eta akaso builaka, haserrarazi egin gaituzulako. Argazkian ageri den emakumeak ez zuen aukera galdu pasa den azaroaren 25ean, indarkeria matxistaren kontra kalera atera zenean. Zer esan ote zion?