DEC. 28 2019 analisia Skolaeren errusiar mendia Errusiar mendia bizi izan du Skolaek 2019an. Hezkuntza eragileen aitortza jaso du, baina baita sektore ultrakatolikoen jazarpena ere, tartean judiziala. Nafar Gobernu berriak, gainera, programa saritua sortu zuen taldearekin amaitu du. Ibai AZPARREN Urtean barrena Skolae programak behea jo du, baina baita sabaia ere. Hezkuntzako hainbat eragileren txaloak jaso ditu Nafarroatik kanpo, baina baita talde atzerakoi eta ultrakatolikoen gutxiespena ere etxean. 2019. urtea, beraz, errusiar mendia izan dela esan daiteke aurreko Gobernuak martxan jarri zuen hezkidetza programarentzat. Apirilean, Nafarroan polemika pil-pilean zela, estatu mailako LGTBI elkarteen aipamen berezia jaso zuen Skolaek. Eraso erreakzionarioek, baina, jarraitu egin zuten, besteak beste, Maria Garcia Barberenarenak. Navarra Sumako Iruñeko zinegotziak naziekin alderatu zituen programaren arduradunak artikulu batean. Adolf Hitler parafraseatuz, honako titularra hautatu zuen: “Zure seme-alabak nireak dira”. Hauteskundeak pasata, alkatetzara itzuli zen Enrique Mayak Berdintasuneko zinegotzi izendatu zuen. Ekainean, hondoa jo zuen Skolaek. Programa diseinatzen parte hartu zuten bost pertsona (berdintasunean eta hezkuntzan adituak) eta programaren trebakuntzan tutore izandako beste bost deklaratzera deitu zituzten Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan irekitako prozesu judizialean, San Cernin ikastetxeko guraso talde atzerakoi batek eta Concapa elkarteak demanda bana jarri ostean. Juan Jose Cortes Huelvan 2008an eraildako Mariluz Corts 5 urteko haurraren aitak zuzentzen duen Plataforma Nacional 18-M taldeak ere salaketa jarri zuen programaren aurka. Harrigarriki, auzitegiek erakunde kristauon demandei bide ematen zieten bitartean, Unescok programaren inguruko interesa agertu zuen. Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundeak Skolae Nesken eta Emakumeen Hezkuntzarako Nazioarteko Saria jasotzeko ere izendatu zuen, «genero berdintasunari egindako ekarpenagatik». Azkenean, gainera, Nafarroako programak mundu mailako saria lortu zuen. Bien bitartean, Nafarroan polemikak ez zuen etenik, Skolaek talka egiten baitu erabat UPNren ikuspegiekin. Azken batean, hezkuntza politiketan argiki islatzen da alderdi bakoitzak babesten duen gizarte eredua, eta, horrek, Skolae gatazka politikoaren epizentroan kokatu du. Hala ere, nabarmentzekoa da polemika gehien sorrarazi duten materialak, gazteei heziketa sexuala eta antisorgailuen gaineko informazioa emateko erabilitakoak, aspalditik erabiltzen zirela ikastetxeetan, baita UPN gobernuan zela ere. Pentsa, Osasunbideko teknikoek prestatuko materialak dira. Aurreko ikasturtearen amaierarekin batera, Skolaek hogei zentrotan abian jarritako pilotutza programa gainditu zuen. Horrek, hurrengo ikasturtean egitasmoa ehun ikastetxe eta institututara helduko zela esan nahi zuen, tartean, Skolaeren aurkako jarrera gogorrena azaldu zuten itunpeko ikastetxe erlijiosoak. Polemikak polemika, ez dago soberan gogoratzea eskoletan kultura berdinzalea ezarri eta indarkeria sexisten aurrean kontzientziatzea dela Skolaeren nahia. Helburu horrekin, hainbat eduki lantzen dituzte, mailaren arabera, irakasleek: eskola jazarpena, sexualitatea, maitasun erromantikoa... Ez da baztertzekoa beste datu bat ere: pilotutza abian izan zen ikastetxeetan harrera bikaina izan zuen programak, irakasleek 8,5eko nota jarri baitzioten. Zurrunbiloaren erdian, baina, maiatzeko hauteskunde autonomikoak heldu ziren. Eta gobernu aldaketa. Geroa Baik hainbat departamendu mantendu ditu gobernu berrian, baina Hezkuntza Kontseilaritza eskuz aldatu zen eta Carlos Gimenok hartu du lekukoa. Hezkuntza kontseilari berriak oposizio gogorra egin zuen aurreko legegintzaldian kargu bera izan zuen Maria Solanaren aurka, bereziki euskararen inguruko politikak tarteko. Horiek horrela, behin ikasturtea amaituta, Gimenok Hezkuntza Departamentua birmoldatu zuen udan zehar, bide batez Skolae sortu zuen taldearekin amaituz, Pilar Mayo Berdintasuneko teknikari nagusia barne. Erabakiak deklaratzeko deitutako teknikariek egitasmoa uztea eragin zuen, tartean, Marian Moreno irakasle asturiarra. Programaren egileetako bat izan zenak argi adierazi zuen ez zegoela prest «programa nola aldatzen duten ikusteko». Hortik aurrera, programari buruz Gimeno kontseilariaren egindako adierazpenak zeharo inkoherenteak izan dira. Izan ere, programa goraipatu eta «hezkidetza ez da negoziatzen» adierazi ostean, itunpeko ikastetxeei laguntza eskaini zien programaren ezarpena moteldu eta materialak egokitzeko. Bien bitartean, Iruñeko epaitegiek “lanean” jarraitu dute eta Skolaeko arduradunak berriro deklaratu behar izan dute «programa ideologiko baten aplikazio totalitarioagatik». Programaren egileetako bik jada bi aldiz agertu behar izan dute epaileen aurrean, eta, egoera ikusita, Nafarroako Gobernuak Skolaeren arduradunei sostengua adierazi beste aukerarik ez du izan. Egoera are kafkiarragoa bilakatzeko, Skolaeko arduradunak epaileen aurrean izan eta bi egun eskasera, urriaren 11n, Maria Chivite lehendakariak Parisen jaso zuen Nesken eta Emakumeen Hezkuntzarako Nazioarteko Saria. Unescok, Skolaek «haurrek berdintasun eskubidea gauzatzea» ahalbidetzen duela nabarmendu zuen, «bakoitzaren erlijioa, kultura eta sexu-orientazioa edozein izanda ere». Chivitek saria jasotzen zuen bitartean, programaren benetako egileek publiko gisa bertaratu beharra izan zuten. Ez zuten oholtzara igotzeko aukerarik izan. Unescok emandakoa, gainera, ez da Skolaek jasotako sari bakarra izan. Azken batean, PSOErentzat ustekabeko pagotxa bilakatu da Skolae eta Gobernu espainolak Berdintasun Ministerioaren bitartez ematen duen saria ere jaso zuen Chivitek. Orduan, Nafarroako Gobernuak programaren benetako egileei saria jasotzeko baimenik ere ez zien eman. Polemikaren erdian, programa ikastetxeetan nola aplikatzen ari den inguruko informazioa kezkagarria da. Iturri batzuen harira, programa ez da osoki garatzen ari, eta, gainera, hainbat itunpeko ikastetxetan materialak egokitzen ari dira. Egoera ikusita, ikuskaritzara jo beharra izango dute arduradun politikoek programarekiko konpromisoa mantendu nahi badute. Gauzak aldatzen ez badira, gainera, ez da baztertzen kontrol parlamentarioa ere beharrezkoa izatea programa benetan bete dadin.