Amagoia Mujika Telleria
Interview
Joseba Belaustegi
gurasos elkarteko kidea

«Orain hasten da benetako borroka, orain hasten baita benetako arriskua»

Zubietako erraustegia proba fasean dago eta kea dario tximiniatik. Irudiak daukan sinbolismo mingarriaren gainetik, GuraSOS elkarteak borrokan segitzeko arrazoiak baino ez ditu ikusten ke horretan.

Gipuzkoako Hondakinen 2019-2030 planari atea zabaldu zitzaion urtearen hasieran eta erraustegiari kea dariola amaitu da urtea. GuraSOSek garbi dauka: borroka inoiz baino beharrezkoagoa da.

Ketan ikusi dugu erraustegia. Zer mugitzen du horrek barruan?

Bi sentipen bereiziko nituzke, bata gaiaren gainean egon garenena, eta, bestea, urrutixeago egon direnena. Guk beti ikusi dugu argazki hau, horregatik borrokatzen dugu erraustegiaren kontra. Baina egia da jende askorengan eragin handia izan duela kea ikusteak, akaso ez zuten espero horrelako tamainakoa, esaten genuena baino gutxixeago zela sinistu nahi zuten.... Gizakiari berez ez zaio alarmista izatea gustatzen, nahiago du gauza txarrak hainbesterako izango ez direla sinistea. Jende gehienari ez zaio gustatzen errealitatea ezagutzea txarra denean. Hori da gure borroketako bat. Jendeak nahiago ditu gezur politak egia gordinak baino.

Garrantzia sinbolikotik aparte, erraustegiaren kontrako borrokan zein esanahi dauka?

Oraindik ez da martxan jarri. Hiru fase daude eta erdikoan gaudela esan daiteke. Lehena, eraikitzea. Lanak oraindik ez dira bukatu, baina egina dagoela esan daiteke. Bigarren fasean gaude, martxan jarri aurreko probetan. Eta, azkena, benetan martxan jartzen denean.

Guk aurreikusten genuen eraiki egingo zela. Eraikita dago eta dagoeneko borroka ez da ez eraikitzea, baizik eta eraikitakoarekin zer egin erabakitzea. Hirugarren fasean borroka ondorengoa izango da: martxan jartzen bada, zein baldintzetan.

Baina, orain, justu, tarteko fase batean gaude eta ez da martxan jarri. Gauza batzuk argitzeko daude. Batetik, erraustegiak daukan ingurumen baimena guretzat iraungita dago eta bertan behera utzi behar da. Hori auzibidean dago eta epaia otsail-martxo inguruan espero dugu. Bestetik, Europan ere salaketa bat jarri genuen eta ez da ebatzi. Normalean urtebetean erantzuten dira salaketa horiek eta ekainean bete zen urtea. Ez dute erantzun, baina ez dute epaia artxibatu. Ez dakigu zer erantzungo duten Europatik, baina bide hori irekita dago. Beraz, badaude bideak abiatuta, ez dira bukatu eta etorkizunean bide judizial gehiago abiatzeko asmoa daukagu.

Martxan jarrita ere, bada zer borrokatu beraz?

Bai, zalantzarik gabe. Erraustegiak zein baldintzetan funtzionatuko duen zehazterakoan gauza asko daude esateko. Ez da gauza bera bost urtez edota hogeita hamabost urtez funtzionatzea. Toxina indartsuenak bio-metagarriak dira. Beraz, gero eta denbora luzeagoan funtzionatu, arriskua handitu egiten da.

Bestetik, ez da gauza bera kanpoko hondakinak erre edo ez. Sailkatu gabeko hondakinen kopurua aldatu egin da azken hamar urteotan, eta, proiekzio bat eginda, aurreikusi daiteke hemen sortzen diren hondakinak ez direla nahikoa izango erraustegiarentzat. Beraz, hor beste borroka bat dago, ez ditzaten kanpotik hondakinak ekarri.

Zer erretzen den ere garrantzitsua da. Arriskutsuak diren eta debekatuta dauden materialak ezin dira erre. Hori ere zaindu beharko da.

Beraz, guk bi gauza eskatzen ditugu. Batetik, erraustegia martxan jartzeko berme nahikoak egon behar dira. Eta, bestetik, funtzionamenduaren kontrol demokratikoa eskatzen dugu. Oraindik asko dago egiteko.

Erraustegitik kea ateratzen ikusteak eta Gipuzkoako Aldunditik zuen kontra egiten ari diren kanpainak ondorioak izan ditzake. Askok pentsa dezakete orain arteko borroka alferrikakoa izan dela, ezta?

Ez da alferrikakoa izan, ezta gutxiago ere. Baina, batez ere, azken hitza ez dago esanda. Kea ikusten dugunean gure seme-alabak babesteko beharra indartu egin behar da. Orain hasten da benetako borroka, orain hasten baita benetako arriskua.

Eta alferrikakoa ez da izan. Hiru urteotan izugarri ikasi dugu. Klabea informazioa da eta gizarte informatu bat, kritikoagoa, ahaldunduagoa eta indartsuagoa da. Adibidez, duela gutxi deskubritu dugu badela Stockholmeko nazioarteko hitzarmen bat hondakin iraunkor kutsakorren inguruan. Estatu espainolak sinatuta daukan hitzarmen horren arabera, agintariak behartuta daude herritarrak hondakin kutsakor horien arriskuez informatzera. Eta hemen justu kontrakoa egin dute, informazioa ezkutatu egin digute. Hemen gizarte mugimenduak arduratu dira herritarrak informatzeaz. Eta legeak agintariak behartzen ditu informazioa ematera. Hasiko dugun fase berri honetan informazioak sekulako garrantzia izango du. Gure pausoak hortik joango dira; gizartea informatu eta ahaldundu egin nahi dugu.

Krisi klimatikoa hitzetik hortzera eta erraustegia martxan hasteko pronto.

Erraustegiaren proiektua duela ia hogei urte aurreikusi zen. Gauza asko aldatu dira, tartean, gizartearen kontzientzia bera. Proiektua ez da birplanteatu, ez da kokatu garai berrietan, ez da egokitu egungo gizartera. Egin den planteamendu bakarra honakoa izan da: proiektu hau egin egingo da bai ala bai.

Erraustegiaren proiektua garaiz kanpokoa da, anakronismo bat. Eta okerrena da bultzatzaileek irtenbide bat bezala saltzen dutela eta ez da irtenbide bat, arazo bat baizik. Ez dute ezer konpondu eta arazo berri bat sortu dute, garaiz kanpokoa baita. Duela hogei urteko harrikada bat, erabat zaharkitua geratu dena. Egungo Europan hau ez da irtenbidea. Guk garbi daukagu gure seme-alaben osasuna defendatzeko eta babesteko tresna guztiak erabiliko ditugula, besteren artean, baita diplomatikoa ere. Hau da, eseri eta gizartearekin adostu beharko dute nola konpondu arazo hau.

Foru Aldundiaren planen arabera, datozen 35 urteetan izango du erraustegia Gipuzkoak.

Hori astakeria hutsa da. Zergatik 35 urterako? Ba bere garaian Gipuzkoako Foru Aldundiak dagoeneko ezin zuelako gehiago zorpetu eta ez zuelako proiektua bultzatzeko dirurik. Hori dela eta, iruzurrezko bide bat topatu zuen, lanen kontzesio baten bidez, eta enpresa pribatu bati lotu zen datozen 35 urteetarako. Arima saldu zion deabruari. Edozein tokitatik begiratuta ere, erraustegiak ez dauka inolako zentzurik.

Bien bitartean, azkeneko hamarkadan eta hain iskanbilatsua izan zen atez ateko sistemarekin eskutik, hondakinak sailkatzea ohitura bihurtu da eta birziklatze tasa izugarri handitu da.

Bai, eta grazia ere egin digu duela gutxi telebista espainol batean Hernaniko adibidea azaldu denean, mundu mailako erreferente dela esanez. Europan inork ez dauka zalantzarik: hondakinak sailkatzea da bidea. Eta atez atekoarekin hemen gertatu zena guztiz onartezina litzateke gaur egun, inork ez luke babestuko.

Baina, tira, ez dezagun atzera begiratu, begiratu dezagun aurrera. Erraustegiak gaur egun ez dauka zentzurik, ezin du interes pribatuen esku egon eta are gutxiago kontrol demokratikorik gabe. Eta pentsatzen badute oso kontzientziatuta dagoen guraso talde bat ezer egin gabe geratuko dela, oso oker daude. Borroka hau ez da bukatu. Guk ezin dugu guraso bezala dimititu, gure eginbeharra da haurrak babestea. Erraustegiaren gaia konpondu egin behar da, bai edo bai. Eseri, hitz egin eta konpondu.