GAUR8 - mila leiho zabalik

Estatuaren hormatzarra gainditzeko zailtasunak


Kataluniako prozesuak krisi larria bizi du independentismoaren barne zatiketa dela-eta. Estrategiaren inguruko zalantzek eta desadostasunek ez ezik, indar bakoitzaren interes kontrajarriek ere eragin duten krisia dela dio hainbatek. Hegemoniaren borroka deitzen diote horri.

Dena dela, Kataluniako prozesuari bide emateko arazorik handiena Estatu espainola da, zalantzarik gabe. Edozein dela estrategia, 2017ko urriko erreferenduma ekarri zuen aldebakarrekoa dela, orain saiatu nahi den elkarrizketa bidezko aldebikoa dela, hortxe izango da Estatuak indarrez eta inposizioz jarritako hormatzarra.

Aipaturiko 2017ko urriaren 1ean egindako erreferendumarekin eta Errepublika indarrean jartzeko saio harekin oso urruti iritsi ziren Kataluniako independentistak, hamarkadetan Europan izandako prozesu herritar iraultzaileenean. Baina, esan bezala, ez zuten horma erabat pitzatu eta gainetik pasa, eta hortxe hasi ziren duda-mudak.

Garai hartan, buruzagi edo ordezkari nagusien artetik bakar batek adierazi zuen publikoki halako prozesu batek zer suposatzen zuen benetan, zein zen halako une batek eskatzen zuen segida. Eta ez zen katalana izan. Irratian egindako elkarrizketa batean, Arnaldo Otegik adierazi zuen, prozesuak hartutako norabidearekin, zein izan zitekeen segida hori. Analista gisa egin zuen, ez baitzegokion berari erabakiak hartzea.

Une hartan, prozesuak hartutako norabidea kontuan hartuta, independentistei lurraldea okupatzea zegokiela esan zuen. Hau da, Kataluniako instituzioak Errepublika berriari lotu, eta herritarrek kalean horien biziraupena segurtatzea. Grafikoki esanda, milaka lagun Kataluniako erakunde garrantzitsuenen aurrean iraunkorki elkartuta; Estatuak amore eman zezan, autodeterminazio prozesua negozia zezan edo haren erantzun bortitzak are eta argiago utz zezan, baita nazioarteko komunitatearen aurrean ere, deskonexioa.

Bi ikuspuntu

Diotenez, Puigdemont presidenteak ez zuen halakorik bideratu ez zuelako bere kontzientziaren gainean hildakorik nahi, Estatuaren erreakzioak horrelakorik ekar zezakeela jakinda. ERC ere ez zegoen jadanik martxan ziren aldebakarreko estrategiaren ondorio errepresiboak ordaintzeko prest.

Haren guztiaren ondotik etorri dira estrategiaren gaineko desadostasunak. Batzuek prozesuak aurrera egiteko independentismoak bere oinarria zabaldu behar duela diote; hau da, independentismoak oraindik ehuneko handiagoa eskuratu behar duela, erabakitzeko eskubidearen aldeko edo, gutxienez, Estatuaren jokabidea arbuiatu dutenen sektoreak erakarriz. Beste batzuek horretarako aukera handirik ez dagoela diote, sektore horiek honezkero, gertatutako guztiarekin, urrats hori egina behar zutela, eta horregatik berriro hausturarako unea bilatu behar dela, desobedientziaren bidez. Hormatzarra saltatzen saiatu behar dela berriro, dagoen indarrarekin.

Desadostasuna ez da epe laburrean argituko, baina bien bitartean, Errepublikaren proiektuaren mesedetan, desadostasuna behin betiko ez ezartzeak lehentasuna beharko luke izan, prozesuak indar handiagoa pilatzeko aukera izan dezan eta beste «momentum» erabakigarririk erdiets dezan. Estatua baita gainditu beharreko arazo nagusia. •