FEB. 22 2020 BERTSO ESKOLAK 1.800 lagun 259 taldetan, bertsoak herrietan dituen oinarrizko kanpalekuetan Ez dira Bertsozale Elkartearen ordezkari, baina bai oinarri. Herriak sortuak, bertso eskolak bertsotan egiteko tokiak baino askoz gehiago dira. Ahozkotasunari lotutako trebetasunak fintzeko lagunartea batetik, herrietan bertsoaren taupada bizirik mantentzeko tokiak bestetik. Orain kontatu egin dituzte: 1800 lagun ari dira 259 taldetan, 117 herritako bertso eskoletan. Amagoia Mujika Telleria Bertsozale Elkarteak, UPV/EHUrekin batera, bertso eskolen inguruko datu bilketa bat egin berri du. Bildutako datuek osasun ona erakusten dute, zenbakitan behintzat bai: 1.796 lagun elkartzen dira 117 herritako bertso eskoletan beren zaletasuna partekatzeko. Belaunaldi desberdinak txirikordatzen dira bilgune horietan, 1.300 bat haur eta 430 heldu inguru, 259 talde eta 112 irakasle. Oihana Iguaranek, Bertsozale Elkarteko Transmisio Saileko arduradunak azaldutakoaren arabera, «azterketa kuantitatiboa izan da, huts-hutsik. Lehenengoa izanik, helburua da lau urtean behin edo ziklikoki egitea kontaketa, bilakaera landu ahal izateko. Kasu honetan lehen emaitzek abiapuntua ematen digute». UPV/EHUko Gizarte Antropologiako ikaslea den Aitana Miner aritu da hilabete pare batean datuak biltzen. Lehen begiratuan, dagoeneko igartzen dira puntak zenbaki horietan. «Euskararen lurralde osoan daude bertso eskolak. Nabaritzen da euskararen erabilera handiena den guneetan daudela bertso eskola gehien. Baina bertsolaritzaren parte izan nahi duenak, gutxi edo gehiago, etxetik gertu aukera dauka. Hori da poz handiena ematen diguna», nabarmendu du Iguaranek. Lehen begiratutik harago, datu horietan sakondu nahi dute. «Bertsozale Elkartearen zehar-lerroak diren generoa, lurraldetasuna eta belaunaldiartekotasuna aztertu nahi ditugu, orekan nola gabiltzan ikusi». Ertz horietan denetan etxeko lanak izango dituztela aurreikusten dute gainera. Zehazki, 1.796 partaide aritzen dira bertso eskolan, 117 herritan dauden 259 taldeetan. Emakumeen eta gizonen kopuruak antzerakoak dira –%49 emakumeak; %51 gizonak–, baina oreka hori erabat hausten da adina tartean sartzen denean. 18 urtetik beherako taldeak aintzat hartuta, %56 dira neskak eta %44 dira mutilak; aitzitik, helduen taldeetan, %30 dira emakumeak eta %70 gizonak. 18 urte, inflexio puntua «Inflexio puntu garbia dago. 18 urtetik aurrera asko jaisten da emakumeen parte hartzea. Azterketa soziologikoak antzeko datua nabarmendu zuen. Arkaitz Zubirik plazaratutako datuetan ikusten genuen Eskolarteko garaian, 18 urtera arte, paretsua zela neska-mutikoen parte hartzea. Gainera, azken urteotan Eskolarteko txapeldunak askotan emakumeak izan dira. Baina, gero, arrakala nabarmen zabaltzen da eta emakumeen presentzia %20ra pasatzen da. Bertso eskolako datuek ere arrakala izugarria erakusten dute. 18 urtetik gora, bertso eskoletan %30era jaisten da emakumeen presentzia. Eta plazan are bortitzagoa da arrakala, presentzia hori %20koa baita». Zenbakion atzean dauden errealitateak ulertzeko, azterketa gehiago beharko dira, datuok galdera asko pizten baitituzte Bertsozale Elkartearen baitan: «zergatik uzten duten emakume helduek bertso eskola; bertso eskolan elkartzeari utziagatik, bertso munduan jarraitzen duten ala ez (eta zaletasunari heldutasunean nola eta zein guneren bidez ematen dieten jarraipena); edota bertso eskoletako ohiko dinamiketan zer alda genezakeen, emakumeen parte hartzea sustatzeko». «Bertso eskolak gune babestuak eta konfiantza esparruak diren arren, datuek erakusten dute 18 urtetik gora asko jaisten dela emakumeen parte hartzea. Alegia, oraindik lan handia dago egiteko», nabarmendu du Iguaranek. Hartara, garbi ikusten du Ahalduntze Bertso Eskola bezalakoak beharrezkoak direla. Bertsolaritza jendartearen parte den neurrian, horren ajeak sumatzen zaizkio. «Bertso eskolak ez ditu bertsolariak bakarrik sortzen; gai-jartzaile, epaile, antolatzaile edo besterik gabe horretan gozatzen duen jendea sortzen da hortik, mugimendu horren parte izan nahi dutenentzat bilgune bat da. Baina bertso eskolako datuak konpara genitzake beste diziplina batzuekin; antzerkia, dantza, musika... jendarte baten barruan gaude. Baina, horren baitan, gure jarrera ez da ukaziozkoa, aztertu eta hausnartzekoa baizik. Zer egin dezakegun gogoetatzekoa». Eskua altxatzea, jendaurrean hitza hartzea, akatsa egitea, tontakeria bat egitea... normalean gehiago kostatzen zaio neskatoari bertso eskolan bezala ikasgelan eta beste hainbat esparrutan. «Gainera, ahoz gora eta kantuan egin behar du. Paperean egiten diren gauzetan ezkutuago pasatzen dira horiek. Ikasgela batean ahotsa altxatu behar duzunean, kasu honetan kantuan eta bat-batean, zorroztu egiten dira exijentzia horiek guztiak eta haragi bizitan sumatzen dira ezinak», esan du Iguaranek. Lehengo eta oraingo erronka Villabonakoak badaki zertaz ari den, umetan eta gaztetxotan bertso eskolan emakume bakarra izan da. «Ni nire taldean bakarra izan naiz urte askoan. Irakaslea zen emakumea, Amaia Agirre. Nire kasuan garbi daukat zein garrantzitsua izan zen Amaia Agirrek ulertaraztea sentitzen nituen oztopo eta ezin horiek denak ez zirela nireak bakarrik, orokorrak zirela, berak ere sentitu eta gainditu zituela. Niri horrek lagundu zidan jarraitzen. Orduan ez nintzen horrekin konturatu, baina gerora bai. Askotan pentsatu izan dut zergatik jarraitu ote nuen bertso eskolan, salbuespen bat banintzen. Gaur egun Harituz bertso eskolan erronka beraren aurrean gaude: mutil askoz gehiago dauzkagu neskak baino. Neskak bertso eskolara erakartzea eta bertan eroso sentiaraztea da gure erronka». Bertso eskoletako irakasleen datuari ere erreparatu behar zaio; 112 herritan irakasle aritzen direnen artean %19 dira emakumeak. «Irakasle bakoitzak zenbat talde dituen ez dakigu. Hori ere datu garrantzitsua da». Bertso eskola mota desberdinak daude. Txapelketa prestatzeko elkartzen dira talde batzuk; sortak abesteko edo saioak antolatzeko egitekoa dute helburu beste batzuek; bat-batean aritzekoa, askok. Gehienak bat-batean trebatzen aritzen diren taldeak eta hasiberrienak dira: 259 taldetatik 125 eta 87, hurrenez hurren. Euskararen lurralde osoan Esanda bezala, euskara osasuntsuago dagoen tokietan ugariagoak dira bertso eskolak, baina arnasguneetan ere ez da beti erraza bertso eskola bat antolatzea. «Neurri batean baliabideei ere erantzuten die mapa horrek. Azkenean, azpiegitura bat eskatzen du. Batzuetan Elkarteak berak premia bati erantzun nahi dio eta beste batzuetan tokian tokiko eragileek ematen dute bultzada. Baina garrantzitsua da lurraldetasunaren ikuspuntutik mapa horri begiratzea». Berez bertso eskolak herriarenak dira, herri bakoitzean sortuak. Mugimendu autonomoak dira eta askatasuna daukate beren dinamikak sortzeko. «Baina egia da Elkarteak Euskal Herri mailan egiten dituen lanak beren gain hartzen dituztela eta erabat beharrezkoak direla. Bertso eskolak antolatzeaz gain, saioak antolatzen dituzte, bilketa lanaz arduratzen dira, tokian tokiko mugimenduekin aritzen dira... Ez dira Bertsozale Elkartearen ordezkariak, oinarria dira. Horiek gabe Elkartea ez litzateke toki guztietara iritsiko. Pertsona horiek egiten dute posible beren herrian txapelketako saio bat antolatzea, bertsolaritza existitzea, presentzia bermatzea, santa eskean taldetxo bat ateratzea, saio batzuk izatea herri mailan...», nabarmendu du Iguaranek. Hizkuntza zorrozteko lekua «Ez dut ezagutzen hizkuntza zorrozteko beste lekurik», dio zuzen Oihana Iguaranek bertso eskolaren bertuteez galdetuta. «Diskurtsoa egituratzen ikasteko gunea, jendaurreko komunikazioa aurrez aurre lantzeko esparrua. Bertso eskoletan elkartzen zaizkigun gazteek hizkuntzarekin jolastu nahi dute, hizkuntzan trebatutako jendea da. Ikasgela batean ikasle bat zutik jarri eta lehen aldiz bi oin hartu, lotu eta bat-batean zati hori eraikitzen duen unean sentitzen ari dena eta puntako bertsolari batek final batean, jendetza baten aurrean, kantatzen duenean sentitzen duena gertu daude. Ez dira konparagarriak, baina oso gertu daude sentsazio aldetik eta erronka mailan. Bertso eskola sekulako tresna da; hizkuntzaren lanketa, diskurtsoa egituratzeko gaitasuna, dialektikarako gaitasuna, enpatia, kantatzen ikastea, entzuten ikastea pentsatzen duzun bitartean, elkarrizketa antolatzen ikastea... Zenbait gairi buruz pentsatzera ere ez ginateke iritsiko bertso eskolatan topatuko ez bagenitu». XABIER AMURIZA «Hiru eztabaida nagusi zeuden: bertsolaria jaio ala egin? Euskaldun berriak izan al daitezke bertsolari? Eta, emakumeak?» 1980an jantzi zuen Euskal Herriko txapela lehenengoz. Ordurako Amurizak mahai gainean jarria zuen garaian pitzadura dezente sortzen zituen gaia: bertsolaria jaio ala egin? Lehenagotik ere jendea elkartzen zen taldean bertsotan egiteko, baina modu sistematikoan eta apropos prestatutako materiala erabilita aritu ziren lehen bertso eskolak Xabier Amurizak bultzatu zituen. 1980 inguruan, txapela irabazi berritan, herri askotan piztu zuen metxa. Bertsotan egiten ikas zitekeela esan zenuen askok bertsolaritza berezkoa zela, Jaungoikoak emandako aparteko bertute bat zela, esaten zuten garaian. Hautsak harrotuko ziren, noski. Bai, eta dezente. Nik txapela irabazi nuenean sektore batek muzinez hartu zuen. Ni ez omen nintzeko berezko bertsolaria, liburuko bertsolaria omen nintzen, depositoko ura, ez berezko iturrikoa... Mito hori bazegoen eta gerora ere jarraitu zuen. Bertsotan ikas zitekeen edo ez ika-mika horretan, hiru eztabaida ziren nagusiak: lehena, bertsolariak berezkoa ote zuen dohaina edo ikasi ote zitekeen; bigarrena, euskaldun berriak bertsolari izan ote zitezkeen, eta, hirugarrena, emakumeak bertsolari izan ote zitezkeen. Hiru gako horiek ziren nagusiak. Eztabaida horien gainetik, ordurako zuk garbi zenuen norabidea bertso eskolena zela. Zalantzarik gabe. Ordurako “Hiztegi errimatua” egina nuen eta zabalkundea izan zuen. Niretzat berezkoa izateak ez du kentzen nola egiten den ezin denik esplikatu. Kontua ez da berezkoa den ala ez, berez gaitasun bat behar duzu, baina ez baduzu lantzen, ez baduzu entrenatzen, ez du ezertarako balio. Nik hori garbi neukan. Beste diziplina guztietan –musikan, artean...– eztabaidatzen ez zen kontua, zergatik eztabaidatzen zen bertsolaritzan? Nik adibide bezala esaten nuen ni bertsotan txapelduna izatea baino askoz zailagoa zela musikan Mozart edo Guridi izatea. Musikarien kasuan ez da planteatzen berezkoa duten edo ez, noski talentua eduki behar dutela, baina hori landu egin behar da, ikasketak eta formakuntza behar dira. Bertsolaritzan berdin. Eztabaida giro horretan ematen zen eta esan bezala hiru ardatz zituen; berezkoa, euskaldun berriena eta emakumeena. Nik hirurak defendatzen nituen, nola ez ba? Baina bertsolaritzak premia garaia bizi zuen eta horrek lagunduko zuen eztabaida apaltzen, ezta? Bai. Berezkoa esaten zen horretan giro jakin bati buruz ari ziren; euskaldun giroa, tabernak, erromeriak, sagardotegiak... Ordura arte edonora sartu, bertsotan hasi eta jendeak jarraitu egiten zuen. Baina hori aldatzen ari zen. Gizarte hori bukatzen ari zen eta bertsoa berezkoak zituen gune horiek gabe geratzen ari zen. Beste toki batzuk sortu beharra zegoen, biltzeko eta bertsotan egiteko tokiak. Gizartea aldatzen ari zen eta bertsoak toki propioak behar zituen; bertso eskolak adibidez. Horrez gain, bertso saioak antolatzen hasi beharra zegoen. Dagoeneko ez zuen balio edonora joan eta bertsotan hastea. Txapela irabazi zenuenean zure tesiek indarra hartuko zuten. Bai. Ordurako bazegoen premia bat eta txapela irabazi nuenean askok pentsatu zuten zerbait irakasteko modua izango nuela. Herri batetik eta bestetik deika hasi zitzaizkidan, ez bakarrik bertsotarako, euskalgintzaren eta kulturgintzaren ingurutik ere interesa piztu zen. Fenomeno moduko bat sortu zen. Nik ez nuen sortu, ni erdian harrapatu ninduen, askok pentsatu zutelako nik zerbait egin nezakeela. Herriz herri bertso eskolak ematen hasi zinen eta adin guztietako jendea hasi zen gerturatzen. Bai, gaztetxoak eta helduak nagusiki. Baina bertso eskolak irekiak zirenez, gogoratzen naiz Eibarren antolatu genuen bertso eskolara –udalbatza aretoan– 80 lagun agertu zirela, bi dozena haur tartean eta baita 70 urtekoak ere. Ez zen erraza izan hura antolatzea, baina lagunartean eta giro onean topatzen genuen irtenbidea. Baina normalean haurrak ez ziren agertzen, gaztetxoak bai, 14-15 urtetik gorakoak. Baina horiek zaletasunez eta intentzio batekin gerturatzen ziren eta ez zen inolako arazorik izaten. Ilusio bereziko urteak ziren. Bai. 80ko hamarkadako buelta horretan fenomeno orokor bat izan zen, denean zegoen ilusio berezi bat. Frankismotik irten berri, jendea gartsu zegoen euskara bultzatzeko eta berehala sortu ziren bertso eskolak han eta hemen. Lagunarteak, taldeak, ekintzak, euskara praktikatzeko tokiak... gauza asko biltzen ziren bertso eskoletan. Egindako bidea ikusi eta orain hainbeste bertso eskola eta hain osasuntsu ikusita, zer sentitzen duzu? Poza, sekulako poza, batez ere garai batean izan ziren hiru eztabaida gako horiek gainditu direlako. Gaur inork ez du zalantzan jartzen ez berezkoa edo ikastearena, ez euskaldun berriena ezta emakumeena ere. Urte gutxitan lan handia egin da. Emakumeen eztabaida gaindituta dago eta euskaldun berriena ere bai; Araban eta Bizkaian baditugu euskaldun berriak diren txapeldunak. Sekulako poza ematen dit gaurko egoerak. Bertso eskolan ez da bertsotan bakarrik ikasten. Lagunartea sortzen da, hizkuntza lantzen da, talentua lantzen da, normalean han dabilena idazlea eta irakurlea ere bada, beste saltsa batzuetan aritzen da... Nukleo txiki bat sortzen da eta nukleo horrek ez du bertsotan bakarrik egiten, gauza asko egiten eta antolatzen ditu herrian. Eta adin delikatu samarretan, nerabezaroan, bertso eskolan dabilenaren etxean buru-hauste gutxiago egoten da, neska-mutilak giro jakinean sartzen direlako, lagunarte jatorra izaten da normalean. Hazteko toki ona da bertso eskola. Baina irakaslea funtsezkoa da, irakasleak ez badauka ganorarik, ez dago zer eginik. Pozik esan dezakezu arrazoia zenuela. [Barreak] Tira, ni seguru nengoen bertso eskolak aukera ona zirela. Urte asko pasatu dira eta poza eta harrotasuna ematen dit egin den bideak. Orduan bertso eskolak defendatu egin behar izan nituen eta beti ez zen erraza; joaten nintzen toki guztietan banintzen edo ez nintzen demostratzea nekeza zen. Baina neu ere gazteagoa nintzen, egoskorra ere bai, eta saltsa hartan gogoz defendatzen nituen bertso eskolak, garbi nuelako bidea hori zela. Horrek poza orain ematen dit, orain astia ere badudalako poz horrekin gozatzeko. Gaur egun ezin da ulertu bertsolaritza bertso eskolarik gabe. Ezin da ulertu. Gaur egun ez dago baldintza sozialik bertsolaritzaren berezko transmisioa egiteko. Bertsoa berez transmititzen diren tokiak bukatu dira; edonon sartzen bazara telebista dago martxan, futbol partida bat... han ezin zara bertsotan hasi. Erromeriak ere asko gutxitu dira. Amaitu da martxa geldo samar hori, orain jendea aurrera eta atzera bizkor dabil, oso jende dibertsifikatua gara... Beraz, gaur bertso eskolaren antolakuntza nahitaezkoa da bai umeek eta bai helduek praktikatzeko eta garatzeko. Zeharo aldatu da. Zer moduz bizi zara plazatik aparte? Oso ondo. Lekuona saria ere eman didate, datorren martxoaren 28an izango da ekitaldia eta, hain zuzen, sari horren motibo nagusia bertsolaritzari egindako ekarpena izan da. Haien esanean erabateko erreferentea izan naiz. Sustoa ere hartzen dut horrelakoak entzunda, baina poza ere izugarria. Orain denbora gehiago daukat horrelakoekin gozatzeko eta gozamena luzatzeko. Oso ondo bizi naiz eta oso pozik. «Azterketa kuantitatiboa izan da, huts-hutsik. Lehenengoa izanik, helburua da lau urtean behin edo ziklikoki egitea kontaketa, bilakaera landu ahal izateko» Genero arrakala nabaria da. 18 urtetik behera neska-mutikoen presentzia parekoa da, baina 18 urtetik gora, bertso eskoletan %30era jaisten da emakumeen presentzia. Plazan, %20ra