GAUR8 - mila leiho zabalik
SEYCHELLETAKO ERREPUBLIKA

Munduko heroina kontsumo tasarik handiena duen herrialdea

Asiaren eta Europaren arteko heroinaren ibilbidean puntu bat baino ez dira Seychelle uharteak. Ehundik gora uharte dituen artxipelagoa oso egokia da droga trafikarientzat. Baina Afganistanen ekoitzitako substantzia guztia ez da Europara joaten, bertan ere kopuru bat geratzen baita. Horregatik du horrenbesteko kontsumo tasa.


Turistak erakartzeko moduko paradisua dira Seychelle uharteak, beren koralezko uharri, mangladi eta hondar zuriko itsasbazterrekin. Indiako Ozeanoan dagoen artxipelagoak 360.000 turista hartzen ditu urtean, oporraldi ahaztezinak egingo dituztelakoan.

Baina turistentzat pribatizatutako uharteekin, jatetxe garestiekin eta luxuzko resort edo konplexu turistikoekin batera, herrialde txikiak bertako biztanleen heroina kontsumoa izurrite bihurtuta du. Horren aurka gogor saiatzen ari da Gobernua: hasiera batean «drogen aurkako gerran» egin zituen urrats batzuk, hau da, zigor neurriak erabili zituzten izurriteari aurre egiteko, oso emaitza txarrekin, eta azken urteotan estrategia aldatu eta gaixotasun bat duten paziente moduan tratatzen dituzte kontsumitzaileak.

Victoria hiriburuko auzo batean ibilgailu berezi bat dago, eta ondoan makina bat pertsona, emango dieten metadonaren zain. Graham Moustache da horietako bat. Berak eta bere bost anai-arrebak heroinazaleak direla esplikatu du. Berak 10 urte besterik ez zituen droga hori probatzeko aukera lehen aldiz izan zuenean. Eta berehala heroinaren mendera erori zen. Espetxetik bi aldiz pasa ondoren, beste bide bat aurkitu beharrean zegoela erabaki zuen.

«Oso zaila izan zen. Ni lapurretan ibiltzen nintzen eta familiak ez ninduen etxean onartzen. Edonon egiten nuen lo, jatekorik ez nuen izaten… Eta dirua izanez gero ere, janaria erosi beharrean heroina erosten nuen, hurrengo egunean berriro jatekorik gabe izateko!», azaldu die gazteak France-Presse berri agentziako kazetariei.

Gisele Moumouk 33 urte ditu eta heroinazalea da. 13 urte zituela probatu zuen lehendabiziko aldiz Afganistanen ekoizten den substantzia eta geroztik utzi ezinik dabilela dio. Orain metadona hartzen du, baina oso zaila egiten zaio heroina bere bizitzatik erabat ateratzea.

Amonari lapurtutakoa

Jed Lesperancek 34 urte ditu eta 20 urte zituela hasi zen legez kontrako drogak kontsumitzen. Hasiera batean «tarteka marihuana erretzen nuen lagunekin, ondo pasatzeko. Baina azkenean heroinarekin hasi nintzen eta neure bizitzaren jabe egin zen substantzia hori. Egunean bizpahiru aldiz erretzen nuen heroina. Batzuetan nire amonari zerbait lapurtzen nion droga erosi ahal izateko. Aste batzuk nahikoa izan ziren heroinaren mendera erortzeko».

Gobernuak eman dituen datuen arabera, orain hamarren bat urte heroina kontsumoak gora egin zuen Seychelleetan. Agintariek nabarmentzen dute artxipelagoa Asiaren eta Europaren arteko heroinaren ibilbidean dagoela. Ehundik gora uharte dituen artxipelagoan herrialdearen muga erabat ixtea, droga hori edo beste edozein gauza kanpoan uzteko, ezinezkoa da.

Heroina menpekotasuna gaixotasun kronikotzat hartzen dute egun. Kontsumitzaileek bi aukera izaten dituzte: agintariek abian jarritako metadona programan sartu, heroina erabat uzteko konpromisoa hartuta, edo, bestela, kalteak murriztea helburu duen programarekin bat egitea (konpromiso gutxiago eskatzen du). Bi kasuetan heroinazaleek laguntza medikua eta psikosoziala izaten dute.

Droga sintetikoak

Herrialdean abian jarri diren klinika ibiltariei esker, gaur egun 2.000 heroinazale baino gehiagok metadona hartzen dute, eta heroinaren prezioak behera egin du. Aldi berean, baina, bestelako drogak kontsumitzen hasi dira herritar batzuk, droga sintetikoak, eta horien aurka metadonak ez du ezer egiten.

Bestalde, programan sartu direnen %68k lanpostua dute orain eta heroinarekin lotuta ageri den delinkuentziak behera egin du, jakina.

Jed Lesperanceri sekulako mesedea egin dio programak, berak garbi onartzen duenez. Goizero hurbiltzen da klinika ibiltari horietako batera: leihoak zabalik dituzten kamioneta zuriak. Bertan egoten dira terapeutak eta erizainak, paziente bakoitzari bere dosia emateko. Klinikakoek erabiltzaileen izena, data eta bisita egin duen ordua erregistratzen dituzte. Informazio horren truke, beren dosia ematen diete.

«Lana aurkitu nuenetik, hobeto nago, beste egonkortasun batekin, eta programan jarraitzeko animoak eman dizkit. Gainera, amonari itzuli egin diot bere garaian lapurtu nionaren zati bat eta horri esker gure arteko harremanak ere hobera egin du».

Bere hitzak baieztatzen ditu Michelle Sabury erizainak: «Ez da pertsona bera. Lehen aldiz etorri zenean, oso argal zegoen eta ez zeukan inolako itxaropenik. Orain askoz ere sasoikoago dago eta egunero lanera joateko gauza da. Lortutakoaz harro gaude».

 

«Muga porotsuak» eta «gerraren» porrota

Adituek esaten dute «muga porotsua» dutela Seychelle uharteek, eta horrexegatik dela hain interesgarria trafikarientzat. Baina uharteetara iristen den heroina guztia ez da Europa aldera ateratzen, proportzio txiki bat bertan geratzen baita, artxipelagoan dauden heroinazaleen esku alegia.

Patrick Herminie Drogen Abusua Prebenitzeko Agentziako buruak fenomenoari aurre nola egiten dioten azaldu dio France-Presse agentziari: «Orain bederatzi urte, 2011n, artxipelagoan 1.200 kontsumitzaile genituela jakin genuenean, zerbait egin behar genuen. Baina ez genuen egin. Zigorrak gogortu genituen, ‘drogen aurkako gerrarekin’ zerbait aurreratuko genukeelakoan. Hemen izan dugun akatsik larriena arazoa zigorrekin konpondu nahi izatea izan da».

Orain ia hiru urte jarrera hori aldatu egin zuten: orain osasun publikoaren aldetik aztertzen dute arazoa, «Portugalen eredua jarraituz», eta heroinan eroritako herritarrei metadona eskaintzen zaie, eta eskolatan eta enpresatan sentsibilizazio kanpainak egiten dituzte. Azken hiru urteotan, %1.000 hazi da programa anbizioso hori aurrera ateratzeko aurrekontua.