MAR. 07 2020 Interview Alaitz Telletxea, Maixa Lizarribar, Amaia Oreja, Kris Solano Amak musika proiektua «Denbora ateratzea zaila da, baina orain erabaki dugu denbora atera nahi dugula» Beren izenen lehen hizkiak josita sortzen da «Amak» hitza. Eskarmentu handiko lau trikitilari, plazaren martxa ezagutzen duten lau sortzaile, agendak bateratzeko nahiko lan duten lau ama. Juan Carlos RUIZ | FOKU Amagoia Mujika Telleria Alaitz Telletxea, Maixa Lizarribar, Amaia Oreja eta Kris Solano dira. Beren izenen lehen hizkiak hartu eta “Amak” hitza josten da. Beren doinuak eta ahotsak hartu eta trikitiaren historiaren pasarte garrantzitsua josten da. Euskal Herriko soinu bandaren parte dira zalantzarik gabe. 90eko hamarkadan, trikitiak leiho berriak ireki zituen eta haize freskoa sartu zen bertatik. Maixa ta Ixiar, Alaitz eta Maider, eta Kristina eta Amaia trikiti bikoteek plaza asko jarri zituzten dantzan. Ordura arte oso gizonezkoena zen trikiti munduan pausoa aurrera eman eta lehen lerroan plantatu ziren. Ez zen akaso hausnarketa sakon eta luze baten ondorio izan, gogo bizi baten ondorio baizik. «Guk hori egin nahi genuen, plazetan jo eta kantatu», gogoratu da Maixa. Lehen lerroan jartzen denak badu bistakoa den ondorioa: ikusi egiten da. Eta begira dagoenak sinisten du bera ere egon daitekeela lehen lerro horretan. «Niretzat oso garrantzitsua izan zen Maixa ta Ixiar plazetan ikustea. Nik ere hori egin nahi nuela pentsatu eta sinistu nuen. Niretzat erreferente izan ziren», aitortu du Krisek. Kristina eta Amaia bikotean ez ezik, M-n Ezten taldean ere aritu ziren Kris Solano eta Amaia Oreja. Orain Amak izeneko proiektuan batu dira; berriz ere ez hausnarketa baten ondorio, gogo baten ondorio baizik. Kasualitatez elkartu zituzten, gustura sentitu ziren eta elkartzen segitzea erabaki zuten. Beste erritmo batean, bizitzaren beste etapa batean eta laurak ama direla dator proiektu berria. «Gure izenen lehen hizkiak batu eta ‘Amak’ hitza sortzen dela konturatu ginen. Eta laurok ama gara. Horregatik erabaki genuen proiektuari izen hori jartzea. Ama izateak markatzen du, ez sortzeko orduan, baina bai sortzeko tarteak topatzeko orduan», zehaztu du Alaitzek. Ostiral iluntzez, igande goizez... ahal dutenean elkartzen dira Altzon entseatzeko. Eguneroko agendari zatitxoak lapurtzen dizkiote laurak elkartu eta musikarekin gozatzeko. «Ez da erraza izaten laurok elkartzea, ordutegi desberdinak ditugulako. Baina, era berean, beharrezkoa ere bada. Guk gozatu egiten dugu musikarekin eta proiektu hau horretarako abiatu dugu, gozatzeko», esan du Amaiak. Nondik nora sortu da Amak? Amaia: Ez da propio guk sortu dugun proiektua. Oñatin urtero jaialdi bat antolatzen da. Urte batean emakume musikariekin osatu zuten eta Kris eta ni eta Maixa eta Alaitz joan ginen bikote modura. Berez Maixa eta Ixiar eta Alaitz eta Maider eraman nahi zituzten, baina Ixiarrek eta Maiderrek ezin zuten eta horregatik osatu zuten bikotea Maixak eta Alaitzek. Jaialdi horren hamargarren urteurrenean aurretik parte hartu genuen bikoteak nahastu egin gintuzten eta gu laurok elkarrekin aritu ginen. Eta oso gustura sentitu ginen. Oñatin egindakoa gustatu eta Errezildik deitu ziguten. Eta Errezilen egindakoa gustatu eta Hondarribitik deitu ziguten. Ez dugu guk sortu, etorri egin da. Baina egia da gu oso eroso sentitu garela. Zuen izenak estu lotuta daude trikitiaren haize berriekin eta 90eko hamarkadan izandako gorakadarekin. Emakumeek lehen lerroa hartu zenuten. Nola gogoratzen duzue? Maixa: Gure lehen borroka etxean izan zen, gizonezkoen mundu batean sartu ginelako. Baina behin plazara salto egin genuenean, entzungor egin genien komentario guztiei. Ixiarrek eta biok garbi genuen hori egin nahi genuela, plazaz plaza ibili. Hori zen gustatzen zitzaiguna eta ez zitzaigun inporta besteek zer esaten zuten. Askotan aipatzen dugu entzuten genituen iritzi guztiei kasu eginez gero, etxean geratuko ginatekeela. Gizonezkoen mundua zela diozu. Maixa: Bai, horrela zen. Emakumea laguntzailea, pandero-jotzailea, izaten zen. Baziren soinua jotzen zuten emakumeak, baina etxean zeuden, ez ziren plazan aritzen. Eta herriz herri ibiltzen ginenean plazara agertzen zirenak ere gizonezkoak ziren gehienak. Publikoan gizonezkoak ziren nagusi. Goizeko ordu txikietan, festa giroan, bi emakume oso gazte oholtza gainean ikustea... horrek zeresana ematen zuen. Ez guretzat bakarrik, baita gure gurasoentzat ere. Gure gurasoak gurekin ibiltzen ziren, haiek eramaten gintuzten plazaz plaza, eta askotan entzun behar izaten zuten ea nola uzten zieten alabei martxa horretan ibiltzen. Komentarioak beti izaten ziren, baina paso egiten genuen. Urteen joanean gero eta emakume gehiago daude. Gaur egun trikiti eskoletan emakume asko daude. Trikiti eskoletan badaude emakumeak. Eta, plazan? Maixa: Ez nuke jakingo zehatz esaten, baina egia da plazan dabiltzan taldeetan gizonak direla nagusi. Hor badago zer aztertu. Plaza gogorra da, lan asko egin behar da plazan aritzeko. Eta garrantzitsua da plazan aritzeko lehentasunak markatzea. Gure kasuan, adibidez, orain Amak proiektuan biltzeko puzzle asko osatu behar ditugu. Baina une honetan gure lehentasuna da gauzak gogoz egitea, ez egin behar direlako egitea. Plazan presentzia izatea, jendaurrera agertzea. Hori gogorra al da? Amaia: Guk erabateko naturaltasunez bizi izan dugu hori. Nik behintzat ez dut asko pentsatu horren inguruan. Niretzat plaza gogorra da hutsa dagoenean, baina, plaza beteta dagoenean eta musikariak eta publikoa elkarrekin gozatzen ari direnean, plaza zoragarria da. Ni trikitilaria naizelako igo naiz oholtzara, kontzientzia horrekin. Emakumea ere banaiz, baina ez dizkiot horri buelta asko eman oholtzara igotzerako orduan. Gustatzen zaidana egiten saiatu naiz. Zertan aldatu zarete ordutik, plazaz plazako ibilera ero hartatik? Kris: Aldatu gara. Niri, adibidez, asko markatu dit ama izateak. Ez musika egiteko garaian, baina bai gauzak egin nahi, elkartu nahi eta ezin horretan. Lehen askoz errazagoa zen dena; elkartzen ginen, aritzen ginen... espazio eta tarte gehiago topatzen genituen. Behin ama izanda, aldatu egiten da. Zailagoa da espazio eta tarte horiek topatzea. Baina musika egiteko gogoa, sortzeko gogoa, berdin-berdin mantentzen da. Horregatik proiektu hau “arnasgune” bat bezala bizi dugula uste dut, egin nahi duguna egiteko aukera bat bezala. Denbora ateratzea zaila da, baina orain erabaki dugu denbora atera nahi dugula. Maixa: Nik nire burua helduagoa ikusten dut orain eta garbiago daukat zer ez dudan egin nahi. Zer ez duzu egin nahi? Maixa: Egunero etxetik kanpo ibili, adibidez. Egiten duguna izan dadila gustura gabiltzalako, ez kargatuta eta iritsi ezinik. Erritmoa guk kontrolatu nahi dugu. Zuen hitzetatik ondorioztatzen da garai batean martxa handi samarra ibili zenutela. Amaia: Lehen gazteak ginen eta etortzen zen guztia hartzen genuen. Normaltzat hartzen genuen gainera. Egunero etxetik kanpo ibiltzen ginen horren inguruan asko pentsatu gabe. Orain abiapuntua beste bat da. Emanaldi motzagoak dira, ordutegia ez da erromerietakoa, gure helburua ez da emanaldi mordoa egitea. Kris: Azkenean gazteak ginen eta plazan jo nahi genuen, hori zen helburua. Edozein lekutatik deituta ere gustura joaten ginen. Ez genuen ezetzik ematen. Beste garai bat zen. Orduan ere izugarri gozatzen genuen era hartan. Eta, orain, guk markatutako erritmoan, gozatzen ari gara. Alaitz: Gu hasieran erotu samar ibili ginen, hara eta hona, deitzen ziguten toki guztietara. Une batean geratu eta neurria hartu behar izan genion. Oso gazteak ginen gainera. Plazaz plaza, Euskal Herriko txokoak ezagutu zenituzten. Maixa: Niri ez zait sekula ahaztuko Bilbora joan ginen lehen aldia. Oso gazteak ginen eta ez geneukan gidatzeko baimenik. Gure amarekin joan ginen Bilbora. Santiago plazan jo behar genuen, baina ez genuen ideiarik non zegoen ere. Bilboko sarrerara iritsi ginen eta han taxiak egoten ziren. Taxi batera igo eta Santiago plazara joan nahi nuela esan nion taxilariari, eta atzetik auto batek segituko zigula, baina lasai egoteko, gure ama zela atzetik! [barrez]. Amaia: Euskal Herria ezagutu genuen trikitiari esker. Zenbat herri txiki! Zoragarria izan zen. Hor aritzen ginen mapa zabaldu eta nora joan behar genuen topatu nahian. Maixa: Gure azken urtean Otsagabian jo genuen. Iruñetik abiatu ginen bizpahiru kotxetan eta denak garaiz iritsi ziren Otsagabira, Ixiar eta biok izan ezik. Galdu egin ginen bidean eta bi ordu beranduago iritsi ginen emanaldira. Eta plaza beteta, gure zain. Orain, denboraren perspektibarekin, uste al duzue bidea ireki zenutela? Maixa: Ez dut uste. Gure aurretik ere baziren soinua jotzen zuten emakumeak. Egia da guk txapelketetara eta plazara salto egin genuela eta ikusgarriago egin ginela. Baina ez genuen egin borroka baten parte sentitzen ginelako, hori egin nahi genuelako baizik. Igual momentuan ez ginen konturatu horrekin. Guk soinua jo nahi genuen eta kito. Kris: Niretzat bai izan zineten erreferente bat. Maixa ta Ixiar plazetan agertu zirenean, nik klaseak hartzen nituen, soinua jotzen ikasten ari nintzen. Eta sentitu nuen nik ere hori egin nahi nuela, plazan aritu. Akaso Maixa ta Ixiar egon ez balira ere plazara salto egingo nuen nik, ez dakit, baina egia da haiek ikusteak indarra eman zidala. Niretzat garrantzitsua izan zen. Alaitz: Eta Maider eta niretzat berdin. Gu hasi ginenerako Maixa ta Ixiar han eta hemen ari ziren eta guri bidea erraztu zigun zuek hor egoteak. Gatozen oraingora, Amak proiektura. Lau soinu, lau pandero, lau ahots. Maixa: Bertsioak egiten ditugu, bai gure kantuenak eta baita beste batzuenak ere. Gurera, gaur garen honetara, ekarri ditugu kantu horiek. Kantu zaharren bertsioak eta gaur egungoak ari gara osatzen. Luzera begirako proiektu bat al da? Alaitz: Momentuan momentukoa. Ikusiko da. Orain gustura gabiltza eta gero ikusiko da. Baina orain neurria hartzeko gaitasuna daukagu. Zer entzule mota espero duzue? Kris: Trikitizaleak, adin guztietakoak seguruen. Gure erroak horiek dira, trikitia. Euskal kantuzaleak ere gustura egon daitezke. Plaza asko aldatu da eta adin guztietako jendea elkartzen da. Orain arteko emanaldietan jendea gustura egon da. Hori esan digute, behintzat. Trikitizaleak diozue. Trikitia asko zabaldu da azken hamarkadetan, musika estilo guztietara ireki da. Amaia: Estilo guztietara zabaldu da, joko asko ematen du. Trikitiarekin gaur egun nahi den guztia egin daiteke, edozein estilora moldatzen den instrumentua da. Gaur egun normaltasunez hartzen da musika estiloa edozein izanda ere. Hor ere hautsi beharko ziren soka batzuk; trikitia betiko pieza tradizionaletara bakarrik lotzen zituena kasu. Amaia: Bai. Guretzat oso desberdina zen plaza batera edo beste batera joan. Dantza askearen oso zaleak ziren tokietan, betiko erromeriak maite zituzten tokietan, fandangoarekin eta arin-arinarekin irabazten genuen plaza. Guk ez genuen errepertorio itxia izaten. Plazaren arabera moldatzen genuen gure emanaldia. Nolabait, plaza irakurri eta horren arabera jotzen genuen pieza bat edo bestea. Guk giroa jarri nahi genuen, plaza gustura aritzea, eta horren arabera moldatzen genuen gure saioa. Maixa: Uste dut hori gaur egun galdu egin dela. Taldeek emanaldia prestatzen dute eta berdina eskaintzen dute Altzon, Zaldibian edo Bergaran izan. Bitxia da. Inoiz oholtzan ikusi ez zaituen belaunaldi batek –haiek jaiotzerako taldeak utzita zenituztelako– zuen abestiak abesten jarraitzen du. Alaitz: Egia da hori eta sekulakoa iruditzen zait. Harritu egiten naiz, gure abestiak oraindik ere bizirik daudelako eta, era berean, izugarri polita iruditzen zait. Asko hunkitzen nau. Opari bat da. Hogei urte eta gero, bat lotsatzen al da bere abestiren batekin? Amaia: Ez, lotsatu ez. Momentuan horrela egin genuen, horrela sentitu genuelako. Akaso orain beste era batera egingo genituzkeen abestiak, gu ere ez garelako ordukoak. Baina hori normala da. Momentuan ustez ondoen dagoena egiten duzu eta hogei urteren ondoren akatsen bat ikustea normala da, zerbait ikasi dugun seinale. Garapen bat izaten da eta eskerrak. Ona da, positiboa da, duela hogei urte egindako lanari zer hobetua ikustea. Kris: Nire kasuan ez dira hogei urte pasatu behar. Disko bat atera orduko edo bi hilabetera ikusten diot zer hobetu! Musikaren munduan lan egiten duzue orain, klaseak ematen. Zein da panorama? Maixa: Gauzak asko aldatu dira. Guk ikasten genuen garaian etxean asko jotzen genuen eta gaur egun ez da hainbeste lantzen etxean. Egia da gaur egun haurrek gauza asko dituztela, gehiegi askotan, eta maiz musika instrumentuarekin konpromiso gutxi izaten dute. Kris: Askotan denborarik ere ez dute izaten. Ni hasieran soinu handiarekin hasi nintzen eta gero trikitira pasatu nintzen, aitak proposatuta. Baina nik trikitia jo nahi nuen, nire nahia zen, ez nire gurasoen nahia. Eskolaz kanpo egiten nuen bakarra hori zen, soinua jotzea, eta denbora eskaintzen nion. Orain nire ikasleak oso kargatuta ikusten ditut askotan. Asteburu hau, Martxoaren 8a tarteko, berezia da zuentzat. Hiru emanaldi segidan, garai bateko martxaren antzeko... Alaitz: Bai, horrela gertatu da: martxoaren 6an, Alegian; martxoaren 7an, Bergaran, eta, martxoaren 8an, Ereñotzun. Tira, hiru egun jarraian baina asteburu berezia delako. Normalean martxa lasaiagoa daramagu Amak proiektuarekin. Feminismoaren olatu betean etorri zarete. Maixa: Jakitun gara horrekin. Horrela sortu da, ez da propio hausnartu dugun zerbait. Batzuek emakumeak garelako deituko gaituzte, beste batzuek trikitilariak garelako, besteek lagunak garelako. Emakumeak izatea gure taldearen beste ezaugarri bat da, eta, jendearengana iristeko beste arrazoi bat gehiago bada, gu kontentu. «Egia da guk txapelketetara eta plazara salto egin genuela eta ikusgarriago egin ginela. Baina ez genuen egin borroka baten parte sentitzen ginelako, hori egin nahi genuelako baizik» «Orain abiapuntua beste bat da. Emanaldi motzagoak dira, ordutegia ez da erromerietakoa, gure helburua ez da emanaldi mordoa egitea»