ALDAMIOA GOITIK BEHERA
Goitik behera erori da egunerokoa antolatzeko darabilkigun aldamioa. Pieza guztiak lurrean botata. Haurren agendak hutsik, albisteak beteegiak, beldurrak gainezka, egonezina jarioan... Aldamioa altxatu beharko da, baina beste era batera. Betikoak ez du balio ez ditugulako eskura betiko piezak. Nerabeak protestan irakasleek ikasgelan baino lan gehiago emango dietelako, haurrak kezkatuta aspertu egingo direlako, gurasoak asmazioan puzzlea osatzeko, medikuntzan aditu bihurtu diren herritarrak supermerkatuan errietan nork harrapatuko komuneko paper gehiago... Dena hankaz gora, dena tokiz kanpo. Baina horrek ez du zertan erabat txarra izan behar, akaso lehengo toki hori ez zelako erabat ona. Akaso elkarrekin aspertuko gara eta partxisean jokatuko dugu. Elkarri kontuak esan eta elkarri kontuak entzungo dizkiogu. Akaso elkarrekin egoteko modu berriak asmatu beharko ditugu eta gerta daiteke orain arteko manerak baino hobeak izatea. Auskalo. Amagoia Mujika Telleria