MAR. 21 2020 IKUSMIRA LANTEGI ZAHARRA BERRIZ LANEAN YEMENEN Jose Angel Oria Bestelako ekonomia bat eskatu du aste honetan Isidro Esnaolak GARA egunkarian, koronabirusak eragindako mugimendu, agindu eta kezkak azaltzean. Aldi berean, gerrak erabat txikitutako Yemenen hogei emakumek herrialdeko lantegirik zaharrena ireki dute berriro, nikab ilunak eta eskularru zuriak jantzita, josteko makinaren gainean makurtuta seme-alabak babesteko maskarak egiteko. Osasun sistema erabat txikituta duen herrialdean dagoeneko ez zuten maskararik ekoizten: lantegi hori orain hamarren bat urte itxi zuten, edozein gauza izanda ere inportatzea merkeago ateratzen baitzen. «Produkzio sarea deslokalizatu eta gehiegi espezializatu den ekonomia bat edozein aldaketaren aurrean erabat ahulduta geratzen da, koronabirusaren zabalkuntzak eta berehala sortutako babes eta higiene produktuen eskasiak agerian utzi dutenez», idatzi zuen Esnaolak. Yemengoa adibide bat baino ez litzateke. Faten al Masudi argazkiko langileak horrela esplikatu du: «Jainkoari esker, izurritea iritsi baino lehen hasi gara maskarak egiten». joseangel.oria@gaur8.info