Xabier Izaga Gonzalez
IKASLEAK ETXEAN

Konfinamenduan ikasleen eta familia osoaren zaintza lehenetsi beharra dago

Euskal ikasle guztiak etxean itxita, hezkuntza prozesua etenda. Zer ondorio izango ditu horrek haiengan? Nola kudeatu egoera? Zerbait ona ateratzeko aukerarik ba al dago? Ainhoa Azpirotz «Hik Hasi» aldizkariko kidearekin, Ruben Iglesias hezitzailearekin eta Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakariarekin hitz egin du GAUR8k.

Euskal Herriko dozenaka mila ikaslek, guztiek, mundu osoko beste hainbat milioik bezalaxe, itxita dauzkate beren ikastetxeak, ezin dira etxetik atera, lagunekin elkartzerik ez dute, ezta txango bat egiterik ere... Badira aste bi egoera horretan daudela eta gutxien-gutxienik beste horrenbestez luzatuko da. Hamaika galdera sortzen ditu bat-bateko egoera honek. Zer-nolako eragina izango du etenaldi, itxialdi honek haur eta gazte horiengan? Haien ohiko hezkuntza prozesuan izan ditzakeen ondorioak bide dira guraso askoren kezka; esate baterako, galduko ote dute ikasturtea? Zer ikasi behar dute? Nola? Baina, ikastetxeen itxieratik harago, arreta berezia behar duen sektorea izanda, ikusteko dago zer eragin izan dezakeen itxialdiak eurengan. Ezohiko egoera da, eta ez samurra. Ikasleok babestu egin beharra dago, baina nola? Zeintzuk dira lehentasunak? GAUR8k hezitzaileengana jo du galdera zurrunbilo horretatik ateratzeko asmoz.

Ainhoa Azpirotz “Hik Hasi” pedagogia aldizkariko erredaktore eta kideak –hiru seme-alabaren ama ere bada– uste du egoera honek galerak eta ikasketak ekarriko dituela, «denetarik, bai hezkuntzan eta bai gizartean ere, oro har». “Hik Hasi” aldizkariak hainbat ikastetxetako irakasleekin hitz egin du, euskal lurralde guztietako eta maila guztietako ikastoletakoekin, ikastetxe publikokoekin, kristau eskolakoekin… eta horiek esandakoaren haritik mintzo da Azpirotz. Irakasleen kezka ikasleen jarraipena da, eta hori egiteko modua erronka gisa ikusten dute, baina ez horrenbeste programazioa betetzeari begira. Izan ere, erritmoa jaitsi beharra sumatu dute. «Oso zaila da erritmo normal batean egitea bilera guztiak, koordinazio guztia, ikasleekiko online harremanak... Dena doa mantsoago. Eta telelan hori etxeko egoerarekin uztartu behar dute. Batzuek, edo askok, seme-alabak dituzte. Lasaitu eta egokitu egin beharra dago. Nik uste dut aste batzuk pasatutakoan halako geldialdi bat egin eta hausnartu egin beharko dela, erritmo horren nolabaiteko berrikuspen bat, lan horiek gehiegi diren, gutxiegi diren ikusi, eta bai familiaren aldetik bai ikastetxearen aldetik oreka bat bilatu beharko da, momentuz lehen egunetan egon ez den hori, halabeharrez horrela suertatu delako. Lehen egiten ziren gauza guztiak ezingo dira erritmo horretan egin, eta horrek zer pentsatu eta hausnartu ekarri beharko luke, zer ez den beharrezkoa eta zer bai. Agian lehen egiten zen guzti-guztia ez da beharrezkoa eta garrantzi gutxi ematen zitzaien alderdi batzuei garrantzi gehiago eman behar zaie, edo alderantziz. Egunerokotasun honek gauza berri asko sortzen ditu».

Hezitzaileak, bidaide

Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakariak ere ez du galeraz hitz egin: «Guk esaten dugu ez dela galdu ikasturte erdia, baizik eta ikasturte erdian beste era batera lan egingo dutela. Azken finean, lortu behar duguna da ikasketa prozesuaren egunerokotasunaren etenak ahalik eta eragin txikiena izatea; hau da, ikasleek eguneroko ohiturak mantentzea».

Hala ere, argi utzi nahi du eurentzat garrantzitsuena ez dela klaseak eman eta ikasleek klase horiek hartzea, baizik eta ikasleen jarraipena nola egin, faktore humanoa, emozionala, elkar entzutea, online elkar ikustea… ikasleen kezken gainean egotea lehenetsiz. Eta bakoitzaren egoerara egokitzen jakitea. «Ezin dugu bermatu ikasketa prozesuak beti bezala aurrera egingo duenik, argi daukagu hori, eta bereziki arlo horietan saiatuko gara: jarraipenean eta ikasleen faktore humano eta emozionalean. Ikasleak argi izan dezan irakaslea hor egongo dela».

Zaila da, jakina, baita haur eta gazteentzat ere. «Bai, denentzat», dio Tellituk, 14 urteko mutil baten aita ere badenak. «Beraien larruan ipini behar duzu: ezin dira lagunekin egon, ezin dute kirolik egin… Horregatik esaten dugu entzun behar diegula, beraiekin enpatikoak izan eta egoera berezi batean gaudela ulertu».

Hezitzailea da Ruben Iglesias, eta gurasoa. Iglesiasen ustez, lehenik kontuan hartu beharra dago egoera honetan sakrifiziorik handiena haur eta gazteak egiten ari direla: «Beraiek dira kalera ezin dutenak atera, beraiei puskatu zaie sozializazio katea, beraiek dira etxeko egoera jaten dutenak... Eta, horrenbestez, bigarren mailakoa deritzot curriculuma eta urteko programazioa garatzen ari garen edo ez azaltzeari. Momentu hauetan ikasleek eta familiek zaintza behar baitute, egoera honek kalte larriak sortu baititzake eta hezitzaileon lana egoera zailotan bidaide izatean datza, egoera kritiko honetan ez baitu ez hankarik ez bururik eskola barruan egiten duguna pantaila aurrean egin nahi izatea, besteak beste, ikasleak ez direlako uniforme eta homogeneoak, berdinak ez diren bezala Haur Hezkuntzako ikasle baten beharrak, Lehen Hezkuntzako batenak, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako batenak, Batxilergoko batenak, Lanbide Heziketako batenak edo Unibertsitateko batenak».

Aste honetan Axular lizeoko irakasle batek telebistan esandakoa nabarmendu du Tellituk: «Probatzen ari gara». Eta gakotzat jotzen du. «Esperientzia berri bat da, ikasleekin feedback bat egiten ari gara, ikasleei entzuten, egiten ari garena gutxiegi den, gehiegi den… doitzen. Beraiekin batera irakasleak ikasten ari dira egoera berri honetan. Hasieran ez dakizu, eta gainera kontuan izan behar duzu etxeetako egoerak desberdinak direla. Baina hori da garrantzitsuena, feedback hori landu, ikasleekin, gurasoekin».

Aukera ere bada

Euskal Herriko ikastetxeetan euskara eta euskal kulturari dagokion kezka ere bada, etxe askotan euskara ez baita familiako hizkuntza. «Umeak egunero ikastolan daudenean euskaraz aritzen dira, baina beren etxean euskararik ez badago, egoera larri baten aurrean egon gaitezke», dio Tellituk. Eta horretan dihardute, zer baliabide eskaini aztertzen, telebistekin harremanetan jarri dira, eta multimedia baliabide batzuk ikasleen eskura jarri dituzte.

Egoera, ordea, beste balio eta arlo batzuk lantzeko aproposa dela azpimarratu du, «ikasturtean zehar denbora faltagatik tarte gutxiago eskaintzen diegunak: irakurketa, musika, beraiekin kozinatzea… Horrek ere garrantzi handia duela uste dugu».

Etenaldi hau, bestetik, 10 edo 12 urtetik 16 urtera bitarteko ikasleen kasuan, batzuen kasuan behintzat, autonomia garatzen laguntzeko aukera dela dio. «Lehen, gelan irakasleak zeuden eskolak bideratzen eta orain, berriz, eurek antolatu beharko dute etxetik bidaltzen zaizkien lanak, ordutegi bat finkatu, lanak egin, irakasleari bidali… Orduan, alde horretatik, batzuek autonomia garatzeko aukera izango dute, beste batzuei, aldiz, gehiago kostatuko zaie, lehen ere ikasketak jarraitzeko zailtasunak zituztenei adibidez». Arrisku bat sumatzen du, horrek desberdintasunak sortzea, hain zuzen. «Esandako arrisku hori dela-eta, irakasleen artean kezka sumatu dugu. Jarraipena egiteko modua erronka gisa ikusten dute».

Eta txikiagoek? Irakasleek horien gurasoekin harremanetan daude, baina guraso guztiak ezingo dira egun osoan umeekin egon. «Hala da», dio Azpirotzek, «familia bakoitzean egoera desberdina da. Aurretik familia-giro onean zeudenek errazago izango dute egunerokotasun hori eramatea. Txiki horiek behar batzuk dituzte: kontaktua, babesa, errutina batzuk, eta lehen haurrekin denbora gutxi pasatzen zuten gurasoak, eurekin etxean badaude, aukera bat daukate hori guztia egunero emateko. Elkarbizitza horretan gauza berriak sortuko dira, eta onak izan daitezke, zergatik ez?».

Honelako egoerek haurrentzat eta nerabeentzat ikasteko balio dezaketela dio Azpirotzek, «baita gizarte osoarentzat ere. Ohituta gaude dena di-da batean edukitzera, dena kontrolatuta, dena planifikatuta, eta hori erabat aldatu da. Ikasi beharko dugu pazientzia edukitzen, itxaroten, frustrazioak bideratzen… denok, bai helduok, bai haurrek. Eta etxeko elkarbizitza horretan, lasaitzen, egokitzen, ahalik eta ondoena eramaten. Azkenean beti daude zailtasunak, telelana egiten ari denak lanarekin eta umeekin egon behar du, eta lanera kanpora joan behar duenak gutxi ikusten ditu umeak».

Curriculuma ez da lehentasuna

Erritmoa moteltze horrek curriculumak zehazten duen guztira iristea galaraz lezake, ordea; hala ere, Azpirotzen ustez, maila bakoitzean zer eduki eman behar diren zehaztuta egoteak nolabaiteko presioa egiten duen arren, ez gaude egoera normal batean, «ezohiko egoera batean gaude eta, beraz, espektatibak jaitsi egin behar dira, eta egokitu; alegia, ikasturte hasieran jarritako helburuak ezingo dira bete. Horretaz kontziente izan behar dugu».

Azpirotzek dioenez, oraindik ere goiz da ikasturte hau «galdutzat» jo behar ote den esateko. Baina ez da uneotako kezka nagusia. Izan ere, aurten ikasten ez dutena datorren ikasturtean ikasi dezaketela dio. Ez dela izugarrizko hondamendia ere. «Horrela esan digute zenbait irakaslek».

Ruben Iglesiasek ere eman litekeen ikasturte «galeran» ez du hondamendirik ikusten; areago, egoera honetan ikasturtearen «galera» kezka nagusi gisa agertzea hezkuntzaren eguneroko abiadari eusteko gai diren edo ez pentsatzearekin oso lotuta dagoela iruditzen zaio. «Produkzioaren ikuspegia ikusten diot horri, sistema geratu ez dadin hezkuntzatik gure ekarpena zein den azaltzea dela helburua dirudi».

Txarretik ona

Konfinamenduak zaintzaren kontua azaleratu duela dio Azpirotzek. «Zaintza komunitarioko ekimenak sortu dira, eskertzekoak, baina horrek hausnarketa bat, beste planteamendu bat eskatuko du. Nik uste dut egoera honek alde on horiek eduki ditzakeela; egoera txar batzuk azalera ditzake, baina horiek konpontzeko bideak ere ireki ditzake edo behintzat hausnartu edo ekiten hasteko».

Irakasleak lan pila bat ari dira egiten, familien aldetik esker ona jasotzen dute. Kontziliazioaren gaiaz gain, beste bat dakar hizpide: baliabide teknologikoena. Etxe guztietan ote dituzten, dauzkatenak egokiak eta nahikoak ote diren etxeko guztientzat. «Gurekin harremana izan duten ikastetxeetan saiatu dira eta ikasleek ordenagailua edo Interneteko sareak izatea bermatu dute. Batzuei mailegu bidez eman dizkiete, beste batzuei ikastolako ordenagailuak utzi dizkiete, Internetera sarrera izateko pintxoak banatu dizkiete... Lortu ez denean, komunikazioa ordenagailu bidez partez, beste modu batera bideratu dute, telefonoz, postaz… Ikasleei eta familiei erantzuna emateko benetako ahalegina egon da».

Irakasleen esfortzua azpimarratu eta eskertu du Tellituk ere. «Batzuk gainera egoera berezian egongo dira, etxean, askok beren seme-alabak izango dituzte berekin eta lan bikoitza izango dute, beste guraso askok bezala, jakina».

Ahalegin horren gaineko hausnarketa helarazi dio Ainhoa Azpirotzek GAUR8ri Marian Moreno irakasle, idazle eta hezkidetzarako irakasleen prestakuntzan adituaren hitzez: «Osasun-krisi ikaragarri hau hezkuntza-munduan erakusten ari da irakaskuntza kontaktua, begirada, keinua, emozioa eta konpainia dela». Dioenez, ez dago irakaskuntza-ikaskuntza prozesuan irakasleen presentzia ordezkatuko duen ezer. «Egun hauetan irakasleei entzun eta entzuten diet beren kezka ez dela ez ikasgai zerrenda, ez azterketak, ez notak; kezka etxean ordenagailu edo Internetik ez duena da, edo Hezkuntza Bereziko ikasleak, edo Haur Hezkuntzakoak, edo etxean indarkeria egoeran bizi dena, edo eskolako jantokia salbazioa zenez, jatekorik ez duena. Irakasleak kezkatuta daude, badakitelako ikasleak askotarikoak direla, talde guztiak ez dituela online ikasteko aukera berak, eta talde guztiaren ardura sentitzen dutelako, ez bakarrik ikasteko aukera materialak dituztenena. Irakasleak erabat ohartzen dira klase ertainekoak ez diren ikasleak ditugula, gabeziak, beharrak, larritasunak eta bizipenak dituzten ikasleak ditugula, inork beretzat nahi ez lituzkeenak».

Zaintzaren garrantzia

Halaber, “Hik Hasi” aldizkariak Alvaro Beñaran psikomotrizistari egin dion elkarrizketa aipatu du Azpirotzek, haurrak zaintzeko helduek ere beren burua zaindu behar dutela azpimarratzen duena.

Ikasketa prozesuak, jarraitu behar duela dio Tellituk, baina «tentuz». Garrantzitsua da ohiturari eustea. Bere ustez, ordutegi birtual bat izateak lagundu dezake, «baina egia da egoera desberdinak daudela ere, zeren txiki-txikiekin gauza gutxi egin behar da, eta adin batzuetan garrantzi handia dute esandako material multimedia horiek. Edonola ere, ulertu behar dugu etxe guztietan egoera ez dela berdina, eta egongo dira batzuk oso larriak, langabeziara doazenak, enplegu-erregulazioko espedienteetara... Ulertu behar ditugu egoera zailago horiek eta enpatikoak izan».

Euren helburua egoera gogor honetatik zerbait ona ateratzea dela dio, horregatik uste du jarraipena beharrezkoa dela, ikasleen alboan egotea, eta elkar entzun eta ikusteko aukera honek garrantzi handia duela. «Kontua ez da ariketa hau nola egiten den erantzutea bakarrik, baizik eta ikasleari entzutea ere, zer kezka eduki ditzakeen». Zaintza, osasuna, kolektiboaren beharra jarri behar direla aurretik uste du Tellituk, eta ikastolen komunitateak horixe nabarmendu nahi duela dio: «Honetatik atera behar badugu, denok batera atera behar dugu, egoera berezi asko dagoela kontuan izanda».

 

Irakasleen eta familien arteko harremana

Hezkuntza arloko lagunek azaldutakoaren erakusgarri, Euskal Herriko bi ikastetxetako hezitzaileek konfinamendu egoeraren hasieran familiei bidalitako gutunen laburpena ekarri dugu lerrootara.

Horietako batean, egoerak eragin ditzakeen portaera arazoez ohartarazten diete gurasoei: «Antsietatea, haserrea edo amorrua izan dezakete bizitza normalean egiten dituzten gauzak ezin izango dituztelako egin. Kasketaldiak eta jarrera negatiboak ere ikusiko dituzue». Baina hori guztia espero litekeen ondorio normala dela diote. «Gure seme-alabek orain behar dutena babestuta eta maitatuak sentitzea da. Kontuan izan markatuta duzuen ordutegia alde batera utz dezakezuela eta beraiekin jolastu, margotu, filmak ikusi (...) edo bestela manten azpian kuzkurtu eta ez egin ezer!», gomendatu eta lasaitasun mezu bat helarazten diete, eskolan atzean geratzeak ere ez dituela gurasoak kezkatu behar esanez. «Eskolara itzultzean, egunean jarriko dira. Ez haserretu matematikako lanak egin nahi ez dituztelako, egingo dituzte beste momentu batean. Hartu lasai. Zuen seme-alabek dituzten etxerako lanak ez daitezela izan elkarrekin haserretzeko arrazoi bat. Zuek zarete beraiekin daudenak. Zuek bakarrik neurtu dezakezue momentu bakoitzean zer eska diezaiekezuen». Azkenik, egoera hau amaitutakoan seme-alaben osasun mentala euren maila akademikoa baino garrantzitsuagoa izango dela kontuan hartzeko eskatzen diete, baita gurasoak ere ahalik eta hobekien egoten saiatzeko ere: «Zaindu dezagun gure burua, gure seme-alabak zaindu ahal izateko».

Bigarren gutunean, beste ikastetxe bateko Haur Hezkuntzako hezitzaileek proposamen batzuk egiten dituzte: esku-jolasak, kantuak, aho-korapiloak, ipuinak entzun edota asmatu, kili-kiliak, altzoan egon, masajeak, mugitu, dantzatu... «irudimena eta gustura aritzea da inportanteena, eta umeek irudimen itzela dute». Ondoren, gomendio batzuk: «Ez da komeni umea gidatutako jarduerekin gogaitzea, inprobisaziorako eta aspertzeko tarteak ere interesgarriak dira. Ez ahaztu, mugak ere behar dituztela babesa sentitzeko eta autonomian hazteko. Zaindu bereziki pantailen gehiegizko erabilera, burmuinean eta osasunean ondorio psikologiko eta fisiologiko larriak izan baititzake. Eta batez ere, JOLASTU».

Halaber, euskararekiko harremana ez galtzeko, euskarazko produktuen hainbat gida erantsi dizkiete. Eta itxialdian benetan garrantzitsua dena gogorarazten amaitu dute gutuna: «Sasoi honetan ‘galduko ote dutenagatik’ kezkatu beharrean, irabaziko duten/dugun horretan jar dezagun fokua: elkar topatzeko, etxekoen arteko espazioak eta kontakizunak berreskuratzeko, pazientzia garatzeko, eguneroko erritmo zoroa gelditzeko, sormena eta irudimena lantzeko, zaintza pertsonal eta kolektiborako…».