GAUR8 - mila leiho zabalik

Galdu, ez da ezer galdu


Akordatzen ote da inor egunek izena zuten garaiaz? Garai hartan, hezkuntza eskolan egiten zen, batez ere. Konfinamenduak, baina, etxera lekualdatu du eskola: etxetik irakasleak beren lana egin nahian; etxean familiak irakasleek bidalitakoa kudeatzen. Etxean tokatu zaie, etxea, telelana, adineko gurasoak, seme-alabak eta haien ikasketak gobernatzea. Denen emozioak, kezkak, zalantzak eta beldurrak pil-pilean daudelarik, gainera. Ez da erraza.

Etxea/eskola/lana/aisia arteko mugak erabat lausotu direnean, hezkuntza arloan ere hainbat kezka ari dira azaleratzen.

Denborarekin zerikusi du agerikoenak: ez dakigu noiz itzuliko garen heziguneetara. Saiatu beharko genuke egun hori irudikatzen. Emozioz, presio psikologikoz eta, batez ere, presaz betetakoa izango da. Zenbat bizipenen ez ote diren pilatuko, onak eta txarrak! Zer behar ote dituzte neska-mutilek, etxekoek, gu geuk: itzuliko ote gara udako opor aurretik? Nola itxiko dugu ikasturtea hala bada; eta, ez bada?

Presa handia egongo da itzuleran. Eta presa horrek denborarekin eta konfinamendu garaiaz dugun iritziarekin du zerikusia. Denbora berreskuratzeko tentazio handia egon liteke. Zer dago, ordea, tentazio horren atzean? Hainbat jenderentzat konfinamendua galdutako denbora da. Ikasturtea ikuspuntu horretatik ikusita, galdutzat eman behar dugu. Hala ere, itxialdiko denbora guztiz hezigarria da. Ikasleek, beharbada, ez dituzte curriculumeko gaiak ikasi, baina horren ondorioak ezin du inola ere izan ez dutela ezer ikasi.

Askotan esaten dugu eskolak bizitzen ikasteko tokia beharko lukeela. Egoerak parez pare jarri gaitu errealitatearekin: bizitza ez da beti polita eta erraza. Hau da bizitza, eta aukera paregabea eskaini digu gauza handiak ikasteko, une zailetarako tresnak garatzeko. Orain denoi gertatzen ari zaiguna ezusteko aukera aparta da, esperimentazio eremu handi bat, eskolan landu nahi genituen oinarrizko konpetentziak esperimentatzeko. Zer egiten ari gara, bada, ikasten eta pentsatzen, komunikatzen, elkarrekin bizitzen, norbera izaten, eta egiten eta ekiten ikastea baino?

Ikasturtea galdutzat ematen badugu, besteak beste, gutxiesten ari gara etxekoek egin duten lan eskerga. Onar dezagun. Neska-mutilek beste gauza batzuk ikasi dituzte: frustrazioa kudeatzen, elkartasuna, enpatia, esaterako. Gauza asko ikasi dituzte, ez guk irakatsitakoak, ados, baina zor dugu egindako lan horri aitorpena egitea.

Heziguneetara itzultzen garenean horri guztiari lekua egin behar diogu, zalantzarik gabe. Ezin dugu alferrik galtzen utzi bizitzak eskaini digun aukera, latza bada ere. Hor kokatuta, errazago ikusiko dugu inolaz ere ezin duela eskolako itxialdiak hasi etxeko itxialdia amaitzen denean.

Erronka ederrak ditugu itzulerarako. Presazkoenak, akaso: burutu ezin izan diren dolu prozesuei aurre egitea; ikasleen artean konektibitatea edota euskararekin harremana ez izateak sortu dituen arrakalak konpentsatzea; bakoitzak daramatzagun zauri emozionaletatik bizikidetza berreraikitzea.

Asko geure buruari galdezka ari ginen “zer gertatuko da?” dena amaitzen denean. Batzuek, “zer egingo dugu?” galderaz ordezkatzea proposatu dute. Bizitzak ezustean ekarri digun denbora honetan egindako gogoetak eta azterketak, josten hasi garen ametsak martxan jartzeko galdera eraikitzaileagoa eta iradokitzaileagoa da, dudarik gabe.

Edonola, garrantzitsuena da denok hazten jarraitzea, eta ez dezagula inor bidean galdu, utzi. Ez hezkuntzako bidean, ez eraikitzea tokatuko zaigun etorkizun eta jendarte berri horranzko bidean. Eutsi! •