APR. 18 2020 IKUSMIRA IDIEN ERAMANA ETA ZERBAIT GEHIAGO BEHARKO DUTE Izaga, Xabier Zergatik darama albaitariaren maskara? Ez dute ulertzen, ezta zergatik eurek ez duten behar ere, oraingoz behinik behin. Ez dakite zer diren pandemia, konfinamendua, proba diagnostikoa eta test azkarra. Ezta berrogeialdia; ez biblikoa, ez birus kaltegarria heda ez dadin bakartuta eman beharreko egunak, berrogei baino gutxiago direnak. Ez dute enpresaren ziurtagiririk behar lanera irteteko. Ez dute baserritarrei ezarritako oztopoen eta salmenta zuzeneko azokak debekatu izanaren berri izan, ezta ondoren berriro baimendu izanarena ere. Ez die axola merkatuaren legeak edo legerik ezak espekulazioa saritu eta lana zigortzea. Ez dute ez ulertu ez jakin behar. Eramana besterik ez, lanean bezala egonean ere. Eraman hori beharko dute baserritarrek ere osasun krisi larri honetan. Eta haren ondoren ere, idien eramana ez ezik, zerbait gehiago beharko dute. Xabier Izaga Gonzalez