GAUR8 - mila leiho zabalik

Lasai eta goxo etxean


Koronabirusa. Besterik ez dut aditu azken ummm... utzi pentsatzen... bi hilabeteetan! Koronabirusa eta berrogeialdia eta berrogeialdia eta koronabirusa. Burua benetan eztanda egin beharrean dudala! Zer egin etxean egoerari aurre egiteko, zer ez egin etxean honi aurre egiteko, maskara bai ala maskara ez, zer erosi daitekeen, zer ezin den erosi, txakurrak kalera bai umeak kalera ez, goizean, 08:00etan yoga, 09:00etan zumba, dutxatu eta 11:00etan bilera birtuala lankideekin (gora telelana!), bukatzean bazkaria prestatu (errezeta elaboratu bat, noski!) eta bazkaldu, haurrak siesta egiten badu (ai, egia, guraso naiz!) lan pixka bat eta bestela izorrai, 17:00etan merienda eta ondoren eskulanak, 19:00etan kuadrillakoekin pintxo-potea egiteko… Ei! Eta guraso garenak animatzaile soziokultural 24 orduz! Horrela egunero-egunero! Eta estresa? Top 10!

Eta noski, 20:00etan txalo zaparradak: gaur zergatik? Kaka, Watsappean hamaika deialdi, eta nork ziurtatzen dit ez nabilela Guardia Zibilari txalo egiten?

Bitartean agintariak, orain pixka bat luzatuko dugu konfinamendua baina lanera joateari ez utzi, eta Polizia, ez ibili bizikletan, ezin da kirola egin eta tori isuna edo kolpe batzuk nik horrela nahi dudalako.

Utzi haurrak kalera ateratzen eta helduoi kirola edo paseotxo bat ematen, desestresatu eta deskantsatzeko besterik ez bada ere! •