MAY. 16 2020 BERTOKOEN TXERTOAK Tokiko ekoizleen zuzeneko salmentek gora egin dute Durangaldean Berrogeialdiak argi eta garbi ipini digu begien bistan iraganeko formulek ez dutela balio ziurgabetasunez betetako egungo sasoientzat. Hori argi ikusi dute tokiko ekoizleek: indarrak biltzea eta salmentarako kanal berritzaileak irekitzea funtsezkoa da birusak eragindako krisiari aurre egiteko. Zornotzan horretan ari dira. Amaia Ereñaga Ekoitzi? Bai, noski, ahal den garbien, posible dugun modurik naturalenean, bertako tradizioan eta egituretan sustraiak sendo errotuta... Diskurtsoa ondo eta argi barneratuta geneukan gehienok aurretik ere, tokiko ekoizleak sustatzeko beharra ez baitu ia inork zalantzan jartzen. Baina sarri errealitateak –edo nagiak, askoz erosoagoa baita denda handi batean sartu eta erosketak di-da batean egitea eta listo– beste bide batzuetatik eramaten gintuen. Kontrizio ariketa txiki bat eginda, aurrera egiteko gaitasuna martxan jarri ohi genuen ia beti. Txapela buruan... eta, badakizue. «Bueno –gure buruarekin borrokan–, hurrengoan erosiko diet nire eskualdean baserritik bizia ateratzeko uste osoan borrokan ari diren ekoizleei. Berdin dio zertxobait garestiago ateratzen bazait... [oharra: ez du zertan horrela izan behar]. Gainera, hartu dudan hau ere zero kilometrokoa denez... Beste hau ez, baina bueno, Almeriako berotegietakoek ere nonbaitetik bizi beharko dute, ezta?». Eta, azkenean, aitzakiez lepo betetako erosketa poltsak hartu eta etxera. Duela bi hilabete eskasera arte gure bizitza horrelakoa zen, sinetsita geundelako aldatu beharrekoa aldatzeko denbora izango genuela noizbait. Baina bat-batean, egun batetik bestera, mundua gelditu zitzaigun. Ditxosozko birusak gure planeta handia eta, berari kateatuta, baita gure mundutxo txikia ere, geldiarazi zuenean, bizi eta kontsumo ohiturak erabat aldatu zitzaizkigun. Etxe askotako sukaldeetan lapikoak sutara itzuli ziren, hamarkadetan halabeharrez baztertutako usadioak berreskuratuta. Eta elikagaiak erosteko, sekula imajinatu gabeko ilara luzeak egiten hasi ginen kaleetan. Denok ikusi dugu nola maskara, xaboi, bisera, eskularru... artean denda txiki zein supermerkatuetako langileak ezin iritsi dabiltzan. Denda ez den denda Zornotzako Euskal Herria plazan dago Iraunkor elkartea. Denda itxura du kanpotik. Besapean poltsa edo eskuetan karroa hartuta, eta maskara eta eskularruak jantzita, erosketak egitera datozenek pazientziaz hartzen dute. Ilaran zain daude, barriketan, horren beharra ere badago eta. Berrogeialdia hasi zenetik, astearte eta ostegunetan zabaltzen ditu dendak ateak. Egun batzuk lehenago, kontsumo taldeko bazkideei salgai dagoenaren zerrenda bidaltzen diete, bazkideak ez baitira bezero soilik. «Hasieran, eztabaida egon zen denda zabaldu edo ez. Ni zeharo alde nengoen eta, gero azokekin gertatu zena ikusita, are gehiago: bertako ekoizleek ere salmenta kanalak zabalik izan behar zituzten, bai gure bezalako dendetan bai azoketan. Gauzak aldatu dira, zorionez». Mintzatzen dena Gotzon Gaztelurrutia da, Iraunkor elkarteko partaidea eta ekoizlea bera ere. Besteak beste, kiwi marmelada goxo eta azukre gabeak egiten ditu Gotzonek. Beste hainbat txokotan gertatu legez, Durangaldeko herrian ere larunbatetan egin ohi den tokiko ekoizleen azokari bere onera itzultzea kostatu egin zaio. Nahi eta ezin, itxita hasieran eta orain segurtasun neurri guztiak bermatu behar... Baina, oztopoak oztopo, beharra bazegoen. Gotzon Gaztelurrutiak argi du: «Salmentak, gurean behintzat, gehitu egin dira. Gure inguruko ekoizle batzuek, batez ere aurretik ere beraien produktuak zuzenean saltzeko bideak martxan zituztenek, gehiena salduta daukate. Nafarroan, esaterako, arazoak daude, gehien-gehiena salduta dagoelako. Ematen du jendeak bertoko produktua edo produktu garbiagoa eskertzen duela eta horren bila dabilela. Guk igarri dugu jende gehiago dabilela eta, kontzientziaren aldetik, ematen du zeozertarako balio izan duela honek guztiak». Olioa, arrautzak... eta gildak! 2016an sortu zen Iraunkor elkartea, Etxano auzoko Andra Mari Berri auzo elkarteak bultzatuta. Bartzelonako arkitekto eta ikerlari talde batek –bi euskaldun tartean, Eneka Quintana eta Urtza Uriarte– herriko udalarekin batera lurraldearen eta iraunkortasunaren gaineko kontzientziazioren inguruan proiektu bat jarri zuen martxan, liburu bat (“Oinak lurrean”) eta irabazi asmorik gabeko Iraunkor elkartea izan zituena fruitu besteak beste. Lau urte igarota, ehun bazkide dituzte. Ez dirudi asko 18.000 biztanle inguruko Zornotza bezalako herri batentzat, baina gauzak txikitik handira egin behar izaten dira. Herriko zazpi bat ekoizleren produktuak saltzen dituzte elkartean, baita inguruko beste batzuenak ere: Durangaldekoak, Arratiakoak, Txorierrikoak, Nafarroakoak, Arabakoak... «Bertokoak izatea da irizpidea, konfiantzazko ekoizleak izatea. Horregatik, zigilua badauka, hobeto», Gotzon Gaztelurrutiaren hitzetan. Pili Larruzea gaurko eskariak prestatzen ari da. Kaxetan askotariko produktuak sartzen ditu: Nafarroako olio, lekale eta irinak, Etxano Zornotzako baserri auzoko patatak eta arrautzak (garai batean independente izandako Etxanok biltzen ditu Zornotzako lur gehienak eta udalerriaren izen ofiziala ere Amorebieta-Etxano da), hain ezaguna den herriko Uxarte sagardotegian egindako sagardoa eta sagar zukuak –Bizkaiko sagardo denboraldia bertan zabaldu ohi da–, San Migel auzoko Billene baserriko haragia, Mungiako Mendiondo ogi integrala... eta Bermeoko gildak. Gildak? Bada, berrogeialdiko aperitifak girotzeko apartak suertatu dira Urdaibaiko Kontserbak enpresaren gildak! Bermeoko lonjan kokatutako Urdaibaiko Kontserbak artisau enpresa txikiko jabeak gazteak eta ausartak dira; arrantza eta kontserba munduarekin zerikusirik ez zuten lanbideak utzi eta birramonaren aspaldiko ofizioa berreskuratzeko apustua egin dute Apraiz anai-arrebek. Eta beraien gildak eskuz egindakoak dira, erabat artisauak. Kontserban gordetako antxoak ere, eskuz ontziratzen dituzte, beti egin den moduan, eta han daude, kontsumo taldeko apaletan. Garagardoak ere ikusi ditugu, esaterako, Mungiako Red Revolution markakoak. Eskaintzarik ez dela ezin esango dugu behintzat... «Baserritar asko eta onak daude hemen, Zornotza inguruan», bota du harro Pili Larruzeak. Pili hasiera-hasieratik aritzen da Iraunkor elkartean. Boroan ditu berotegiak eta fruta-arbolak. Loreak eta landareak landu eta saltzen ditu... eta baita piper txorizeroak ere! «Bai, asko saltzen ditugu». Gorri eta goxo, kristalezko ontzietan txukun-txukun jarrita daude apaletan. Elkartearen helburuak ezagutu asmoz, beraien sorkuntzara jo dugu. «Lur baliabideen potentziala aztertzeko eta gizarte-metabolismo iraunkorra sustatzeko helburuarekin eratu da elkartea». Gizarte-metabolismoa? Zer da? Labur esanda, tokiko kontsumoa bultzatzea, tokiko ekonomia zirkularra eratzea eta kontsumitzeko era iraunkorra txertatzea herritarrengan. Azken batean, dena lotuta dagoela argi dute Iraunkor elkartean. Ekoitzi bai, baina saldu ere egin behar da. Eta horretarako bide berriak zabaldu behar dira. Gotzon Gaztelurrutiak ederki laburbildu ditu Iraunkor elkartearen lan esparruak: «Kontsumo taldeak hiru ardatz ditu. Lehena lurralde antolaketa da, eta pare bat azterketa tekniko egin ditugu lehen sektorea zelan suspertu, zelan bideratu, zer aukera egon daitezkeen identifikatzeko. Bigarrena energia da eta hor Goienerrekin hainbat ekintza egin ditugu. Eta hirugarrena da kontsumitzaileak lortzea, eta horretan ari gara orain». Saioa Mantzizidor «Ikusiko da gerora orain lortutako bezeroen fideltasunak jarraitzen ote duen» Durango eta Zornotza artean dago San Migel auzo ederra. Landaz jositako txoko zoragarria da, aurrez aurre Mugarratik Belatxikietaraino doan mendilerroa duena. Inguruotan bazkatzen dira Billene baserriko ahuntzak eta antxumeak. San Migeleko jatetxea, ezaguna oso Durangaldean, itxita dago berrogeialdian. Handik gertu, Dudagoitia auzoan, Saioa Mantzizidorren familia bizi den baserrira gerturatu gara. Ibarretako asturiar txahal haragia ekoizten dute Billenen eta baita txahal eta behi biziak saldu ere. Duela zazpi bat urte hautu garrantzitsua egin zuten: zuzeneko salmenta, bitartekaririk gabea baliatzea, eta ezin egokiagoa suertatu zaie pandemia garaiotan. Sekula baino eskari gehiago jaso dituzte azken asteotan Billenen. Iraunkor elkarteko ekoizleak dira Billene baserrikoak eta Durangaldean astero plazaratzen den tokiko ekoizleen zerrendan (www.durangaldeaelikadura.eus) ere azaltzen dira. Garai larriotan, horrelako ekimenak ugaritzen ari baitira herrietan, tokiko baserritarrei laguntze aldera. Billenen (www.billenebaserria.es) hutsean ontziratutako txahal haragi paketeak ere saltzen dituzte txuletekin, hanburgesekin, zerrekin... Bertakoa al zara, Saioa? Ni berez kaletarra naiz, baina beti gustatu izan zaizkit animaliak. Gizona bai, baserritarra da, baina ez bertokoa, Durangaldeko beste baserri batekoa baizik. Aurreko krisia iritsi zenean, langabezian gelditu nintzen. Bageneukan behi bat, hobby moduan, eta pentsatu genuen profesional hasiko ginela. Hasieratik erabaki genuen soilik zuzeneko salmenta egingo genuela. Haragiaren salmenta azken urteetan nola dago? Asko jaitsi dela entzun izan dut... Hemen mantendu egin da. Guk pixka bat egin dugu gora, baina zazpi urteotan mantendu egin da oro har. Hasieratik erabaki zenuten ez zenituztela azokak landuko. Zergatik? Egiten ditugu gutxi batzuk, lau azoka urtean edo, baina ez dira gure fuertea. Guk etxez etxekoa lantzen dugu eta batez ere Durangaldean aritzen gara. Orain Bilbon hasi gara, bi bezerorekin hasi ginen eta orain bospasei ditugu. Pandemiaren hasierarekin interes gehiago nabaritu al duzue? Dei gehiago jaso al dituzue? Bai, eta Internet bidez jende asko jarri da kontaktuan gurekin, pentsa baino gehiago. Atzo e-mail bat, gaur telefono dei bat… Egunero bi bezero berri izaten ditugu. Orain, momentu honetan, jendeak nahi duena da okela etxera bidaltzea, eta gaurtik biharrera bada hobeto. Baina ni ia hilabeteko epea ematen nabil, guk gure dinamikan jarraitzen dugulako; hau da, hamabostean behin egiten dugu banaketa. Orduan, hamabost egun barruko eskaerak beteta baditut, hilabete bateko epea eman behar diet, eta batzuek, hori entzutean, atzera egiten dute. Nabaritu duzue eskaeren gorakada, orduan. Bai, asko. Arazoa azoketatik bizi direnek dute, azokak itxi egin zituztelako. Guk zazpi urte daramatzagu etxez etxe saltzen, Interneten ere ataria dugu eta, egian esan, hilabete honetan nabaritu dugu itzelezko mugimendua. Kontaktu asko egin ditugu. Beste mota bateko negozioaren hautua egin zenuten eta, antza, ondo atera zaizue. Bai, eta berrogeialdiarena ondo etorri zaigu. Baina, noski, gerora zer gertatuko da? Hori da kontua. Ikusiko da fideltasun hori ea mantentzen den eta ea jarraitzen duten bezero berri horiek eskaerak egiten. Baina zazpi urte hauetan polito ibili gara lanean eta jarraitzeko asmoarekin gabiltza. Baserritik bizi al daiteke? Galdu ez dugu egiten, hori horrela da, baina lan asko eskatzen du. Bi haur ditugu, eta, esaterako, oporretan nahiko gaizki ibiltzen gara, zeren norbait egon behar da hemen gu joan ahal izateko. Beti utzi behar duzu norbait ardurarekin eta pasa izan zaigu oporretan egon eta arineketan etorri behar izatea zerbait gertatu delako, behi bat txahala izatekotan delako... Beste baten oinaztuak jo zuen txahal bat, eta arineketan etorri behar izan genuen, peritua pasa... eta horrela. Badaezpada ezin zara oso urrutira joan. Baserri auzoa dirudi honek, baina zenbat bizi zarete benetan baserritik hemen? Gu bakarrik! Egon zen beste bat ere, baina egun gu gara bakarrak San Migel auzoan. Ez dira gureak, baina ia auzo guztiko landak guk lantzen ditugu eta gure ardurapean daude. Jendeak ez du baserrian lan egin nahi, ordu asko dira-eta. Gustatu egin behar zaizu. Kontuan izan, gainera, senarrak hemendik kanpo ere lan egiten duela lantegi batean; han egiten ditu bere zortzi orduak eta gero hemen aritzen da. Oker ez banago, transgenikorik gabe elikatzen dituzue abereak. Bai, txahal txikiak kanpoan egoten dira amarekin 6-7 hilabete, urtearen eta eguraldiaren arabera. Eta gero sartzen ditugu loditzera, galtzu eta pentsuarekin. Pentsua transgenikorik gabekoa da, lekaleak eta olioa ditu nahastuta. Nahi duten beste jaten dute pentsua, hausnarrean egiteko. Belarra edo pentsua behar dute hausnarrean egiteko. Tokiko energia zirkularra garatzea dute helburu Zornotzako Iraunkor elkartea bezalako taldeek, oso argi baitute ekoizpena eta kontsumoa guztiz lotuta daudela «Ematen du jendea bertoko produktuaren bila dabilela. Guk igarri dugu jende gehiago dabilela eta ematen du, kontzientziaren aldetik, zeozertarako balio izan duela honek guztiak»