Amagoia Mujika Telleria
IKUSMIRA

HAUXE OMEN BIZITZA

Iragarkietan ere igartzen da aldaketa. Orain saltzen duena beste gauza bat da, inprobisatuaren itxura eman nahi duen “buenismo” neurtua. Orain denak solidario, ulerkor, enpatiaz goraino. Berdin bankuak, auto ekoizleak eta arropa garbigarriak. Denak Covid-19. Orain, hauxe omen da bizitza. Irribarreak ezkutatzen dituzten maskarak –umore txarrak okertutako ahoak ere ezkutatzen dituzte–. Maskararen gainetik agertzen diren begiak. Zalantzak. Hau horrela egin behar al da? Ondo ari al naiz? Orain, hauxe da bizitza. Eta bizitzen berriz ikasi behar duenaren larriaz abiatzen gara egunerokora. Lehen sinplea zena orain korapilatsua da. Baina? Hauxe bada bizitza ez dago beste erremediorik. Zer egin behar dugu ba? Bizi, ahalik duinen bizi. Amagoia Mujika Telleria