Xabier Izaga Gonzalez
SAHARARREN MARATOIA

«Amaidan Salah. Herri baten maratoia», dokumentala eta elkartasun proiektua

Gutxirekin gehiago egiten saiatuz, sakelako telefono batekin eta bihotz eta esfortzu handiarekin, Mendebaldeko Saharako gatazkaren gaineko liburu bat izan behar zuena dokumental bihurtu dute Txema eta Unai Garcia aita-semeek. Errefuxiatu kanpamentuetan kirol zentro bat egiteko proiektua abiatzeko baliatu dute filma.

Amaidan Salah. La maratón de un pueblo” dokumentalaren protagonista Amaidan Salah atleta eta errefuxiatu politiko sahararra da, protagonismorik nahi ez duen arren. Hala dio dokumentaleko pasarte batean eta hala sumatu zuen Unai Garcia filmaren zuzendariak ere, «baina bere herriaren alde aurpegia emateko prest zegoen». Bazekien benetako protagonista Mendebaldeko Saharako herria izango zela, dokumentalak herri horren historia eta Tindufeko (Algeria) errefuxiatu kanpamentuetako egoera kontatzen baitu, Salahren bizitzaren bidez.

Filma ikusgai dago Facebookeko https://www.facebook.com/lamaratondeunpueblo/ orrian. Ikustearen truke, ekarpen ekonomiko txiki bat eskatzen dute, Tindufeko errefuxiatu kanpamentuetan kirol anitzeko zentro bat atontzeko proiektua laguntzeko. 40 urtez basamortuan azpiegiturarik gabe dirauen herri horri garatzeko aukera emateko helburua dute, «saharar ume eta gazteen osasuna eta heziketa bultzatzeko eta balio pertsonalak ikasteko balioko duen kirol gune bat». Proiektua aurrera eramateko 11.550 euro behar dituzte, materialak erosi eta Rabunin instalatzeko. Ekarpenak Tolosaldea Sahararekin elkartera bidal daitezke, hark bitartekari lanak egin eta Kooperaziorako Saharar Ministeriora bideratuko baititu.

Dokumentala

Bat-batean bururatu zitzaion Txema Garcia kazetariari dokumental bat egitea. Duela hiru urte erretiroa hartu eta bi liburu idatzi zituen, “Miradas en torno al Procés: del tablero catalán a la encrucijada vasca”, Ramon Zallorekin batera, eta “Lava y ceniza”, Iraultza Sandinistari buruzkoa, biak ere Txertoak argitaratuak. Hirugarren bat idaztea pentsatuta zeukan, Mendebaldeko Saharako gatazka ezagutaraziko zuena. Duela urtebete pasatxo, liburu horretarako pertsonaia posibleen aukeraketa egiten ari zela, Amaidan Salahren istorioaren berri izan zuen, «garai guztietako kirolari saharar handienaren berri, alegia», nabarmendu dio Txemak GAUR8ri. Baina beste liburu bat idazteak kazetari bezala ez ziola ikaskuntza handirik ekarriko pentsatzen hasia zen, eta beharbada interesgarriagoa izan litekeela beste komunikazio erregistro bat esploratzea. Hartara, Salahren istorioarekin ikus-entzunezko proiektu bat egitea proposatu zion bere seme Unairi.

Ingurumen ingeniaria da Unai, eta ez zeukan inolako esperientziarik ikus-entzunezkoen arloan, baina istorio interesgarria iruditu zitzaion eta baietz esan zion. «Nire buruan dokumentalaren irudi eta estruktura posibleak pentsatzen hasi, editatzeko programa bat deskargatu eta endredatzen hasi nintzen», gogoratu du.

Dokumentalaren kontzeptua apur bat landuta zutenean, Amaidanekin harremanetan jarri ziren Goizeder haren neska lagun nafarraren bidez, proiektua azaltzeko. «Oso gertukoak izan ziren biak», dio Unaik. «Ez zuten proiektuan parte hartzeko orduan zalantzarik izan». Gidoi motz bat idatzita, otsail amaieran errefuxiatuen kanpamentuetako Sahara Maratoira joan ziren, Salahk urtero korritzen duen horretara.

Amaidan Salah

Amaidan Salah lurralde okupatuetan jaio zen, Aaiunen, hain zuzen, 1982an. Umetatik errepresioa ezagutu zuen, beraz. Gaztetan, okupazio indarrek antolatutako lasterketa batean parte hartu zuen zenbait lagunekin. Adin nagusiagoko kategorietako korrikalariekin lehiatu zen arren, bigarren iritsi zen helmugara. Eta kirolean jarduteko zeukan aukera bakarrari heldu zion Marokoko ekipoarekin korrika egiteko kontratua sinatuta. Mendebaldeko Saharako txapeldun izan zen hamabost aldiz jarraian, hiru aldiz Marokoko kros txapeldun, Afrikako txapeldunorde 5.000 metroko lasterketan...

Zenbait urtez «odolez zikindutako bandera baten pean» korrika egin ondoren, saharar gisa baino ez agertzea erabaki zuen. 2003an, Agden (Estatu frantsesa), 10.000 metroko proba batean, lasterketaren buruan zihoala, helmugatik 300 metrora Saharako bandera hartu eta soinean jarrita, «harrotasunez beterik» bukatu zuen ibilbidea. Horrek bere kirolari karrerarako ekar ziezaiokeen kaltea gorabehera, errefuxiatu egin zen, bere herriaren egoera larria ezagutarazteko asmoz. Marokoko Gobernuak errepresaliak hartu zituen haren familiaren aurka. Salah Biarritzen bizi da eta haurren entrenatzaile gisa lan egiten du han.

Gutxiagorekin gehiago egitea

Txema Garciak idatzi du filmaren gidoia. Aspaldi ezagutu zuen Saharako gatazka, baita bertatik bertara ere, 1989an errefuxiatuen kanpamenduetan izan baitzen elkarrizketa eta erreportaje batzuk egiten “Egin” egunkariarentzat. Harrezkero ez zen hara itzuli, baina beti arretaz jarraitu dio herri horren borrokari.

Ikus-entzunezkoetara pasatzea erronka pertsonala zela iruditu zitzaion. «Gainera, modu autodidakta batean ez ezik, bitarteko gutxirekin ere egitea izan zen asmoa. Mendizale batzuk Everesteko gailurrera oxigeno botila baten laguntzarik gabe igotzen diren bezala, guk dokumentala ahalik eta baliabide gutxienekin egitea pentsatu genuen; hau da, bi telefono mugikor kameradunen bidez». Edonola ere, dioenez, filmean Iker Ugalderen kamera «erdiprofesional» batekin Biarritzen filmatutako zenbait eszena ere badaude.

Harrigarria dirudi dokumentala sakelako telefono batekin filmatua izatea. Unaik azaldu du: «Kamera profesional bat kontratatzeko edo erosteko baliabiderik ez izateaz gain, atzean bihotzik ez badago, teknikak ez duela gehiegi balio erakutsi nahi genuen. Gaur egun, dirudienez, ekipo profesional garestiak eskuratu behar dira, eta guk uste dugu batzuetan txikia, oinarrizkoa dena, gizakiaren izaeratik datorkigun esentziara gehien hurbiltzen gaituena dela. Are gehiago, kasu honetan gure leloa izan liteke gutxiagorekin, gehiago egiten saiatzea, sahararrak bezala». Diotenez, lan honetan jarri duten gauzarik garrantzitsuena bihotza eta esfortzua izan dira. «Osagai horiekin funtzionatu dugu, eta proiektuak noizbait izan duen edozein zailtasunen gainetik, argia ikusteko determinazioa».

Kirol zentroa

Behin dokumentala amaituta, parte hartu duten guztien lanak fruitu handiagoa emateko aprobetxatu zezaketela pentsatu zuten. Salahk proposatu zuen ateratako dirua errefuxiatu kanpamentuetako hiriburuan, Rabunin, kirol gune bat prestatzea. 

Tindufeko kanpamentuetan Gregorio Eizagirre Tolosaldea Sahararekin taldeko kidea ezagutu zuten. Unaik dioenez, elkarte hori oso kolektibo gogotsua da, «Euskal Herrian saharar kausa sustatzen gehien nabarmentzen dena: proiektuak, mota guztietako laguntzak, kontzientziazioa, Oporrak Bakean programa...». Diru-bilketarik egiteko ahalmenik ez zutenez, eta bilketa gardentasun osoz egiteko xedez, Eizagirreren elkarteko kideei proposatu zieten dokumentalaren bitartez lortutako diruaren hartzailea izatea, baita haiek onartu ere.

Hasieran, pandemiak sortutako krisialdia dela-eta, proiekturako finantziazioa lortzeko momentu ona ote zen zalantza izan zutela dio Unaik. Hala ere, erantzuna oso ona izan da. Ekarpen txikiez gainera, Berriozarko Sormenezko Joskintza taldeak covid-19tik babesteko maskarak egin ditu eta jasotako dirua kirol zentrora bideratu du. «Oso eskertuta gaude Berriozarko talde horretako emakumezkoek egin duten ahaleginagatik. Herri-ekimena botere publikoen eta gobernuen gainetik ere nola kokatzen den erakusten duen adibide aparta dira».

Dokumentalak FiSahara Nazioarteko Festibalean parte hartuko du, «xumea izan arren», Txemak dioenez. «Gure asmoa ahalik eta jende gehienak Salahren eta saharar herriaren istorioa ezagutzea da. Gainera, posible denean, Euskal Herriko elkarte batzuetan filma zuzenean aurkeztea da gure helburua».

Filmazioa

Filmazioak, funtsean, Smarako kanpalekuan eta Sahara Maratoia igarotzen den kanpamentuetako agertokietan ere egin dituzte, baita Dajlakon ere, «hegoalderago dagoena eta denok ezagutzen dugun basamortuaren irudi bereizgarria ematen duen duna gune ikusgarri batean», eta Biarritzen. Dokumentazioa eta argazkiak iturri askotatik lortu dituzte; besteak beste, Salahk berak erbestean gordetzen dituen argazki batzuk eman zizkien.

Lan hori egiteko zailtasun ugari gainditu dituzte; esate baterako, muntaketa erdia eginda zeukatela, ordenagailua suak hartu zuen eta egindako lan guztia galdu zuten.

Lasterketaren eguna erronka handia izan zela dio Unaik: «Lau proba zeuden: 42 kilometroko maratoia, maratoi erdia, Amaidanek korritzen zuen 10.000 metroko proba eta 5.000 metrokoa. Guri, jakina, 42 kilometrokoa eta 10.000 metrokoa interesatzen zitzaizkigun, baina puntu desberdinetatik eta ordu desberdinetan irteten direnez, nire aita 10.000 metrokoaren irteerara joan zen eta ni 42 kilometrokoarenera. Oso zaila izan zen lasterketa jarraitzea. Nik maratoiaren irteera grabatu nuen eta jeep batera igo nintzen, ea 10.000 metroko probara iristen nintzen. Aitaren eta bion kotxeak karrera erdian elkartu ziren. Aitarena harean gelditu zen eta nirearen atzeko partera salto egin behar izan zuen. Arin joan ginen Salah korrika zegoen tokira, lehenengo postuan zihoan orduko, eta autoaren atzeko partean zutik grabatu behar izan genuen, esku bat mugikorrean eta bestea edonon bermatuta ez jausteko. Oraindik ez dakigu nola lortu genuen ezer grabatzea. Bestalde, kamera daramanak Salahren atzetik egin behar badu korrika, hogei metro bada ere; bideoan bere arnasa entzutea saihetsezina da. Bideo askotako soinua konpondu behar izan dugu gure arnasa entzuten zelako. Telefono arruntekin irudi nahiko onak lor daitezke, baina soinua oso txarra da, are gehiago basamortuko haizea sartzen bada. Irudien muntaketak baino buruhauste gehiago sortu dizkigu soinuarenak».

«Herriaren aldeko aktibistak»

Dokumentala gaztelaniaz egitea erabaki zuten hasieratik, Saharan askok dakiten hizkuntza baita. Salahk ez daki, ordea, frantsesa eta hassania hitz egiten ditu. Kontaketarako, beraz, saharar doinuarekin hitz egingo zuen norbaiten ahotsa behar izan zutela gogoratu du Txemak: «Saharar poeta bat ezagutzen genuen, Mohamed Salem Abdelfatah, Ebnu, haren ‘Hijos del sol y el viento’ poema asko gustatzen zaigulako. Berarekin harremanetan jarri eta berehala onartu zuen». Asmatu zutela uste du: «Askok nabarmendu dute Amaidanen hitzak eta pentsamenduak transmititzeko sakontasuna. Igartzen da esaten duena sentitzen duela». 

Dokumentalak ingelesezko eta hassaniazko azpitituluak ditu; frantsesezko azpitituluak dituen bertsioa ere kaleratu berri dute, eta euskaraz ere egiteko asmoa dute. Musika Aziza Brahimena da. Unaik aukeratu zuen, «ezin hobeto hartzen duelako herri honen esentzia kultural eta identitarioa. Haren abesti batzuk oso aproposak ziren dokumentalean adierazi nahi genuena transmititzeko. Pena agertzen da haietan, baina baita herri honen helburuak lortzeko itxaropena eta borrokatzeko gogoa ere. Entzun bezain pronto buruan dokumentalean agertzea nahi nituen irudiak etorri zitzaizkidan burura». Hartara, musikariarekin harremanetan jarri ziren eta hark bere abestiak dokumentalaren soinu-banda izateko baimena eman zien. «Hau da harritu nauen gauzetako bat. Salah eta Aziza oso famatuak dira sahararren artean, baita Saharatik kanpo ere, eta ez dute minutu batez ere pentsatu behar izan haien herriaren aldeko edozein proiektutan parte hartzeko, beren lana eta denbora eskainita. Hori da nik ikusi dudan sahararren ezaugarrietako bat: ez dira abeslariak, atletak, sukaldariak edo medikuak bakarrik. Denak dira beren herriaren aldeko aktibistak ere».

Lasterketa

Lasterketa luzea herri sahararraren borrokaren metafora da. Baita haren kausa ezagutarazteko bitartekoa. «Agian lasterketa amaigabea da», dio Txemak. «Baina ez da gelditzen. Korrika egiten jarraitu behar da, borrokan jarraitu behar den bezala. Amaidan Salahk ez ezik, herri osoak ere egiten du korrika. Eta gu, hemendik, munduko edozein lekutatik, ez gara ikusle pasiboak, une jakin batean lekukoa hartu eta haiekin korrika egin dezakegu. Esan beharra dago gidoian garrantzitsua iruditzen zaigun zerbait sartu nahi izan dugula: dokumentalaren zati batean beste garai batzuetara eramaten gaituen karga poetikoa dago, sahararrak eta beste herri asko aske mugitzen zirenean, zerumuga eta haizeaz beste mugarik ezagutzen ez zuen basamortu batean. Askatasun espiritu hori txertatu nahi izan dugu».

Errefuxiatuen bizimoduaren ezaugarri bat behin-behinekotasuna da. Amaidanek filmean transmititzen duen behin-behinekotasun sentsazioa eta Txemak azaldu duena: «Horrek iraun egingo du Marokok bere bazkideen laguntzarekin (Espainia, Frantzia eta AEBak) gatazka etengabe blokeatzen duen bitartean. Munduak leku oso bidegabea izaten jarraituko du gatazka hau konpontzen ez den bitartean. Eta hori Nazio Batuen esku ere badago».

Euskal Herrian saharar herriaren egoeraren larria ondo ulertzen dela uste du Txemak: «Kolonizazioei buruz badakigu. Gure herrian dokumentalaren mezua bereziki mamitzen da. Eta testuinguru sozial, ekonomiko eta kultural desberdinak izan arren, erraz ulertzen dugu gatazka horrek zer dakarren». Bestetik, Salahk Euskal Herriarekin erlazio estua duela dio Unaik. Edonola ere, «bi herriek helburu antzekoak izan arren, errefuxiatuen kanpamentuetan egon ostean ez nintzateke bi herriak konparatzen ausartuko. Basamortuaren erdian laguntza internazionala baliatuz bizirauten dute. Haientzat aurrera egiteko bide bakarra beren lurretara bueltatzea da. Hori lortu arte ezin dute inolako beste helbururik izan».