Iñaki Altuna

Gonzalez, GAL, CIA

2012ko ekainean saretu genuen NAIZ. Zortzi urte bete berri ditu. Joan den igandean CIAk Gonzalez eta GAL lotuz 1984an egindako txostenari buruz argitaratutako albistea izan da urte hauetan guztietan NAIZeko albisterik irakurriena, alde handiz gainera. Datu horrek zerbait esan nahi du.

Halere, xelebrea ere izan zen hainbat kazetari sare sozialetan berria gutxiesten saiatzen ikustea, jakina zelako Gonzalez zela GAL taldearen X hizkia, denok hainbeste jakin bagenekielako... 1984ko txostena da, bai; duela urte batzuk desklasifikatu zen, bai, eta gisa bereko beste txosten bat ere argitaratu zuen duela urte pare bat beste hedabide batek, hori ere bai, baina CIAko txosten batean ondoko esaldi hau jaso zela orain ezagutzea sekulako albistea da: «Felipe Gonzalezek mertzenario talde bat sortzea adostu du terroristak legez kanpo borrokatzeko». 1984ko urtarrilean idatzitako esaldia da. Hilabete gutxi batzuk lehenago izan ziren GALen lehen ekintzak.

CIAko txostenetan aliatu bati buruz hain argi hitz egin izana zinez adierazgarria da. Aliatu handia izan baitzen AEBentzat Gonzalez, blokeen garai hartan. «Nahiago dut New Yorkeko metroan labankada bat jaso Moskuko kale seguruetan aspertuta hil baino» esana zuen PSOEko buruak Espainiako Gobernura iritsi aurretik, eta bera izan zen NATOren eta Espainiaren arteko lotura estutu zuena.

Halaxe da, albiste garrantzitsua izan da, eta halaxe ulertu du euskal gizarteak. Ondorioak ere sortu ditu egoera politikoan. “La Razón” egunkariak kaleratu zuen igande goizean berria eta, egiari zor, ez zuen aparteko oihartzunik izan. Bakarren batek iradoki badu ere, Madrilgo egunkariak albistea argitaratzearekin inolako asmo ezkuturik ba ote zuen aztertzea espekulazio hutsa da, are gehiago, esan bezala, bere eremu sozialean eta politikoan inolako eraginik izan ez zuenean. Ez zuen erreakzio bakar bat ere sortu orduan. Gerora bai, baina oso bestelakoak. PPk, adibidez, Gonzalez babestu du, Aznarrek 90eko hamarkadan gobernura iristeko GAL afera erabiliz egin ez zuen bezala. NAIZek bota zuenean hasi zen gaia mugitzen bolo-bolo; hori bai, beste eremu sozial eta politikoetan. Euskal Herrian, bistan da, baina baita Katalunian eta Estatuko ezkerreko sektoreetan ere. Azkenerako, Sanchez-Iglesias Gobernuari gaia deseroso bihurtu zaio, Lastra eta Echenique bozeramaileek egindako adierazpenek argi erakusten dutenez. Gonzalez babesten agertu da lehenengoa, eta Gonzalezen arduraren ikerketa baztertzen, bigarrena. Hori bai, lurrikaratxoa sortu du horien etxeetan ere, Anduezaren eta Elkarrekin Ahal Duguren hainbaten hitzak entzunda ondoriozta daitekeenez. Anduezak aurrera urratsa egin duela aitortu behar da, kondenaren diskurtso hutsaletik harago.

Albisteak gauza asko utzi ditu agerian. Lehenik eta behin, euskal gatazkari buruz indarrean jarri nahi den kontakizuna faltsua dela agerian geratu da berriro, begien bistan, baita nagusitasun etikotik hitz egiten duen hainbaten hipokrisia ere. Denok bagenekien manifestariek Euskal Herriko kaleetan «PSOE, GAL berdin da» oihukatzen zutenean egia islatzen ari zirela, baita Intxaurrondon eta gainerako kasernetan atxilotuak torturatzen zituztela ere, baina horrek denak ez zuen eragotzi EAJk PSOErekin arnas luzeko aliantza egin izana, ezta gutxiagorik ere. Ardanzaren gobernuak ditugu lekuko. Begi bakarrarekin begiratu nahi izan du atzera hainbatek indarkeriaren gaiaz aritzerakoan. Ahaztura selektiboa inposatu nahi izan da, zoru etikoaren mezu tranpatia gailentzeko.

Izan ere, GALen jarduera, tortura edo presoen eskubideen urraketa bezalaxe, ez zen gertaera isolatua izan, eta horixe geratu da orain berriro agerian CIAko txosten hori ezagutu delarik. Estatu estrategia baten parte izan da gerra zikina, eta Espainiako Gobernuak hori onartzea litzateke ardura politikoa eta historikoa asumitzeko modu zuzena. Nekez egingo du halakorik, Estatuaren errai usteldua eta antidemokratikoa agerian geratuko bailitzateke ezinbestean. •