Zoazte pikutara!
Zer, ez al duzu gizendu behar? Zuri ez al zaizu sabela inoiz haziko?»; «Botagurarekin al zabiltza? Seguru neska izango dela»; «Zure aurpegia ikusita, mutila izango da»; «Bihotzerrea izaten al duzu? Orduan, ile askorekin jaioko da»; «Hara, oraintxe hasi zara haurdun itxura apur bat hartzen, oinez ibiltzerakoan hanka zabalka»...
«Zer da, mutila ala neska?». Ez diogu belarritakorik jarri, eta jendeak badu nahiko lan. «Aizu, protestan ari da, atera ezazu ume kotxetik»; «A, zuek ere zapian bilduta eramaten al duzue? Ez da hoztuko, ez»; «Negarrez ari da, goseak egongo da»; «Bularrari berak hel diezaion uzten duzu? Guri geuk sartu behar geniola erakutsi ziguten ba»; «Zer moduzko gauak izaten ditu? Nireek gau osoan lo egiten zuten»; «Ez al diozue txupeterik eman? Ba bularrera ohitzen baduzue, ama erabiliko du txupete gisa»; «Seguru al zaudete lau hilabeterekin soilik haur eskolara eramateaz?»...
Ba ez, ez nago ehuneko ehunean ezertaz seguru. Eta uste dut haurdunaldiak eta amatasunak behar dutela daukatena baino dimentsio publikoagoa. Baina publikotasun hori haurdun dagoen edo ama izan den emakumearen erabaki guztiak auzitan jartzeko bada, hura epaitzeko bada, kaltegarria izan daiteke oso.
Beraz, ba al dakizue zer esaten dizuedan besterentzako aholkuak debalde dituzuenoi? Zoazte pikutara! Zerbaitez erabat ziur banago, badakit zuek egin zenuten adina egiteko gai izango garela: ahal duguna. •