Xabier Mikel Errekondo

Uztailaren 18a

Uztailaren 18a ez da edozein egun. Geure historian, geure burmuinean, iltzatuta baitaude 1936ko hartan hasi zen estatu-kolpeak eragindako kalteak.

Irrist askorik egin gabe esango nuke Legebiltzarrean eseriko den Voxeko hautagaiak garai ilun haiek gogo biziz berpiztuko dizkigula mailu-kolpez lez, behin eta berriz. Nago herra bereziz saiatuko dela guda odoltsu hura irabazi zutenen oinordekoa dela gogorarazten. Agian, ez da hain kaltegarri izanen; agian, frankismoa Frankorekin joan zela pentsatzen duen askori begiak irekiko dizkio. Agian, begi eta zentzuak luzera begira jartzen baditugu, konturatuko gara datorkigun burrunba-horda hau ez dela uste bezain hondar-zatia; aitzitik, Patxi zaharra hil eta ia mende erdira ere Euskal Herriarekiko Estatuaren aginte eremuetan oinarri politiko frankista beltz hertsi berberak jarraitzen duela betikotuta; egon Espainiako Gobernuan Popularrak zein Sozialistak, eta berdin, ezagutu ez badugu ere, balitz Komunista.

Bakarra izan arren, mingarria da Legebiltzarrean Voxek eskuratu duen eserlekua. Baina, agian, zerbait onik ekar dezake; agian, zaunka frankistek Urkullu jauna Monopoly jokoaren lozorrotik esnaraziko dute eta behingoz abertzaleak omen diren eserlekuak bat egin eta elkarlanean hasiko dira.

Aitortzen dut oraindik ere lehendakari jeltzale apaizaren naftalina usainak zorabioak dizkidala eragiten eta bere tonu lo-eragile apartekoak zuri-beltzezko nodoetara naramatela, boterea paliopean begitantzeraino. Agian, benetan ez da deus aldatu azkenengo 80 urteotan… •