GAUR8 - mila leiho zabalik

Kafe gozo hau, adibidez


Nolakoa izango da etorkizuna? Izango al da etorkizunik? Lagunarteko hizketaldietan-eta sumatu dudanez, bi aukera dabiltza dantzan. Baikor direnentzat, egungo krisia pelikuletako une bateko etenaldia bezalakoa da. Atsedenaldi labur bat egongo da, min pixka batekin, hori bai, baina zeluloidea zinta itsasgarriarekin konpondu eta gure bizitzen istorioa ikusten jarraituko dugu pelikula utzi genuen toki beretik. Ze, gerra edo lurrikara erraldoi bat bezalako krisiekin ez bezala, koronabirusarenak ez ditu tresneria eta azpiegiturak hondatu. Eta, gainera, memoria oso txarra dugunez, aise bueltatuko gara lehengora, lehen bezala kontsumitzera, lehen genituen amets materialistekin gure beharrak kontentatzera.

Gero, azti plantakoak daude, zoritxar igarleak. Horientzat mundua amildegiaren ertzean zegoen krisialdia etorri orduko. Ez genituen 2008ko krisi ekonomikoaren lezioak ikasi. Koronabirusak orain azken bultzada eman digu amildegirantz, pobrezia, langabezia, gatazka eta gerraz osatutako beherako kiribil baterantz. Lagun horientzat, krisiak kapitalismoa lurperatu eta egoera berria ekarriko du, nork bere burua aski izateko aproposa, ingurumena hobeto gobernatzeko modukoa, justizia soziala ekarriko duena. Eta, azkenean, airea garbia izango da eta txoriek kantatu egingo dute.

Susperraldi ekonomikoa ziurtzat jotzen duten pronostiko asko kontsumo ekonomiaren “errebote” azkar batean oinarritzen dira. Diru gutxiago izango dugu patrikan, estutu beharko da gerrikoa, baina jokaera zaharrak berreskuratuko ditugu. Ez dirudi oso sinesgarria. Gerrek eta beste krisi batzuek erakutsi diguten historiak ez du hori esaten: etenak ez dira une bateko eten, lehendik zetozen joerak anplifikatu eta bizitza berriz ordenatzen duten indar biderkatzaileak dira.

Normalitate berriaz hitz egiten dugunean, erraz ahazten dugu normalitate zaharra behinola berria izan zela. Etxe propioa izatea, kanpoan bazkaltzea, opor luzeak, gutxienez dutxa bero bat egunean, nahi bestetan arropa aldatzea, horiek guztiak ez dira berezko giza eskubideak. Izatez, gure artean azaldu baino lehen, salbuespentzat jotzen ziren. Gero egin ziren “normal”, eta, Historia, “normal” askoren segida bat baino ez da. Badatoz eta badoaz, baina ez dira sekula irabazten eta gastatzen dugun diruaren aldaketen ondorioak. Politikak eta botereak lagundutakoak, bultzatutakoak dira. Kafe gozo hau, kafearekiko eta azukrearekiko gure gustua, ulergaitza izango zen inperioen demasiak, esklabotza eta plantazioak ez balira egon. Ez legoke etxe propiorik, orotariko etxetresnekin, bainu modernorik, auto propiorik, ez balira egin hori bultzatu zuten gerraosteko politika publiko haiek.

Eta pentsatzen dut, oraindik pil-pilean, garapenean dagoen normalitate berria, gure instituzioek, herriek eta hiriek, guk geuk bultzatu nahi dugun bizitza estiloaren araberakoa izango dela. Zer nahi dugu? Eten zen toki eta unetik film bera ikusten jarraitu? “Errebotea” ala norabide berria? Bide berriak ala bidegorriak? Balkoiak eta ortuak etxebizitza forma berrien parte izatea ala merkatuari uztea galdera horien erantzuna? Bigarren eta hirugarren etxebizitzen jabeen pribatutasun esklusiboa defendatzen jarraituko dugu?

Hainbeste eta hain larriak dira galderak! Hain da luzea eta hain ikusgarria eztabaida publikoa, bisio politikoa eta lidergoa eskatzen duten aukeren zerrenda! Eta Euskal Herrian, zoritxarrez, orain arte, oso gutxi ikusi dugu horri buruz. •