Unai Garcia
Ingurumen Teknikaria (Grunver Sostenibilidad)

Norberaren karbono-aztarna murrizteko jarraibideak: 2. Dieta

Janariaren ekoizpena urteroko berotegi-efektuko gas emisio globalen %26ren erantzule da. Aurreko asteko garraioari buruzko jarraibideen ondoren, gaurkoan dietaren bidez norberaren karbono-aztarna nola murriztu dezakegun aztertuko dugu.

Klimaren desoreka atzeraezina ekiditeko 2050ean berotegi-efektuko gas emisio garbiak zero izan behar direla onartu zuten Nazio Batuek Parisko Hitzarmenean. Hala ere, helburua lortzea gaur existitzen ez diren teknologia garbiak garatzearen esku utzi zuten. Horregatik, eta hain epe luzerako xedea ezartzearen arriskua ikusita, Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldeak (IPCC) itu zehatz eta hurbilago bat definitu zuen: 2030erako emisioak %45 murriztu behar ditugu bide onetik goazela bermatzeko.

Hau da, estatuko gutako bakoitzak iaz emititu genituen 7,4 tona CO2 bal.-etik 3,33 ezabatu behar ditugu hamar urteren buruan.

Janaria ekoiztearen aztarna

Klima-aldaketaren aurkako borrokak karbono emisio baxuko energia sorkuntza eta garraioan jartzen du arretarik handiena, baina zazpi mila milioi biztanle baino gehiago elikatzeaz arduratzen den sektoreak ere eragin handia du ingurunean.

Berotegi-efektuari dagokionez, janaria ekoizteak urtero isurtzen diren berotegi-efektuko gasen %26 hartzen du. Batetik, abereen (behiak gehienbat) digestio prozesuak metanoa askatzen du atmosferara, planeta berotzen CO2a baino 25 aldiz eraginkorragoa den gasa, alegia; eta guk zuzenean kontsumitu edo abereak elikatzeko laboreen ekoizpenean erabiltzen diren ongarriek oxido nitroso gasa (N20) sortzen dute, 298ko beroketa faktorea duena.

Bestetik, lurzoru erabilgarriaren %50 abeltzaintzak eta nekazaritzak hartzen dute jada, aurretik CO2a xurgatzen zuten baso eta eremu naturalak suntsitzea eragiten duena.

Gainera, guztira kontsumitzen den ur gezaren ia hiru laurdenak laborantzak ureztatzeko erabiltzen da, eta desagertzeko arriskuan dauden 28.000 espezieetatik, 24.000k nekazaritza eta abeltzaintza intentsiboa du mehatxu nagusia.

Dietaren bidez karbono-aztarna murrizteko jarraibideak:

1. Dieta begetarianoa edo beganoa

Haragi kcal bat ekoizteak landare jatorrikoak baino kalte handiagoa eragiten du. Dieta begano edo begetariano bat izateak 0,9 eta 0,6 tona CO2 bal. aurreztu ditzake urte baten buruan, hurrenez hurren.

2. Behi-haragi gutxiago jatea

Animalia jatorriko jakirik ez kontsumitzea gogorra izan daiteke batzuentzat. Oilo eta txerri haragia ekoizteak behi haragiak baino 4 eta 2,5 aldiz gutxiago berotegi-efektuko gas isurtzen ditu. Beraz, haragi gorririk ez jatea izan daiteke karbono-aztarna murrizteko pauso malguago bat. Astean behin behi haragiaren ordez oilaskoa kontsumitzeak urtean 0,5 tona inguru CO2 bal. aurreztu ditzake.

3. Bertoko eta sasoiko produktuak

Janaria munduko beste puntatik etxera garraiatzeak aztarna handia duela pentsa genezake. Hala ere, denboraldiz kanpoko produktu bat jatorrian era naturalean ekoiztea eraginkorragoa izan daiteke hemen berogailuak erabiliz haztea baino. Horregatik, tokikoak ez ezik, produktuek sasoikoak izan behar dute karbono-aztarna era eraginkorrean murrizteko. Urtean ia 0,6 tona CO2 bal. ezabatzea lor dezake era honetako elikagaiak lehenesteak.

4. Era eraginkorrean kozinatzea

Jaki gehienetan ekoizpen fasea da kalte handien eragiten duena. Halere, produktuak kozinatzeko orduan kontsumitutako energiak pisu nabarmena izan dezake ere, arretaz jokatzen ez bada. Presio-eltzean kozinatzea, suen tamaina bereko tresnak erabiltzea, urak irakiten duenean potentzia jaistea, lapikoei tapa ipintzea edo izoztutako jakiak aurreko egunetik ateratzeak, esaterako, tona erdi CO2 bal. aurreztu dezakete urtero.

Ondorioak

Azken finean, gure elikadurari lotutako karbono-aztarna murrizteko erarik eraginkorrena osasuntsu jatea da. Haragi gorri gutxi eta denboraldi eta tokiko produktu fresko asko dituen dietak dira 2030erako helburua lortzeko abiapuntua. Hortik aurrera, bakoitzak erabaki dezala noraino heldu nahi duen (alkoholik ez kontsumitzeak ere 0,1 tona inguru aurrezten ditu ).

Hurrengo astean etxeko energia kontsumoarekin zerikusia duten jarraibideak aztertuko ditugu.

Datuak:

Egilea: Unai Garcia | Grunver Sostenibilidad

Igorpenen murrizketei buruzko kalkuluak: Diana Ivanova et. al. (2020)

Janari ekoizpenaren aztarna: Poore, J., & Nemecek, T. (2018)