GAUR8 - mila leiho zabalik

Norberaren karbono aztarna murrizteko jarraibideak: 3. Etxean

Isuritako berotegi efektuko gasen %20 inguru sorrarazten ditu etxebizitza partikularren energia kontsumoak. Norberaren karbono aztarna murrizteko jarraibideen sail honi amaiera emateko, etxeko energia kontsumoan aplika ditzakegun neurriak aztertuko ditugu gaurkoan.


Planeta jasaten ari den klima krisialdiak ez du oporrik hartzen. 2016koaren eta 2019koaren atzetik, aurtengo uztaila izan da beroena erregistro fidagarriak hartzen hasi ginenetik. Ia bi hamarkada daramatzagu hilabete bakoitzeko batez besteko tenperaturak gainditzen, eta industria aroarekin alderatuta (1850-1900), gradu bat inguru beroagoa da planeta egun.

Horrez gain, Nazio Batuen Munduko Meteorologia Erakundeak (WMO) orain aste batzuk adierazi du Parisko Hitzarmenean ezarritako 1,5ºC-ko berotze muga hurrengo bost urteetan gainditu dezakegula. Horrek ez du zertan izan 2050erako finkatutako helburuaren porrota, hamarkada batzuk beharrezkoak baitira klimaren tendentzia orokorra aztertzeko. Nolanahi ere, berotegi efektuko gasak murrizteko esfortzuak areagotu behar ditugun adierazle esanguratsua izan daiteke.

Legegile eta enpresa handiek euren erantzukizuna onartu eta emisioak murrizteko asmo handiko planak aplikatzea itxaroten dugun bitartean, aurreko bi asteetan, kontsumitzaileon karbono aztarna mugatzeko jarraibide batzuk ikusi ditugu, norberaren garraio eta dieta ohiturei buruzkoak.

Parisko Hitzarmenak finkatutako helburua lortze aldera, bide onean ibiltzeko, %45 murriztu behar ditugu emisioak, Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldearen (IPCC) arabera. Hau da, urtero gutako bakoitzak isurtzen ditugun 7,4 tonetatik 3,33 ezabatu. Gaurkoan, etxeko energia kontsumoan aplika ditzakegun ekintza erraz bi aztertuko ditugu, ea guztion artean jomugara heltzea lortzen dugun.

Hona, bada, etxeko karbono aztarna murrizteko zenbait jarraibide.

1. Etxebizitza berotu eta hoztea

Europako etxeek kontsumitzen duten energiaren erdia baino gehiago klimatizazioan erabiltzen da (beroketa eta hozketa), normalean erregai fosilak (gas naturala) erreta eskuratzen dena. Garestiagoa izan arren, erradiadore elektrikoak erabiliz gero, karbono aztarna nabarmen murriztu daiteke. Horrez gain, aurrezpen esanguratsua lor daiteke etxean beste zenbait neurri hartuta: leku hotzenak identifikatu eta haietan isolamendua hobetzea, okupaziorik gabeko logeletako erradiadoreak ixtea, gelak hamar minutuz soilik aireztatzea, neguan tenperatura 21ºC-tan finkatzea eta udan, berriz, 26ºC-tik ez jaistea. Neurri horiek aplikatzen baditugu, urteko karbono aztarna 0,4 tona CO2 baliokide inguru murriztea lortu genezake.

2. Elektrizitatea

Sortzen den energia guztia sare berean txertatzen da, eta nahaste hori da etxeetara heltzen dena, hornidura eskariaren arabera. Ez da posible bereiztea jasotako elektrizitatea parke eoliko batean edo erregai fosilez elikatutako zentral batean sortu den. Hala eta guztiz ere, badago jatorri berriztagarria duen energia kontratatzeko aukera.

Elektrizitate berdea kontratatzeak esan nahi du Estatuko energia sektoreak zuk kontsumitzen duzun energia kantitatearen baliokidea era berriztagarrian sortzeko betebeharra duela. Hau da, energia horniduraren kontratuan guztiok exijituko bagenu jatorri garbiko energia eskuratzea, sortzen den energia guztia berriztagarria izan beharko litzateke une oro.

Egungo merkaturatzaile handi gehienek badituzte ezaugarri horiek betetzen dituzten tarifak, eta badaude %100ean jatorri berriztagarri ziurtatua eskaintzen duten enpresa eta kooperatiba txikiak. Aldaketak ez dakar prezio igoerarik, eta hornidura eskuratzeko segurtasuna elektrizitate sarearen araberakoa denez (eta ez merkaturatzailearena), ez dago argirik gabe geratzeko arrisku handiagorik.

Jatorri berriztagarriko energia hornidura kontratatzeak norberaren urteko karbono aztarna 1,6 tona CO2 baliokide inguru murriztu dezake.

Ondorioak

Asko dira norberaren karbono aztarna murriztea lortzen duten ekintzak. Gerta daiteke azken artikuluetan aipatutako batzuk aplikatzea gogorra izatea, baina zerrenda luze eta kuantifikatu bat izateak norberaren bizimodura hoberen egokitzen direnak konbinatzea ahalbidetzen digu.

Gai al zara 2030erako 3,33 tona CO2 baliokide murrizteko konpromisoa hartzeko?

Aurrezpenak (CO2 tona bal.-tan)

Urtero hegazkin bidaia bat ezabatzea: 0,6

Telelana: 0,4

Erosketak dendan jasotzea: 0,1

Auto elektriko/hibrido bat erabiltzea: 1,5

Dieta begano edo begetariano bat izatea: 0,9 eta 0,6

Astean behin haragi gorria oilasko edo txerriaz ordeztea: 0,5

Bertako eta sasoiko produktuak kontsumitzea: 0,6

Era efizientean kozinatzea: 0,5

Etxebizitza era arduratsuan berotu eta hoztea: 0,4

Jatorri berriztagarriko elektrizitatea kontratatzea: 1,6

Datuak:

Egilea: Unai Garcia | Grunver Sostenibilidad

Igorpenen murrizketei buruzko kalkuluak: Diana Ivanova et. al. (2020)