GAUR8 - mila leiho zabalik
IKUSMIRA

PULTSUA KALEAN ETA ATZERRIAN


Europako Batasunak (EB) eta Errusiak pultsua bota diote elkarri Bielorrusiako krisian. Abuztuaren 9ko hauteskundeen ostean –Aleksandr Lukaxenkok botoen %80 eskuratuta irabazi zituen– oposizioak iruzurra salatu zuen eta ordutik protestek ez dute etenik izan. Hasierako errepresioaren ondoren –torturak eta jipoiak salatu zituzten milaka atxilotuk–, Gobernuaren aldeko mobilizazio paraleloekin erantzun du Lukaxenkok. Kaleko pultsu horrek beste pultsu bat izan du Bielorrusiatik kanpo. Bozen aurretik Minsk Errusiatik urrundu bazen ere –Moskuri injerentzia ere leporatu zion–, Lukaxenkok aliatu ohiari laguntza eskatu behar izan dio beste behin kanpoko presioari aurre egiteko. Vladimir Putin Errusiako presidenteak berehala eskaini dio babesa, laguntza militarra barne. Aldi berean, EBk areagotu egin du Lukaxenkoren aurkako presioa. Zigor gehiagoren mehatxua bota eta oposizioaren aldeko apustua garbia egin du, mobilizazioak babestuz, hauteskundeetako emaitza baztertuz eta 53 milioi euroko babes ekonomikoa eskainiz protesten bultzatzaileei. Pablo Ruiz de Aretxabaleta