GAUR8 - mila leiho zabalik

Bilboko alondegiko sute ikaragarria


1919ko maiatzaren 21ean, goizeko lauretan, sute handia piztu zen Bilboko alondegian. Alkohol biltegi batzuetan hasi zen. Sutea itzaltzeko lanetan, suhiltzaileak iritsi arte, inguruko bizilagunek parte hartu zuten. "El Liberal" egunkariak lehen orrialdean jaso zuen gertaera, eta honela zioen: «Sute ikaragarria Alondegian». Malagatik ekarritako 200.000 litro olio eta ardo eta kontserba kantitate handiak erre zirela ere aipatzen zuen. Itzaltze lanetan Alejandro Aretxabala suhiltzailea hil eta beste bederatzi zauritu ziren. Hilaren 21eko gauean eraikinak sugarretan zirauen eta Errekalde Zumarkalera ematen zuen zatia erori egin zen. Ikusnahiak bertaratu zirela ere bazioen berriak: «Arratsaldean, gazte jostun asko alondegira joan ziren tailerreko lanak utzita». Pertsona askoren deiadarrak ere jaso zituen: «Hau zoritxarra! Bilboren hondamena da!». “La Gaceta del Norte” egunkariak «ikaragarrizko sutea» eta 30 milioi pezeta baino gehiagoren galera aipatzen zituen lehen orrialdean. “Nerbioi” arratsaldeko egunkariak «Udal alondegiaren sute izugarria eta suntsiketa» izenburua jarri zuen, eta zenbait argazki argitaratu. Autore ezezaguneko irudian, suhiltzaileak sutea itzaltzen ageri dira, eta jende asko tragediari begira. Argazkia Fernandez del Campo kaleko eraikin batetik egina da, etxadiaren erdialdetik. Errekalde Zumarkaleko izkinako alondegiaren fatxada xehetasun gehienekin ikusten da, baina ez osorik. Eskuinaldean orube huts bat dago, agertzen den eskola eraikinaren aurrean. Eraikin horrek oraindik badirau, pixka bat aldatuta; 1933an Rag Garajea eraiki zuten bertan, 2011n eraitsitako obra arrazionalista nabarmena.