GAUR8 - mila leiho zabalik

«Neureak»


Ordurako burua nahasita omen zuen. Ekitaldi bat zegoen Gasteizko Foru Plazan. Bero sapa. «Ama, hemen geratuko gara, gerizpean». Amak ezetz eta ezetz, «nik behera nahi dut». «Baina nola ipiniko zara eguzkitan!». «Behera eramateko esan dizuet!». Tira, behera. Urtu egingo zela pentsatu genuen amaren gurpil-aulkia behe alderako bidean aurrera generamala, eta amak, nahi zuen lekura iristean lasaiago: «Nik neureekin nahi dut». Orduan ikusi genituen presoen senideak. Burua nahasita...?

Ez dut gure amaren hagiografiarik idazteko asmorik. Besteak beste, egunotan, joan den zapatuan hil zenetik, jende askok, batez ere bere jendeak, ezagutzen duela egiaztatu dudalako, eta ezagutzen duen jendeari ez diot zertan esanik nolakoa zen. Ez nator, ez, amaren gainean hitz egitera, haren eta gure ondoan izan zareten guztioi esker ona adieraztera baizik.

Egunkari honetako lankideengandik hasita, amaren eta gure lagun, ezagun eta ezezagun askok haren azken agurrean bertatik bertara egoterik izan ez bazenuten ere, hantxe izan zineten, zinez.

Domekan, beilatokira iritsi ginenean, zain genituen amaren zerraldoaren gainean Etxerateko lagunen kinkea, hainbeste urtean amaren sama babestu duen lepo-zapia eta lore sorta ederra. «Bereak» hantxe zineten, hantxe zinetenez. Eskerrik asko bihotzetik. Eta eskerrik asko zuen eta gure lagun Felix Placerri, ama joan aurretik eta joandakoan ere berarekin, gurekin izan delako. Eskerrik asko denoi «bereak», gureak izateagatik.

Lagun fisikari bati galdetu behar diot nola litekeen gorputz txiki batek horren hutsune handia utzi izana. •