GAUR8 - mila leiho zabalik

Auzo legea


Egunotan film bat grabatzen ari dira Arrasaten eta inguruko herrietan. Aspalditik Madrilen bizi, ikasi eta lan egiten duen arrasatear batek kutsu autobiografikoa izango duen kontakizuna zinematara eraman nahi du. Bere haurtzaro eta nerabezaroan bizi izandako Arrasate, 80ko hamarkadakoa, gogora ekarri nahi du bera izan zenaren pareko ume batzuen ikuspuntutik.

Etorkinen semea da zuzendaria, Gerrak berak eta horren osteko pobreziak eta bidegabekeriek halabeharrez mugiarazitako familia batekoa. 60ko eta 70eko hamarkadetako jende askoren Euskal Herrira etorrerak badu Francoren establishment-aren estrategiatik, baina baita zapalkuntzatik, bidegabekeriatik, miseriatik eta irabazle vs galtzaile dikotomiatik ere. Garai hartan, gainera, Euskal Herria ari zen bizi izandako zapalkuntza itzeletik burua altxatu guran eta, askatasun egarriak, amorruak eta ezintasunak biderkatuta, herritarren jarrera muturrekoa zen zentzu askotan. Horrekin topo egin zuten hainbat eta hainbat etorkinek; kezka iturri izan zuten batzuek, beste alde batera begiratu zuten beste batzuek eta egoera ulertu eta bat egin zuten zenbaitzuek. Ez zen inorentzat erraza, jakina. Era berean, establishment-aren estrategiak, ezjakintasunak eta beldurrak nahastutako koktelaren ondorioz, etorkin horietako askok ere “bertakoen” aldetik bazterkeria bizi izan zuten, gerora beste komunitate batzuek bizi duten arrazakeria hain zuzen ere.

Aberastasun handia duen herria da gurea eta hala ulertu zuten esku hutsik lana gogor egitera prest etorri ziren hainbatek eta hainbatek. Lana gogor egin zuten eta askok eta askok aurrera egin zuten. Tamalez, gero, 80ko hamarkadan krisi itzela etorri zen eta hark ez zion inori abizenik ezta jatorririk ere eskatu. Langabeziak gogor kolpatu gintuen eta hainbat eta hainbat gazte kalera bota zituen egoerak.

Ustezko trantsizioa, askatasun sozial eta politiko egarria, borroka politikoa, establishment-aren aldetik errepresio polizial latza, gazteria ahultzeko drogaren zabaltze izugarria… Horrekin guztiarekin bizi beharra zegoen; guztia batera, eta guztia bor-bor.

Hori guztia bizi izan zuen erdi-erdian film honen zuzendari Manuk, eta antza lanak kutsu autobiografiko handia dauka. Ez dakit nola kontatuko duen; izan ere, urte asko daramatza Madrilen zinema munduan lanean eta gehienetan Madriletik ez da Euskal Herria eta hemen bizi (izan) duguna modu orekatuan ikusten. Interes handia egon da eta dago horretan. Baina Manu auzokoa nuen, Ferixalekukoa, eta, garaiko beste hainbat auzotan moduan, bertan ere garai hartan umeok kalean hezten ginen, kalea zen gure ikaslekua. Auzoko jokoek eta, nola ez, futbolak batzen gintuen arratsaldeetan zein udako egun luzeetan. Batzuek garaian hain ohikoa zen “maketo” distantzia apurtezin hori gainditu genuen, nahiz eta hasieran kosta egin. Nahasten ginen eta elkar ulertzen saiatzen ginen.

Gerora, ikastetxe baten jabetza eta erabilera jokoan zegoela ikastolak eskola publikoaren eraikina hartu zuenean izugarrizko iskanbila piztu zen, eta, eskola publikoko ikasleek, sututa, ikastolakoak egurtu zituzten, baina gutako batzuei ez ziguten eraso. Auzo legea.

Aurrekoan ikusi nuen Manu errodajean buru-belarri zegoela, agurtu genuen elkar ia 30 urte pasata, eta, esan ez banion ere, pentsatu nuen Madrilgo korronteetatik eta sentsazionalismotik aldenduta bere gaztaroko kontakizuna elkarbizitzaren eta elkar ulertzearen aldekoa izatea nahiko nukeela. Ea hala den! •