SEP. 26 2020 «Appeta» eta «desiria» Itziar Elizondo Harremanak Hezkuntza Elkarteko kidea Aldaketa garaia bizi dugu, zalantzarik gabe. Hiriak, kasurako, hasiak dira mudantza horren ispilu izaten. Ez dago kalean barrena joatea baino zenbat lokal hutsik gelditu diren ikusteko. Garai bateko azken espezimenak bailiran, alokatzeko edota saltzeko kartel bizi-biziek gainbeheraren garrasi tristeak dirudite. Espazio huts horiek zenbait ohituraren hustuketa islatzen dute. Dendetan kontsumitu beharrean appeta-k menderatu gaitu –mugikorrarekin erosi ez dakit nori, ez dakit non eta zer-nolako kondiziotan ekoiztuta– behar edo nahi duzun oro pagotxa bat delakoan. Horrek, beste hainbat gauzatan bezala, tximeletaren efektua eragin du, gure ekintzek, txikienek ere, ondorioak dituztelako. Eta egunero “mamu-denda” horiek ikusten ditugun arren ez dugu funtsezkoa ikusi nahi: gure egungo appeta-k epe ertain edo luzera desiria ekarriko du, gure hirien deserria. Kaleak, plazak, kantoiak ere hustuko dira –bizitza soziala garatu den espazio publikoa–, hiriak “mamu-hiri” bilakatuz. Jatorrian zibilizazioaren espazioa dugu hiria, merkantziak, istorioak, bizipenak trukatzeko eremu eta kulturen bidegurutze. Askotarikoak izan dira hiri ereduak lehena sortu zutenetik Sumerren. Baina ordutik hona badute amankomunean ezaugarri bat, preseski bertan pertsonen arteko harremanak txirikordatu direla etengabe, horien bitartez bizitza-hari berriak sortuz, izan hari kulturalak, sentimentalak, produktiboak, komertzialak, dena delakoak. Konplexutasun dinamiko horretan, hain zuzen ere, ehundu dira komunitateak eta kulturak. Orain, aldiz, desiria-ren hastapenetan lokal huts horiek gu geu gara, hautsez beteriko bakardade etxekotuak. Appeta-ren mendean espazio publikoan ditugun harremanak gero eta eskasagoak izango dira, gure bizitza fisikoan gero eta jende gutxiago ikusiko dugu, kisketarekin itxi duten dendetan gertatu den bezala. Izan ere, appeta-ri engantxatuak besteekin ezer gutxi partekatzen dugu jada –berdin dio pertsona ezagunak edo ezezagunak diren–, ez bada elkarri argazki zoragarriak bidaltzearen eskaparatismo faltsu eta perfektua. Eta hortik tiraka, hiri turistifikatu batean bizi zarenez distopiaren alarma guztiak piztu zaizkizu. Amesgaizto horretan taberna pare bat eta osasun zerbitzu pribatizatu asko ikusi dituzu kaleetan. Hiri zaharkituaren biztanleak lasai doaz bere gurpil aulkietan dentistarenera, fisioarenera, zaintzaileek lagunduta. Gazteak, aldiz, ez daude etorkizuneko agertoki horretan, aspaldi alde egin behar izan zutelako etxebizitzaren espekulazioaren ondorioz. Dronak ziztu bizian doaz mandatuak eramaten toki batetik bestera. Gainerakoan turista maskaradunak biziraun duten tabernetan sartzen dira, argiztapenaren eta jakien distirek erakarrita. Nonbait aro pandemikoaren hasieran geldialdi bat gertatu zen turistekin, baina epidemiak normalizatu ahala, bata bestearen atzetik, itzuli dira berriro. Hala ere, gutxi dira, aberatsak bakarrik bidaiatzen baitira aro berrian. Pintxoaren Munduko Hiriburuak jarraitzen du ederra izaten, nahiz eta garai batean jendeak ematen zion zapore berezi hura galdu duen. •